Immigrazioaren 22 mito: gezurrak eta egiak

  • Hein de Haas Herbeheretako ikerlariaren How Migration Really Works (Migrazioak benetan nola funtzionatzen duen) / Los mitos de la inmigración. 22 falsos mantras sobre el tema que más nos divide bertsioa erabili dugu lan honetarako. LARRUN honetan irakurleak ez du topatuko liburuak eskaintzen duen informazio uholdearen (500 orrialde) printza ñimiño bat baino. Egingo du topo, ordea, gure gizarteek immigrazioaren fenomenoari begiratzen dioten moduarekin, eraikitako ikuspegi oker eta interesatuekin, eta horiek deseraikitzeko ikuspegi eta argudioekin.

    Modu orokor batean begiratuta, gaiak dituen printza nagusien erakusle da liburua. Mezu nagusietakoa da gainditu behar dela immigrazioaren alde/kontra diskurtsoa, immigrazioa mundu modernoaren fenomeno ekonomiko, soziala eta kulturala delako, ikertu eta ulertu beharrekoa, ondoren beharrezko neurriak hobeto hartzeko. Ezin da kontrolatu immigrazioa nahieran, beraz, uler ditzagun bere egungo joerak eta ezaugarriak, eta hori onuragarria izango da guztiontzat, bai jatorrizko herrialdeentzat, bai harrerakoentzat.

    Liburuak badu deserosotasun ukiturik hainbatetan, besteak beste, sustraituak ditugun hainbat ikuspegi zalantzan jartzen dizkigulako; izatekotan, alabaina, deserosotasun horretatik sortuko dira hausnarketa eta jokamolde berriak. Eta gainera, immigrazioaren gaia ezinbestean lotu behar dugu gizarteko gainerako gai garrantzitsuekin, Hein de Haasek dioskun moduan, azken finean: “Migrazioari buruzko egiazko edozein eztabaida, bizi nahi dugun gizarte horri buruzko eztabaida izango da”. Azken ohar bat: datozen orrialdeak lasai asko irakur daitezke mokoka, bakoitzari gehien interesatzen zaion atalaren arabera.


2026ko urtarrilaren 21ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1. MITOA:

Migrazioa bere gorenean dago
Behin eta berriro entzuten dugu munduak inoizko emigrazio handienak bizi dituela. Muturreko pobreziak, gerrek, zapalkuntzak edota klima aldaketak eragindako migrazioak dira, eta horien ondorioz, herritarrek gero eta gehiago jotzen dute atzerriko herrialde oparoagoetara. Horrek migrazio krisi larria eragin du, bereziki Hegotik Iparrera. ACNUR NBEko Errefuxiatuen Agentziaren gisako erakundeek ere kontakizun hori gizentzen dute eskaintzen dituzten datuekin. Erakunde horrek 2022an zabaldutako datuen arabera, “urte horretako 100 milioi pertsona desplazatuekin, migrazioak muga dramatikora iritsi dira, duela hamarkada bat inork gutxik espero zuena”. 

Mitoa desegiten
Gaur egungo nazioarte mailako migrazioak ez dira oso handiak eta ez doaz goraka. Gutxi gorabehera, 1960tik eta 2017ra arte munduko populazioaren %3 mugitzen ari da nazioarte mailan. Epe motzean emandako migrazioek bai egin dute gora, tarte horretan hirukoiztu egin dira, baina mugimendu horien gehiengo handia landa guneetatik hirietara egindakoa da. Herrialde aberatsenetan lehenago gertatu da mugimendu hori eta orain herrialde pobretuetan gertatzen ari da. Hau da, populazioaren %17 mugitu zen munduan 2020an, baina %13, herrialde mailan eta %3,3 herrialdeen artean; euren herrialdetik ateratzen den gehiengoa inguruko herrialdeetara doa.

Egungo migrazio mugimenduak perspektiban jartzeko datu pare bat: 1846 eta 1940 artean Europako 150 milioi herritarrek kontinentea aldatu zuten, 1900. urteko datuetan, populazioaren %9 zen hori. Badirudi migrazio handieneko garaia XIX. mende bukaera eta XX.aren hasierakoa izan zela, orduan gertatu zen migrazio transatlantikoaren une gorena, eta dozenaka milioi europar atera ziren Ameriketara. Kopuruez gain, zein izan da aldaketarik handiena sasoi hartatik gaur egunera? Europako Mendebaldea migratzaileak igortzetik jasotzera igaro dela. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Europan sortutako ongizate estatuaren ondorioz, bertako herritarrek ez zuten ateratzeko beharrik izan eta, aldiz, atzerriko asko etortzen hasi ziren. Ez da egia nazioarteko migrazioek gorako joera dutela eta, izatekotan, alderantzizkoa izan daiteke, mundu mailan mugikortasunak jaisteko joera duelako.

Migratzaileak Melillako (Maroko) hesia pasatzeko ahaleginean. (Argazkia: Domeinu publikoa)

2. MITOA:

Mugak deskontrolatuta daude
Emigrazioa gorakada handia izaten ari da eta mugak deskontrolatuta daude. Migratzaileak desesperatuta daude. Immigrazio trafikatzaileak ere etorkinen egoera larria baliatzen ari dira mugak legez kanpo zeharkatzeko. Hedabideetatik jasotzen dugunak ere ikuspegi hori elikatzen du: “immigrazio masiboa”, “exodoa”, “inbasioa”. Egoera horiek ez dira konponduko jatorrizko herrialdeetako pobrezia eta gatazkak konpontzen ez badira, bestela Hegotik Iparrerako immigrazioak handitzen jarraituko du, eta bereziki legez kanpokoak.

Mitoa desegiten
Azken hamarkadetan Europako eta Ipar Amerikako herrialdeetan immigrazioa handitu egin da, eta herrialde horiek batez ere europarrak ez diren pertsonak jasotzen dituzte. Alabaina, herritarren gehiengoak uste duenaren aurka, Hegotik Iparrera doazen immigrante horien gehiengo oso handia legez iristen da herrialde hartzaileetara, pasaportea eta bisa eskuan. Datuen arabera, azken hamarkadetan legez kanpoko immigrazioa askoz handiagoa da AEBetan Europan baino. AEBetan, 1990 eta 2020 artean hegoaldeko mugan batez beste milioitik gora atxiloketa izan ziren urtean, sartu izan ziren 4,7 milioi pertsonaren ia laurdena (%23).

