Kabiliako Autodeterminazioaren aldeko Mugimenduak (MAK) lurraldearen independentzia aldarrikatu zuen sinbolikoki Pariseko hotel batean, duela hilabete pasatxo. Aljeriako ipar-ekialde menditsuan kokatua, amazigh leinuko herritarrak dira gehiengoa Kabilian. Urteetan jazarriak, euren borroka, kultura edota hizkuntzaren ingurukoek Europako hedabideen arreta piztu dute. Baita kabildar identitatearen ikur bihurtu den JSK futbol taldearen historiak ere. 2024ko maiatzaren 28an, Christophe Gleizes kirol kazetari frantziarra klub horren entrenamendu-saioa ikusten ari zen, Aljeriako poliziak atxilotu zuenean. Espetxean da ordutik.
Bolada txarrean da Jeunesse Sportive Kabylie (JSK) futbol taldea. Badira hemezortzi urte Aljeriako Liga irabazten ez duela, eta aspaldian galdua du garai bateko distira. 1973an irabazi zuen liga aurrenekoz, eta 1990era bitartean beste bederatzi bider izan zen nagusi. Ostean lortuko zituen bost trofeo gehiago, liga gehien irabazi duen taldea bihurtzeraino, baina zerikusirik ez 1980ko hamarkadan bizi izan zuen urrezko aroarekin. Orduko hartan Afrikako Txapeldunen Liga bi ere poltsikoratu zituen. Egiari zor, 1981eko finalera heldu zen al-Ahly talde egipziarrak txapelketa utzi zuelako, armadako ofizial batek gidatutako atentatuan Answar Sadat presidentea Kairon eraila izan eta gero. Israelekin izenpetutako Camp Davideko Hitzarmenengatik egin zioten eraso Egiptoko presidenteari. Hori, baina, beste historia bat da.
2024ko maiatzaren 28an Kabiliako Tizi Ouzou hirian zegoen Christophe Gleizes, So Foot kirol aldizkariko kazetari frantziarra, JSK taldearen ibilbideaz erreportajea osatzeko asmotan. Informazio gehiago bildu nahi zuela-eta entrenamendu-saioa ikustera joan zen, baina atzetik zeuzkan poliziek atzeman eta atxilo hartu zuten. Aljeriar auzitegiek zazpi urteko espetxe zigorra ezarri diote, "terrorismoa goratu eta nazioaren intereserako kaltegarria den propaganda haizatzeagatik".
MAK Kabiliako Autodeterminazioaren aldeko Mugimenduak, Aljeriak erakunde “terrorista” izendatua, lurraldearen independentzia lortzea du helburu
Gleizes ez zen lanerako bisarekin sartu Aljerian, turista moduan baizik. Haren abokatuak dio freelance kazetarien artean ohikoa dela hori, Poliziaren kontrolari iskin egin nahi badiote. Deskubrituz gero isuna ordaintzera behartuak edota herrialdetik kanporatuak izan daitezke, baina bezero duenarekin neurri gogorragoak hartu dituzte aljeriar agintariek. Gleizes aurrez ere egona zen Tizi Ouzou hirian, JSK taldeko Albert Ebossé futbolari kamerundarraren heriotzaz erreportajea idazteko, bertsio kontrajarriak baitziren gertatutakoaz. Iturri ofizialen arabera, klubeko zaleek jaurtitako harrikada batek buruan jota hil zen Ebossé 2015ean, baina haren aitak dio zenbait lagunek semea inguratu eta akabatu arte kolpatu zutela, eta forentsearen txostenak ere futbolariaren gorpuak borroka zantzuak zeuzkala ondorioztatu zuen. Kontua da, epaileek ebatzi dutenez, orduko hartan eta geroago ere bai MAK mugimendu “terroristako” kideekin edo haiekin lotura daukaten pertsonekin hitz egin zuela Gleizesek, eta errudun dela horregatik.
2001ean sortu zen MAK, herritarrak Aljeriako Gobernuaren kontra altxa zirenean, Kabiliako udaberri beltza deitutakoan. Autonomiaren aldeko mugimendua zena, autodeterminazioaren aldekoa bihurtu zen gero, independentzia lortzea xede. 2016an Kabiliako behin-behineko Gobernuarekin bat egin eta MAK-ANAVAD erakundea osatu zuten exilioan, Ferhat Mehenni buru. Musikari ezaguna da Mehenni, kabiliar musika tradizionalaren ordezkari nagusietakoa, eta haren kantak jazarriak izan dira denbora luzean.
MAK-ANAVAD mugimenduak Kabiliaren independentzia aldarrikatu zuen egunean, pasa den abenduaren 14an, Parisko Les Salons Hoche hotelean ziren, beste hainbat ordezkariren artean, Mehenni bera eta haren eskuineko eskua, Aksel Bellabbaci, erakundeko kirol idazkari ohia. Aurrerago hitz egingo dugu bi gizon horien inguruan, duela hamar bat urte orpoz orpo egin baitzuten lan Kabiliako futbol selekzioa sortzeko. Exilioan bizi dira, Frantzian; 2021ean Aljeriak “erakunde terroristatzat” jo ondotik MAK-eko militante gehiagok hartuko zuen bide bera. Euren arteko xake partidan herrialde biek zein mugimendu diplomatiko egingo dituzten ez dakigu, baina oraingoz behintzat iheslariekin abegikor antzean agertu da Frantzia, eta Aljeriak eskatu duen bakoitzean Bellabbaci extraditatzeko, beste hainbatetan egin dio uko Parisek, iazko maiatzaren 14an azkenekoz. Aljeria eta Frantziaren arteko harremana Mendebaldeko Sahararen aferak gaiztotu du azken hilabeteotan, Emmanuel Macronek lurralde horren gaineko Marokoren subiranotasuna aitortu eta gero.
Ez dirudi, praktikan bederen, independentzia aldarrikapenak ondoriorik izango duenik, baina Kabiliako behin-behineko Gobernuak enbidoa jo du, nazioarteko komunitatea interpelatuta.
Albisteak espetxean harrapatu du Gleizes, zeinak, besteak beste, plazaratu duen Magique système: l’esclavage moderne des footballeurs africains (“Sistema miragarria: futbolari afrikarren esklabutza modernoa”) liburua, Barthélémy Gaillard-ekin batera. Europan jokatzeagatik edozer egiteko gai diren futbolari afrikar gazteen inguruko ikerketa-lana da, kirol agente faltsuen jarduna, Europako klub handien konplizitatea eta futbol erakunde gorenen laxokeria jo-puntuan dituena.
So Foot aldizkariko kazetari frantziarrak zazpi urte eman beharko ditu espetxean, baldin eta Aljeriako presidente Abdelmadjid Tebbounek indultatzen ez badu, Boualem Sansal idazle franko-aljeriarrarekin egin zuen moduan. Alemaniak eskatuta lortu zuen indultoa Sansalek, Frantzia ari da orain kazetaria libre uzteko ahaleginean. Aipatu xake partidan fitxak nola mugituko diren, horrek baldintzatuko du hein batean kazetariaren patua. Bada, hala ere, kontuan hartu beharreko beste osagai bat. Munduko Futbol Txapelketa jokatuko da aurtengo udan, Aljeriako selekzioa sailkaturik dago, eta ez dirudi Gleizes kartzelan mantentzea ideiarik onena denik munduaren aurrean agertzeko.
Argentina, Jordania eta Austria izango ditu aurkari gizonezkoen Aljeriako selekzioak, Munduko Txapelketako lehenbiziko fasean. Eta haren golak ospatuko dituzte herrialde osoan, baita Kabilian ere, nahiz eta beste zonalde batzuetan baino etxafuego gutxiago jaurtiko den. Futbolak balio duelako, balio behar duelako, herritarrak batzeko, eta ez banatzeko. Hala erakutsi digute guri ere bai, ez daukagula zertan mindu Espainiak edo Frantziak irabazten dutenean, irekiagoak izan behar dugula, listoagoak, alaiagoak eta guapoagoak. Euskal selekzioarekin alderatuta, ordea, Kabiliako taldearen egoera nabarmen hauskorragoa da. MAK mugimenduari lotua, entrenatzaile eta futbolariak Parisen exiliaturik bizi dira, aljeriar poliziaren mehatxupean uneoro, ez haiek soilik, baita sorterrian bizi diren senideak ere, irakurri daitekeen moduan Le Equipe egunkariak plazaratutako Kabylie: football, (in)dépendance ("Kabilia: futbola, (in)dependentzia") erreportajean, Scienses Po institutuko Kazetaritza Eskolak sinatua.
Kabiliako Autodeterminazioaren aldeko Mugimendua 2014an hasi zen selekzioari forma ematen, eta hiru urte geroago Ferhat Mehennik eta Aksel Bellabacik erabaki zuten Kabiliak ConIFA futbol federazioan sartu behar zuela, FIFAk aitortzen ez dituen nazio, estatu eta eskualdeek osatzen duten heinean. Zirt-zart, 2018an Munduko ConIFA Txapelketan parte hartu ahal izan zuen Kabiliako taldeak, Ingalaterran. Ass n Tlelli, MAK-ek nazioaren ereserki bihurtzeko proposatutako kanta, lehenbizikoz entzun zen futbol estadio batean, Slough udalerriko Arbour Park-en. Aurreneko partidan Kabiliak 0-8 galdu zuen Panjabeko selekzioaren kontra, Britainia Handian bizi den Punjab (Hegoaldeko Asiako lurralde historikoa) diasporak bultzatua. Garaipen baten modukoa izan zen, ordea.