Europan kopuruak askoz txikiagoak dira: 1997tik 2020ra Italia, Espainia eta Maltara 64.600 pertsona sartu ziren Mediterraneoa legez kanpo gurutzatuta, eta tarte horretan EBtik kanpoko bi milioi immigrante iritsi ziren legez; hau da, legez kanpo sartutakoak %3-3,5 dira, AEBetan baino askoz gutxiago.

Legez sartzen diren pertsona horietako kopuru handi bat, halaber, harrerako gobernuek bultzatutako immigrazio politiken ondorioz dator: nagusiki nekazaritzan, meatzaritzan, osasungintzan, etxeko lanetan eta ostalaritzan lan egitera. Beraz, batetik, bada erretorika gogor bat immigratzaileen aurka, baina, bestetik, gobernuek neurri handi batean ezikusiarena egiten dute legez kanpoko migrazioaren aurrean, eskulanaren beharrean direlako. Funtsean, lan merkatuek eskatzen dituzte legezko kanaletatik sartzen diren immigratzaileak baino kopuru handiagoak, eta orduan, sistemak berak bultzatzen ditu pertsona asko legez kanpo sartzera, eskulan eskaria dagoen bitartean immigrazioak sarrera moduak bilatzen dituelako.

Liburu honen laburpena da irakurleak orrialdeotan topatuko duena.

3. MITOA: 
Errefuxiatuen krisiari aurre egin beharrean da mundua
Gerra eta gatazka gero eta gehiago dago eta, horren ondorioz, aurrekari gabeko errefuxiatu uholdeari egin behar dio aurre gure munduak. Errefuxiatuak hartzeari buruzko debateak 2015ean jo zuen goia, milioi bat errefuxiatu siriarrek Europara jo zuenean babes eske. Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerika herrialdeetatik, Mexiko gurutzatuta biolentziatik ihesi doaz milaka lagun AEBetara. Eta Europan, 2022ko martxotik milioika ukrainar errefuxiatuk ihes egin zuen ondoko herrialdeetara eta Europako mendebaldera.

Errefuxiatuei harrera egiteko sistema NBEko Errefuxiatuen Estatutuko Hitzarmena da, Bigarren Mundu Gerrak sortutako errefuxiatu olatuei aurre egiteko eraiki zena. Aspalditik, baina, Mendebaldeko agintarien ustez sistema hori zaharkitua dago eta berritu behar da, Mendebaldeko herrialdeetan euren burua errefuxiatu gisa aurkezten duten asko ez direlako egiazki errefuxiatuak, migratzaile ekonomikoak baizik. Frantziako lehen ministro Michel Rocard-en 1989ko esaldi hau oso ezaguna egin zen: “Frantziak ezin dio harrera egin munduko miseria guztiari”.

Eta asilo eskaeretan iruzurra dagoenez, estatuek erantzun behar diote horri moduren batean. Erantzun horren aitzindaria izan zen Australiako ministro laborista Kevin Rudd, 2013an Ozeano Bareko Manus eta Nauru irletara bidali zituen babes eske ari ziren errefuxiatuak, euren eskaerak aztertu arte han gera zitezen. Geroago, Greziak antzera egin zuen errefuxiatuak Lesbos moduko uharteetan bilduta. Donald Trump AEBetako lehendakariak “Gelditu zaitez Mexikon” kanpaina abiarazi zuen, asilo eskatzailea Mexikon itxarotera behartzen duena bere eskaera erabaki arte. Eta berrikiago, Danimarkak eta Erresuma Batuak Ruandara bidali nahi izan dituzte asilo eskatzaileak.

"Gaur egungo nazioarte mailako migrazioak ez dira oso handiak eta ez doaz goraka. Gutxi gorabehera, 1960tik eta 2017ra arte munduko populazioaren %3 mugitzen ari da nazioarte mailan"

Mitoa desegiten
Egiazki, immigrazio molde hau hedabideek eta gobernuak iradokitzen dutena baino txikiagoa da: 1950eko hamarkadatik gaurdaino errefuxiatu kopurua munduko populazioaren %0,1 eta %0,35 artekoa izan da. Errefuxiatuena populazio migratzailearen zati bat besterik ez da: 1985etik eta 2021era munduko errefuxiatuen kopurua 9 eta 21 milioi artean mugitu zen. 1990ean munduko errefuxiatu kopuruak azkar egin zuen gora 16 milioi arte. Somalia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda, Burundi eta Jugoslavia ohiko gerra izan ziren horren arrazoi nagusia, baina 1993tik aurrera jaitsiera handia hasi zen eta 2000. urtean kopuru hori 9 milioira jaitsi zen. Eta berriz egin zuten gora 2005etik aurrera, besteak beste, lehentxeago AEBek Irak eta Afganistan inbaditu zituztelako eta gatazka horiek luzatzen ari zirelako.

Edozein modutan, errefuxiatuen egiazko krisiak batez ere gertatzen dira errefuxiatuak sortzen dituzten erregioetan. ACNUR NBEko Errefuxiatuen Agentziako datuen arabera, 2017an errefuxiatuen %80 bere sorterriaren inguruko herrialderen batean geratu zen eta mundu guztiko errefuxiatuen %85 garapenean dagoen herrialderen batean zegoen. Turkiak, adibidez, 2018an 3,6 milioi errefuxiatu jaso zituen, bere biztanleriaren %4,4. Libanok sei milioi biztanle zituen urte berean eta ia milioi bat errefuxiatu siriar jaso zituen. Urte horretan bertan Alemanian 532.000 siriar bizi ziren, 15.800 Frantzian eta 9.700 Erresuma Batuan. Funtsean, XX. mendeko lehen erdialdean askoz errefuxiatu gehiago egon ziren bigarren erdialdean eta egun baino, nagusiki mundu mailan askoz garai gatazkatsuagoa izan zelako.