Selekzioa beharturik dago Parisen finkaturik jarraitzea, eta horrek zaildu egiten du Kabiliako herritarren artean taldearekiko lotura sendotzea
Lau dira ConIFA-ko kide diren afrikar selekzioak: Biafra, Katanga, Joruba eta Kabilia, Aljeriak jarritako oztopoak oztopo –2018ko txapelketa baino lehen Bellabbaci bera, taldeko entrenatzailea ere bazena, bederatzi orduz galdekatu zuten polizia-etxe batean– eta taxuzko taldea osatzeko zailtasunak zailtasun –jokalari batzuk Aljerian erretenitu zituzten, eta haien senideak mehatxatu–. Europarrak dira selekzio gehienak –euskal selekzioak ez du erakundean sartzeko eskaerarik egin–, hamazazpi orotara, tartean Abjazia, Kornualles, Okzitania, Laponia, Hego Osetia, Padania eta Groenlandia. Bai, Trumpek bere egin nahi duen herrialdeak ere badauka futbol selekzio propioa, zeinak CONCACAF Ipar Amerikako, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Futbol Erakundeen Konfederazioko kide izateko eskaera egin duen hainbat bider, UEFAren eta FIFAren ezezkoen aurrean. Jai dute gizon laranjak berehalakoan onartuko duela uste badute, baina hori ere beste historia bat da.
FIFAk bezala, erakunde “apolitikoa” izan nahi du ConIFA-k. Futbola eta politika nekez bereizi daitezke, ordea, are gehiago selekzioez ari garenean.
2009ko azaroan Parisen zegoen Mehenni, Aljeria 2010eko Munduko Txapelketarako sailkatuko zuen futbol partida telebistaz ikusten: “Orduan erabaki nuen Kabiliako selekzio nazionala sortu behar genuela”, dio: “Kabildarrek euren koloreekin hunkitzea nahi nuen, ez, ordea, sufritzen duten dominazio eta kolonizazioaren koloreekin”. Egun hartan hasi zen gorpuzten “askapen nazionalerako taldea”, MAK-eko buruaren hitzetan.
Selekzioa, baina, beharturik dago Parisen finkaturik jarraitzea, eta horrek zaildu egiten du Kabiliako herritarren artean taldearekiko lotura sendotzea. “Selekzioak ez du legitimitaterik, ez etxean ezta nazioartean ere, jokoz kanpo dago”, dio Kamel Chachouak, CNRS institutuko antropologo eta soziologoak. Haren hitzetan kabildarrek “pasiboki” soilik defenda dezakete taldea, “elkartasunez”, eta horrela zaila da euren nortasunaren ikur bihurtzea.
Gainera, bada kabildarrak ordezkatzen dituen futbol talde bat, selekzioaren parekoa ia, ofizialki lehia daitekeena kluben arteko nazioarteko txapelketetan: JSK bera. “1970az geroztik, bereber bandera eta hizkuntza debekatuak izan zirenean, Tizi Ouzouko estadioa bihurtu zen kabildar kulturaren erakusleiho; kabildarren identitatea, hizkuntza... JSK klubak ordezkatzen ditu”, dio 1980ko hamarkada loriatsuan taldean aritutako Abdelhamid Sadmik. Bellabbacik, baina, argi du selekzioak ere nor izan behar duela: “JSKren ahizpa sortu dugu; hark lurralde barruan defendatzen du kabildarren kausa, eta guk kanpoan, ezin gara-eta han sartu”.
Kabilian bada futbol talde gehiago, JSM Béjaïa eta MO Béjaïa adibidez, baina maila apalagoetan ari dira. JSK da ezbairik gabe zale gehien erakartzen duena. 1946an sortua, haren armarrian JSK hizkiak ageri dira tifinagh alfabetoan idatzita, eta amazigh banderako yaz edo ezza hizkia ere agertzen da, Hocine-Aït-Ahmed estadioko Zona Amazigh harmailan biltzen diren ultrek harro erakusten dutena.
2016az geroztik da ofiziala tamazight hizkuntza Aljerian. Zenbat lagunek hitz egiten duten, ordea, ez dago ziur jakiterik, amazigh populazioaren gaineko estatistikarik ez duelako publikatzen Aljeriako Gobernuak. IWGIA indigenen aferetarako nazioarteko lantaldeak 2025ean plazaratutako txostenaren arabera, hamabi milioi lagunek hitz egiten du tamazight edo amazigera, herrialdeko biztanle guztien laurdenak-edo.
Amazigh leinuko herritarrak Aljeriako bost eremutan bizi dira nagusiki, gehienak –%50 inguru– Kabilian. “Garrantzitsua da aipatzea Aljer, Oran eta Konstantina bezalako hiri handietan, beste hainbatetan bezala, historikoki eta kulturalki amazighak diren milaka pertsona bizi direla”, irakur daiteke aipatu lantaldearen txostenean, “baina urteen poderioz arabiartu egin dira neurri batean, apurkako akulturizazio eta asimilazio prozesuaren aurrean amore emanda”. Gol.