AEBek Mexikoko mugan eraikitako hesiaren zati bat. (Argazkia: AEBetako Gobernua)

4. MITOA: 
Gure gizarteak inoiz baino askotarikoagoak dira
Immigrazioaren ondorioz, gure Mendebaldeko gizarteak inoiz baino askotarikoagoak dira, etniari, kulturari edota erlijioari dagokionez. Ikuspegi liberalak berrikuntza eta berriztatze kulturalarekin lotzen du pluraltasun hori; eta kontserbadoreentzat, aldiz, harrerako herrialdeen kohesio sozialarekiko eta osotasun kulturalarekiko mehatxagarria da. Mendebaldeko Europan, adibidez, arazo gisa ikusten dira Pakistan, Bangladesh, Turkia eta Marokotik datozen immigrante taldeen integrazio zailtasunak. Halakoen aurrean, gero eta gehiago, aditu eta politikari ugarik uste du askotarikotasun hori gainditzen ari dela harrera herrialdeek immigratzaileak hartzeko duten gaitasuna. Horren erakusgarri dira, esaterako, 2016an Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak egindako adierazpen hauek: “Immigrazioa gehiegi denean, aldaketaren erritmoa azkarregia denean, ezinezkoa da gizarte kohesionatuak eraikitzea”.

Mitoa desegiten
Gurearen aurreko gizarteak guk uste duguna baino askoz askotarikoagoak ziren. Adibidez, 1910ean AEBetan 13,5 milioi etorkin bizi ziren (92 milioi pertsonatik), hori %14,6 zen eta gaur egun %14,5 da. Musulmanak eta latinoak dibertsitatearen eztabaida honen erdigunean dira hurrenez hurren Mendebaldeko Europan eta AEBetan, baina beste garai historiko batzuetan beste talde batzuk izan dira: Europan herri juduak eta erromaniak jazarriak izan dira historian; Alemanian poloniarren aurkako jarrera zegoen XIX. mendean, irlandar katolikoen aurkako jarrera luzea izan da Britainia Handian; zer esanik ez AEBetako azal gorrien, beltzen eta horien “mehatxuaz”. XX. mende hasieran AEBetan alemaniar jatorrikoak ziren mehatxu, eta lehentxeago italiarrak. New York Times hala mintzo zen siziliarrei buruz 1891ko editorial batean: “Bidelapur eta hiltzaileen oinordeko dira” eta “atzera ezinezko plaga”. 1890 eta 1920 artean dokumentatuta daude italiarren aurkako 50en bat lintxamendu publiko.

Egia zera da, ordea, gaur egungo gizarteak eta mundua gero eta uniformeagoak direla, besteak beste, estatuaren, hezkuntzaren, hedabideen eta Interneten eraginagatik. Homogeneizazio prozesu horrek estatu identitateak osatu ditu, baina aldi berean, talde eta lurralde askotako identitateak, ohiturak eta hizkuntzak zapaldu eta desagerrarazi ditu. Globalizazioaren ondorioz, uniformizazio hori gero eta zabalagoa da mundu osoan. Seguruenik, hizkuntza gutxituen desagerpena da fenomeno horren adierazleetako bat: Unescoren arabera, 1950 eta 2010 artean 230 hizkuntza desagertu ziren, eta munduan diren 7.100 hizkuntzetatik herenak 1.000 hiztun baino gutxiago ditu.

Bada erretorika gogor bat immigratzaileen aurka, baina gobernuek neurri handi batean ezikusiarena egiten dute legez kanpoko migrazioaren aurrean, eskulanaren beharrean direlako

5. MITOA: 
Herrialde txiroen garapenak migrazioa gutxituko du
Mugen kontrolak ez dituenez immigrazio kopuruak jaisten, sektore askok –politikariak, adituak, erakunde humanitarioak...– uste du jatorrizko herrialdeen pobrezia apaltzea eta haien garapena sustatzea direla handik datozen immigrante kopuruak gutxitzeko modurik egokiena. Jatorrizko herrialde askok ere bat egin izan du ikuspegi horrekin, horrela garapenerako laguntza handiagoak jasoko dituztelakoan. Mugen krisi horiek eraginda, Afrikako herrialde ugarik eskatu diete europar herrialdeei Afrikarentzat Marshall plana martxan jartzeko. Ameriketan ere antzerako errelatoak entzuten dira. Diskurtso horien azpian dagoen logika indartsua eta enpatikoa da: lagundu ditzagun herrialde txiroak, horrela hango herritarrek ez dute bidaia arriskutsurik egin beharko Ipar aberatsera iristeko.

Mitoa desegiten 
Herrialde txiroak laguntzea eta horrela desberdintasunak gutxitzea eta herritarrak ez mugitu behar izatea ideia erakargarria da ezkerreko sektoreetan eta, oro har, aurrerakoietan. Alabaina, ikerketek, datuek eta egitateek erakusten dute justu alderantziz dela: herrialde txiroetako garapen ekonomikoak immigrazioa handitzen du, ez gutxitu. Gaur egungo mundu mailako migrazioa aztertuta, zalantzan jarri beharko genuke pobrezia dela Hegotik Iparrerako immigrazioaren eragile garrantzitsuenetakoa.

Batetik, egia da herrialdeen garapen ekonomikoa epe luzera gero eta handiagoa izan, horrek immigratzaileak erakartzen dituela, bereziki horietan lan eskaria ere handitzen bada. Era berean, azken hamarkadetako ikerketek erakusten dute emigrazioa handitu egiten dela herrialde txiroak ekonomikoki hazi ahala, eta igoera hori bakarrik apaltzen dela herrialdea pasatzen denean batez besteko erdi mailako diru-sarreretatik goi mailako diru-sarreretara.

Funtsean, txiroa den jendeak nagusiki emigratzen du landa guneetatik hirietara (mundu mailako migratzaileen %80), eta gehien jota inguruko herrialdeetara; Ipar aberatseko herrialdeetara abiatzen da dagoeneko aurrezki batzuk bilduta dituen herritarra edo familia, harrerako herrialdean berean baino bizitza hobeagoa lortuko duen esperantzarekin. Egungo prozesu migratzaileak ulertzeko garapena ekonomikotik harago joan behar da, horiek munduan gertatzen ari diren prozesu sozial eta aldaketa kultural handiagoekin lotuta baitaude.

Migratzaileak lanean AEBetako soroetan. (Argazkia: AEBeako Gobernua)

6. MITOA: 

Emigrazioa miseriatik ihes egiteko modua da
Urtero milioika herritarri luzatzen zaien mezua da: utzi zuen herrialdeetako pobrezia eta jo Ipar aberatseko herrialdeetara, legez edo legez kanpo egindako bidaian. Egia, ordea, mezu horretatik oso urruti dago, eta El Dorado topatu beharrean, immigratzaileek egoera oso zailekin egiten dute topo, lanpostu eta etxebizitza txarrenekin. Eta sarritan, mezu hori luzatzen zaie emigratzaile potentzialei gobernuetatik bultzatutako kanpainetan: “Ez etorri, El Dorado hori gezurra da, gera zaitez zure familiarekin zure herrialdean”.

Mitoa desegiten
Migratzaileak ez dira lerdoak eta halakoak esaten dizkiezunean zera erantzuten dute: “Europan bizitza horren txarra bada, zergatik exijitzen dira bisak eta zergatik eraikitzen dira harresiak?”. Duda barik, migratzaile askok oso egoera larriak bizi dituzte bidaian edo harrera lekuan, baina horiek ez dute ordezkatzen gehienei gertatzen zaiena. Migrazioak, legez kanpokoa izanda ere, beren herrialdeetan irabaziko luketen dirua baino askoz gehiago irabaztea ahalbidetzen die herritarrei. Hedabideetatik kontrakoa saltzen bada ere, migratzea ez da desesperaziotik hartutako erabakia, ezpada ondo pentsatutakoa eta etorkizun hobeagoa ekarriko duen esperantzarekin hartutakoa.

Ez hori bakarrik, migrazioa da garapenerako laguntzarik eraginkorrena: Munduko Bankuaren datuetan, 1990ean migratzaileek 24.716 milioi euro bidali zituzten garapenean diren herrialdeetara, eta 2020an jadanik 427.853 milioi euro ziren. Garapenaren izenean estatuek herrialde horietara bidalitakoa baino 2,6 bider gehiago da hori. Areago, diru hori ez doa gobernu edo beste erakunde batzuetara, migratzaileen familietara baino, behar handiena duten herritarren artean banatzen da.

7. MITOA: 
Ez dugu langile migratzailerik behar
Bigarren Mundu Gerra eta gero Mendebaldeko herrialdeetan eskulan ez-kualifikatuaren behar handia izan zen eta horregatik etorri ziren milioika migratzaile, baina garai hori pasatu da. Gure ekonomia postindustrialean eskulan merkea aspaldi ari da jaisten mekanizazioa, automatizazioa eta externalizazioen ondorioz. Oraingo kontsentsu orokorra da gobernuek eskulan kualifikatua erakarri behar dutela, eta eskulan merkearen etorrera, aldiz, eragotzi.

Mugen militarizazioak behartzen ditu etorkinak bidaia luzeagoak, arriskutsuagoak eta garestiagoak egitera, baina migrazio fluxuek euren bideak topatzen dituzte

Mitoa desegiten
Lan eskaria da migrazioen motorra. Mendebaldeko herrialdeetako herritarrek uste dute desberdintasun ekonomikoak direla migrazioen arrazoi nagusia eta mugak guztiz irekiko balituzkete etorkinen uholdea jasoko luketela. Baina kontu horiek ez dira horren automatikoak. Bestela, nola azaltzen da horren migrazio fluxu txikiak egotea herrialde txiroenen eta aberatsenen artean? Nola uler liteke munduan horren desberdintasun ekonomiko handiak izanda, populazioaren %3k bakarrik migratzea?

Jende askok emigratzen du uste duelako bere helburu profesionalak hobeto beteko dituela beste herrialde batean, berean baino. Horrela uler liteke herrialde aberats batzuek ere emigrazio tasa handiak izatea. Adibidez, Alemanian jaiotako 3,9 milioi pertsona 2020an herrialdetik kanpo bizi ziren (Alemaniak dituen etorkinen herena), eta Erresuma Batuan jaiotako 4,7 milioi ere handik kanpo bizi ziren (dituen etorkinen erdia). Jendeak zenbat eta formazio maila handiagoa izan, bere lanbidean lan egiteko eta norabait mugitzeko gero eta aukera handiagoak ditu. Diskurtso gogorretatik harago, EBko herrialdeek gero eta etorkin gehiago hartzen dituzte: 2010etik 2019ra EBtik kanpo bertara iritsitako etorkinen kopurua hirukoiztu da, 375.000etik 1,2 milioira pasatu da. Gehienak langileak dira. Gure gizarte aberats, zaharkitu eta formazio handikoek langile migratzaileak behar dituzten eredu ekonomikoak garatu dituzte.

Europar Batasunaren Frontex agentzia eta gisako oztopoen ondorioz, izatekotan, harrera herrialdeetako etorkin kopuruak handitzea lortzen da, besteak beste, immigrazio zirkularra oztopatzen delako eta immigratzaileak gutxiago mugitzen direlako haien herrialdeetara.  (Argazkia: Le Eithne)

IMMIGRAZIOA: MEHATXU EDO IRTENBIDE?

8. MITOA:

Etorkinek lanpostuak lapurtzen dituzte eta lansariak jaisten dituzte
Etorkinak ordu gehiago sartzeko eta merkeago lan egiteko prest direnez, immigrazioak soldatak jaitsarazten ditu eta bertako langileen lan segurtasuna jaisten du. Hau da, immigrazioak lehia egiten die bertako langileei, haien lanpostu egonkorretatik kanporatzen ditu eta lan baldintza eskasagoak onartzera behartzen ditu.

Itxuraz argudioak badu indarra, baina errealitatea korapilatsuagoa da. 1980 eta 2020 artean produktibitatea asko handitu da, baina langileen gehiengoari ez dio mesederik egin edo agian kaltetua atera da. Hau da, aberastasunaren banaketa okerrago egin da eta kaltetuen langileak atera dira, are gehiago behe mailakoak. Thomas Pikettyk Le capital au XXI siècle (Kapitala XXI. mendean) liburu ezagunean argi utzi duenez, pastelaren zatiketan kapitalaren zatia handitu da eta horrek batzuen diru-sarreren handitzea ekarri du, eta lanaren zatia txikitu egin da. Horren ondorioz, aberastasuna %10 aberatsenaren artean handitu da nagusiki, eta bereziki %1 aberatsenen artean.

Ezkerreko sektore batzuek eta sindikatu klasikoek zera argudiatu izan dute: “Orduan, langile klasean pobrezia handitzen bada eta lansariak beherantz badoaz, zertarako gonbidatu behar dira lanera kanpoko milioika pertsona, lansari merkeagoekin kontratatu kopuruak eta soldatak are eta gehiago jaitsiko dituztenak?” (Bernie Sanders AEBetako lider demokratak 2007an esana).

Mitoa desegiten
Migrazio prozesu handiak izan diren garai eta lekuetako kasuak aztertuta, frogatu da etorkinen sarrerak ez zuela eraginik izan harrera herrialdeetako lanpostuetan edo soldatetan. Honakoak dira ikertuak izan diren migrazio horietako batzuk: 1980an marielitoak Kubatik Miamira joan zirenean; 1962an ia milioi bat kolono frantsesen itzulera Aljeriatik Frantziara; 1989tik aurrera milioi bat herritar joan ziren Errusiatik Israelera; edota Berlingo Harresiaren erorketaren ondoren Alemaniako ekialdetik mendebaldera izandako migrazio prozesu handia.

Horrek ez du esan nahi ez dagoenik eraginik lanpostu eta soldatetan, baina ez da handia, eta izaten denean batez ere gertatzen da kualifikazio txikieneko lanpostuetan, non oro har beste immigrante batzuk aritzen diren lanean, beraz lehiarik izatekotan etorkinen artekoa da. Baina, funtsean, migrazio prozesuak ez dira horren garrantzitsuak ekonomian. Bai, lan segurtasuna ahuldu egin da, eta gazteak gero eta lan prekarioagoak onartu beharrean dira, baina ez immigrazioaren erruz. Bestelako erabaki politikoek desarautu dituzte lan merkatuak, edo sindikatuak ahuldu, lansariak murriztu eta soldaten desberdintasuna handitu.

AEB-ETAN 1980ko hamarkadan urtero milioi bat etorkini eman zitzaien behin-behinekoz lan egiteko baimena; 1990eko hamarkadan hiru milioi pertsona ziren urteko; eta 2019ko urtean, zazpi milioi pertsonari eman zitzaien lanerako baimen hori

9. MITOA: 
Immigrazioak ongizate estatua higatzen du
Kontrolik gabeko immigrazioak gero eta presio handiagoa eragiten du osasun sisteman, hezkuntzan edota etxebizitzaren merkatuan. Etorkinak sarritan ikusten dira “ongizate estatuaren aprobetxategi” moduan. Eta hori gertatzen da gehiago kualifikazio txikiagoa duten immigratzaileekin, gehiagotan gelditzen direlako lan gabe eta gehiagotan baliatzen direlako ongizate estatuaren abantailez. Beraz, gutxitu behar da immigrazioa eta, bereziki, kualifikazio txikia duena.

Mitoa desegiten
Badira zerbitzu sozialen eta dirulaguntza publikoen menpekotasun handia duten kualifikazio txikiko immigratzaile eta errefuxiatu multzoak, baina horrek ekonomian duen pisua oso txikia da, eta ezin da esan, inolaz ere ez, horregatik ongizate gizartea higatzen duela. Ez dago hori sostengatzen duen inongo datu edo ikerketarik. Ikerketa ekonomiko guztien arabera, immigrazioak ez du eraginik oreka fiskalean.

Ongizate estatu indartsuak immigrazioa erakartzen duela uste da eta eztabaida handiak egon dira horren inguruan, baina ez dago argitasunik gaiaren bueltan. Migratzaileak ateratzen dira euren herrialdeetatik nagusiki lan egiteko, ikasteko edo beren familiekin elkartzeko, ez dirulaguntzetatik bizitzeko; horren adierazle eta azterketak oso ugariak dira. AEBetan, esaterako, oso fenomeno bitxia gertatzen da: etorkin gaitzetsienak, hau da, legez kanpokoak, estatuaren zergadun handienak dira, horietako milioika langilek zergak ordaintzen dituztelako, baina ez dutelako jasotzen gizarte segurantzaren zerbitzurik. Ez, ez da immigrazioa etxebizitza krisia eta zerbitzu sozialen gainbehera ekarri duena, austeritatea baino. Egia zera da, migratzaileak giltzarri direla ongizate estatuari eusteko, besteak beste, osasun zerbitzuak langilez hornitzen dituzte, eta haurrak eta adineko pertsonak zaintzen dituzte.

10. MITOA: 
Etorkinen integrazioak porrot egin du
Gero eta hedatuagoa dago AEBetan eta, bereziki, Europan: etorkinak ez dira gure gizarteetan integratzen eta multikulturalismoak porrot egin du. Nondik dator ikuspegi hori? Bada, bertako herritarrentzat etorkinekiko kezka ez datorrelako haiek gizartean izango duten eragin ekonomikotik, baizik eta izan ditzaketen ondorio sozial eta kulturaletatik. Askotarikotasun handiena dago eta horrek presioa egiten dio kohesio sozialari. 2010ean Alemaniako lehendakari Angela Merkelek hitzaldi gogorra egin zuen multikulturalismoak erabateko porrota egin zuela esanda; laster izan zituen atzean David Cameron eta Nicolas Sarkozy, hurrenez hurren britainiar eta frantziar mandatariak. AEBetan, garai batean beldur ziren alemaniarrek, irlandarrek, italiarrek, poloniarrek, juduek, txinatarrek eta japoniarrek nazio amerikarra kolokan jar zezaketelako. Beldur horiek urtu ziren, baina azken hamarkadetan mamua ostera piztu da, orain mexikarren eta Hegoaldeko eta Erdialdeko Ameriketako herritarren immigrazioagatik.

Mitoa desegiten
Epe luzera etorkinen integrazioa nahiko arrakastatsua da. Etorkinen seme-alaben eta biloben harrera hizkuntzarekiko gaitasun linguistikoei, hezkuntzari, enpleguari eta diru-sarrerei begiratzen badiegu, lorpenak oso handiak dira. Hobekuntza handienak hizkuntzan eta hezkuntzan ikusten dira, eta oraindik ere zailtasunik handienak lanerako kontratazioetan daude, ikerketa askoren arabera, arraza diskriminazioa oraindik ere integraziorako eragozpen handia baita. Herrialdeen arabera ere badira desberdintasun handiak: Alemanian eta Espainian, adibidez, lan merkatuan arraza diskriminazioa txikiagoa da, eta Frantzian eta Suedian handiagoa.

Eskuarki immigratzaileak denborarekin ondo integratzen dira harrera herrialdean, baina haien artean gutxiengo batek baditu arazoak ere, eta ondorioz, bazterketa luzeak pairatzen ditu. Denak adierazten du, oro har, oztoporik jartzen ez bazaie, etorkinek euren integrazio bidea egiten dutela apurka; herritartasuna ematea da integrazio politikarik eraginkorrena. Azken finean, multikulturalismoaren inguruko debatea gehiago da “gure” kezka, “haien” kezka baino. Egia zera da, ohartu orduko belaunaldi gutxi batzuetan “haiek” “gu” bihurtu direla. Izan ere, immigrazioak oso gutxi aldatzen ditu harrera herrialdetako sakoneko egitura kulturalak, politikoak edo ekonomikoak.

Epe luzera etorkinen integrazioa nahiko arrakastatsua da. Etorkinen seme-alaben eta biloben harrera hizkuntzarekiko gaitasun linguistikoei, hezkuntzari, enpleguari eta diru-sarrerei begiratzen badiegu, lorpenak oso handiak dira
Senegaleko migratzaile ugari aritu izan dira arrantzaren alorrean lanean. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

11. MITOA: 
Migrazio masiboak bazterketa masiboa ekarri du
Oro har, Mendebaldeko herrialdeak beldur dira migrazio masiboaren ondorioz euren hirietan ghettoak sortzearekin. Herrialde askotan aski zabalduta dago eskala handiko immigrazioak klase baxuko auzo handiak sortu dituela, non pobrezia eta bazterketa ezaugarri nagusiak diren; horiek langabezia-tasa handiak dituzte eta ongizate estatuarekiko menpekotasun handia. Immigrazio komunitateak zenbat eta itxiagoak izan, disfuntzio sozialak, delinkuentzia eta fundamentalismo erlijiosoa gero eta handiagoak izango dira.

Mitoa desegiten
Badira salbuespenak, baina oro har, bazterketa maila ez da neurriz kanpokoa. Ikusi dugun moduan, immigrazioak integraziorako bidea bilatzen du epe luzera, baina horrek ez du esan nahi ez daudenik gutxiengo migratzaile batzuk egoera estuagoan. Eta ezin da ukatu, halaber, Europako eta AEBetako immigratzaileen auzo batzuk bihurtu direla pobreziaren eta desabantailaren guneak. Hala ere, datu eta ikerketa askok erakusten dute hori ez dela etorkinen egoera orokorra.

Adibidez, AEBetako immigranteen bazterketa maila Europan baino handiagoa izan ohi da, Erresuma Batuan kontinentean baino handiagoa, eta Frantziako banlieue-ei buruz asko hitz egiten da, eta badira, baina Frantziako hirietako batez besteko bazterketa Europako baxuenetakoa izaten da. Horrez gain, bereizi behar dira ghettoak eta gune etnikoak, lehenak bazterketaren erakusle dira, baina bigarrenak emantzipazio guneak dira immigranteentzat. Bazterketak oinarri asko baditu ere, ikerketek gero eta argiago erakusten dute ekonomiaren liberalizazioaren ondorioz desberdintasunek handitzen jarraitzen dutela eta, funtsean, arraza haustura dirudiena gero eta gehiago klase haustura dela.

12. MITOA: 
Immigrazioak delinkuentzia areagotzen du
“Etorkinek drogak dakartzate, eta delinkuentzia. Bortxatzaileak dira. Eta pentsatzen dut batzuk pertsona onak ere izango direla”. Donald Trumpek 2016ko hauteskunde kanpainan esandakoa da. Eskuin muturra eta eskuineko buruzagien artean gisa horretako adierazpen asko bildu daitezke. 2010ean Mendebaldeko herrialdeetan egindako inkesta zabal baten arabera, herritarren erdiak uste du immigrazioak delinkuentzia areagotzen duela. Hiru laurdenak, gainera, uste du legez kanpoko immigrazioak delinkuentzia-tasa are gehiago igotzen duela. Ikuspegi horretatik, immigrazioa gutxitzea giltzarri da krimen antolatuaren aurkako borrokan.

Mitoa desegiten
Oro har, immigrazioak kriminalitate biolentoa gutxitzen du. Gaiari buruz egindako ikerketa zabal eta onena AEBetan egin da (Immigration and the changing nature of homicide in US cities, 1980-2010, Immigrazioa eta hilketen izaera aldakorra AEBetako hirietan, 1980-2010). Bai horren, bai beste ikerketa gehienen arabera, immigranteek autoktonoek baino delitu gutxiago egiten dituzte. Immigrazio kopuru handiak dituzten auzoak, haien antzerako beste batzuek baino kriminalitate eta biolentzia kopuru txikiagoak dituzte. Horrela, ikusten da Los Angeles, San Jose, Dallas edo Phoenixen kriminalitatea jaitsi egin dela immigrazio kopuru handiak izan dituztenean. Edo hala ulertzen da nola New York, El Paso edo San Diego, immigrazio handiko guneak, AEBetako beste hiri batzuk baino seguruagoak diren.

Ikerketa gehienen arabera, immigranteek autoktonoek baino delitu gutxiago egiten dituzte

Europan egindako ikerketak sakabanatuagoak dira, baina egindakoetan Estatu Batuetako joerak nabarmentzen dira. 2021ean Europako 21 herrialde mailako ikerketa egin zen –Journal of Integral Migration– eta immigrazioa eta kriminalitatearen arteko erlaziorik ez zela ondorioztatu zen. Ingalaterran egindako antzeko beste ikerketan batean 1971 eta 2022 arteko joerak aztertu zituzten eta ondorio nagusietakoa zen immigrazio handiak dituzten auzoak seguruagoak direla. Horrez gain, argi ikusi zen gune etnikoetan –auzoko populazioaren %20-30 jatorri etniko berekoa da–, kriminalitatea asko jaisten dela. Gune horietan kontrol soziala, elkartasuna eta ekintzailetza handia izan ohi da.

Hala ere, immigrante minoria batzuetan badira arazoak dituzten gazte talde marjinalak, eta horien artean delinkuentzia tasa handiak dira. Arazo hori ere hor dago, eta larria da, baina, batetik, ez da immigrazioan gertatzen denaren erakusgarri eta, bestetik, oso lotuta dago bazterketa ekonomikoarekin, arraza bazterketarekin eta iraupen luzeko langabeziarekin.

13. MITOA:

Emigrazioak langile kualifikatuenen ihesa dakar
“Herritar kualifikatuenen ihesak etorkizuna zapuztu diezaieke herrialde txiroei”. Garapenerako NBEko Programaren 2007ko esaldi bat da eta nahiko barreiatuta dago han-hemenka, bereziki ezkerreko sektoreetan. Horren ondorioz, zabalduta dago langile kualifikatuenen ihesak etorkizunik gabe uzten dituela garapenean diren herrialdeak. Abdelmalek Sayad soziologo aljeriarrak dioen moduan, “immigrante guztiak dira emigrante”, baina Mendebaldean batez ere aztertzen da lehen zatiari dagokiona eta bigarrenak ez du halako garrantzirik. Orduan, nola ulertuko dugu egiazki migrazioa, bigarren zatia galtzen badugu?

Mitoa desegiten
Ez da justua ez egokia etorkinei beren jatorrizko herrialdeetako garapenaren errua bizkarreratzea. Eskulan kualifikatuaren ihesa badago, baina pentsatzen dena baino askoz txikiagoa da. Maroko, Mexiko, Turkia eta Filipinetako populazioaren %5-10 atzerrian dago, eta gutxiengoa dira eskulan kualifikatua. Egindako ikerketa baten arabera, emigrazio herrialdeen bi herenetan, immigraziora jotako eskulan kualifikatua %10etik beherakoa zen. Saharatik hegoalderako Afrikan pertsona formatuenen ihes hori %13ra iristen da eta Erdialdeko Amerikako %17ra. Eta leku batzuetan bai, arazoa larriagoa da, adibidez Jamaika, Barbuda edo Fiji irletan, non ihes hori %40-50 artean dagoen. Oso zabalduta dago immigrazio kualifikatuak alde egiten duenean ez dela gehiago itzuliko, baina ez da egia, horietako asko euren herrialdeetara itzultzen baitira.

Ez da orokorra, baina badira etorkin multzoak egoera latzean bizi direnak, bazterkeria eta xenofobia pairatuz. Argazkian, errumaniar kanpamentu bat Astigarragan (Gipuzkoa). (Argazkia: ARGIA CC BY-SA)

14. MITOA: 
Immigrazioak denoi egiten digu mesede
Bizi dugun ekonomia globalean immigratzaileak beharrezkoak dira lehiakortasunari eusteko. Immigratzaileek falta den eskulana asetzen dute ezinbestekoak diren ekonomiaren hainbat esparrutan, baina horrez gain, ezagutza eta ideia berriak dakartzate, eta berrikuntza, produktibitatea eta hazkundea areagotzen dute. Diskurtso horrek badu indarra tradizionalki immigratzaileak jasotzen dituzten herrialdeetan, hala nola AEBak, Kanada, Australia eta Zeelanda Berria. 1989an AEBetako lehendakari Ronald Reaganek ikuspegi hori goraipatu zuen esan zuenean immigrazioa zela AEBen handitasunaren iturri nagusietakoa: “Noizbait atea itxiko bagenie estatubatuar berriei, laster batean galduko genuke lidergoa munduan”. Zenbait ekonomialarirentzat, ekonomia globalaren hazkundearen gako nagusiak ez daude hainbeste ondasunen eta kapitalen mugikortasunean, baizik eta langileen mugikortasunean. Win-win-win (hiru irabazleen) estrategia litzateke, migratzaileak, zein jatorrizko eta harrerako herrialdeak mesedetuko lituzkeena.

Mitoa desegiten
Migrazioak ezin ditu mundu mailako desberdintasunak konpondu, baina lagundu dezake hobetzen egoera pertsonala, nazionala edo globala. Gakoa zera da, ea nola banatzen den sortutako aberastasuna jatorrizko eta harrerako herrialdeen artean, edo gizarte bakoitzeko herritar txiroenen eta aberatsenen artean. Argi dago immigrazioak harrera herrialdeen hazkundea bultzatzen duela, baina ez dago hain argi immigratzaileek euren herrialdeetara itzultzen duten diruak herrialde haien garapen ekonomikoa bultzatzen duenik.

Immigrazioak batez ere aberatsenei egiten die mesede. Eragin gutxi du erdi mailako sarrera eta soldatetan, eta handiagoa aberatsenetan. Funtsean, azken horiek dituzte eskulanaren beharrean diren enpresak, diru gehien duten herritarrek inbertitzen dute enpresa horien akzioetan, eta haien zerbitzura izaten dira zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren atzerriko langileak. Bertako langileek etekin gutxi jasotzen dute immigraziotik.

 

15. MITOA: 

Immigranteak beharrezkoak dira zaharkitutako gizarteen arazoak konpontzeko
Gizarteen zahartzaroa mehatxu moduan ikusten da pentsio planen garapenerako eta, gainera, uste da horren ondorioz gero eta osasun sistema garestiagoa behar dela. Diru-sarrera handiak dituzten herrialde gehienen ugalkortasun tasa 2,1etik beherakoa da emakumeko, eta demografoen esanetan, hortik behera populazioak behera egiten du epe luzera. Beraz, adinekoen multzoa handitzen den heinean, mediku, erizain, sukaldari, garbitzaile eta etxeko langile gehiago beharko ditugu. Immigrazioa ezinbestekoa da biztanleria aktiboa behar adinakoa izan dadin pentsioei eta zerbitzu sozialei eusteko; eta bereziki, gero eta garrantzitsuagoa dirudi etorkizunean umeen, adinekoen eta gaixoen zaintzan aritzeko.

Mitoa desegiten
Herritarren artean nahiko sustraituta dago immigrazioak konpon ditzakeela gizartearen zahartzearen arazoak, baina ez da oso errealista. Immigrazioa oso urria da zahartzaroaren arazoa konpontzeko. Zahartzaroaren eragin demografikoak konpentsatzeko etorkin kopuru askoz handiagoak beharko lirateke, ez liratekeenak ez onargarriak ez errealistak. Migratzaileak munduko populazioaren %3 bakarrik dira, eta harrera herrialdeetako biztanleen %10-15.

Herritarren artean nahiko sustraituta dago immigrazioak konpon ditzakeela gizartearen zahartzearen arazoak, baina ez da oso errealista. Immigrazioa oso urria da zahartzaroaren arazoa konpontzeko

2000. urtean NBEko Populazioaren Dibisioak honako ikerketa argitaratu zuen: Ordezkatze migrazioa: irtenbidea da biztanleriaren gutxitzea eta zahartzearen aurrean? Emaitzak ezin zorrotzagoak ziren: immigrazioak ezin zuen arazo hori konpondu. Txosteneko adibide esanguratsu bat: Alemanian 2050ean egungo populazioa mantentzeko 324.000 etorkin beharko lirateke urtero –azken hamarkadetako kopuruak hor nonbait dabiltza–, baina gizartea gaztetzeko 3,4 milioi pertsona beharko lirateke urtero.
Immigratzaileak ere zahartzen dira eta gainera, denborarekin, haiek ere seme-alaba gutxiago izateko joera dute. Gizarteen zahartzea herrialde garatuenen fenomeno demografikoa da nagusiki, baina gero eta gehiago zabaltzen ari da munduan. Industrializazioa, modernizazioa, hezkuntza eta emakumeen emantzipazioa giltzarri izan dira herrialde garatuenen ugalkortasun tasaren jaitsieran eta giltzarri izaten ari dira ere garapenean diren herrialdeetan. Nazioartean ere, bi umeko familiak, edo batekoak, gero eta ugariagoak dira. Alarma handia pizten da, baina agian ondorioak ez dira pentsatu bezain larriak.

2017ko Eurobarometroaren arabera, etorkinen eragina gizartean positiboa zen herritarren %54arentzat; %29ak ez zuen ez aldeko ez aurkako jarrerarik etorkinekiko; eta %17aren iritzia aurkakoa zen. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

MIGRAZIOAREN INGURUKO PROPAGANDA

16. MITOA:

Mugak ixten ari dira
Immigrazio politikak gero eta murriztaileagoak dira. 1980ko hamarkadara arte gobernuek eskuak zabalik hartzen zituzten langileak, familiak eta errefuxiatuak. Geroago, aldiz, ateak ixten eta baldintzak gogortzen hasi ziren, eta harrerako gobernuek gero eta gehiago jarduten dute jatorrizko herrialdeekin legez kanpoko emigrazioa saihesteko. Gero eta gehiago, herrialde garatuetako politikariek hizkuntza gogorra erabiltzen dute legez kanpoko etorkinen kontra, eta gero eta zorrotzago mintzatzen dira eskulan kualifikatuaren sarreraren aurka.

Mitoa desegiten
Gauza bat dira diskurtsoak eta bestea datuak. Sakon aztertu ditugu Bigarren Mundu Gerraren aurretik eta ondoren Europarantz izan diren fluxu migratzaileak, eta ondorioak argiak dira. Garaiko ezaugarri nagusien ondorioz –protekzionismoa, nazionalismoa eta autoritarismoa– XX. mendeko erdialdera arte etorkinen aurkako politika oso zorrotzak izan ziren. Baina mundu gerraren ondorengo zazpi hamarkadetan mugak irekitzeko joera eta politika zabalak izan dira. 1990etik aurrera apur bat estutu ziren harrera baldintzak, baina oraindik ehunka mila migratzaile datoz eta errotzen dira Europan, bertako herrialdeetako herritartasuna lortuta. Giza eskubideen aurrerapenek, ekonomiaren beharrek eta, besteak beste, enpresarien presioek akuilatzen dituzte ateak irekitzeko politika horiek.

Orokorrean etorkinek lortzen dute lan egitea, eta gehienetan legez, askotan behin-behineko baimenekin. AEBetako datu hauek aski esanguratsuak dira: 1980ko hamarkadan urtero milioi bat etorkini eman zitzaien behin-behinekoz lan egiteko baimena; 1990eko hamarkadan hiru milioi pertsona ziren urteko; eta 2019ko urtean, zazpi milioi pertsonari eman zitzaien lanerako baimen hori.

17. MITOA:

Kontserbadoreak gogorragoak dira immigrazioarekin
Jende gehienak uste du ezkerreko politikariak, liberalak, immigrazioaren aldekoagoak direla eta eskuinekoak, kontserbadoreak, aurkakoagoak. Herritarren artean ere, bere burua ezkerrean ikusten duena immigrazioaren aldekoagoa da eta eskuinekoa gutxiago, bereziki etorkinak beste erlijio batzuetakoak direnean. Debatea horretan oinarritzen da askotan, eta hedabideek ere elikatzen dute banaketa eta eztabaida hori.

Mitoa desegiten
Banaketa sinplista da hori. Askotan talde kontserbadoreetatik gertuago dauden enpresariak dira immigrazioaren aldeko politikak egin daitezen gehien presionatzen dutenak. Eta sindikatuek sarri-sarri atzerriko langile berrien kontratazioaren aurrean oztopoak jarri ohi dituzte. Hori bai, etorkina behin langile bihurtuta, sindikatuek zorrotz defendatzen dituzte haien lan eskubideak. DEMIG proiektua erabilita Mendebaldeko gobernuek 1975 eta 2012 artean erabilitako migrazio politikak eta datuak aztertu ziren, eta zera zioten: bai, ezkerreko gobernuek jarrera pixka bat zabalagoa zuten etorkinei herritartasuna edota eskubideak ematean, baina desberdintasunak oso txikiak dira. Eta etorkinen sarrera arauei buruz, ez zegoen desberdintasunik batzuen eta besteen artean.
Funtsean, hazkunde ekonomikoak eta eskulanaren beharrak akuilatzen dute immigrazioa, eta ekonomia atzeraldietan immigrazioa jaisten da. Ikerketek, halaber, erakusten dute bai alderdi kontserbadoreetan, bai sindikatuetan jarrera kontrajarriak daudela immigrazioarekiko. Azken 30 urteetan eskuin muturrak lortu du immigrazioaren politikak bahitzea, nagusiki gainerako alderdiei beldur eman izan dielako gai horretan ahulegi agertzeak.

18. MITOA:

Iritzi publikoa immigrazioaren aurka jarri da
Hamarkadetan, politikari populistek edota eskuin muturrekoek argudio hori erabili izan dute: immigrazioaren aurkako politikak egin behar dira, herritarren gehiengoak hala nahi duelako. Hauteskunde garaietan, gainera, indarra duen diskurtsoa da. Giza eskubideen aldeko aktibisten artean ere sustraituta dago mezua.

Mitoa desegiten
Behin eta berriro egin diren inkestak aztertuta ez da ikusten iritzi publikoa immigrazioaren aurkakoa denik. Kezkaz jarraitzen den gaia da, baina batez ere ziklo ekonomikoen araberakoa da, eta oro har, herritarrak immigrazioaren aldekoagoak eta xenofobiaren aurkakoagoak dira. 2017an immigrazioa landu zuen Eurobarometroaren arabera, adibidez, etorkinen eragina gizartean positiboa zen herritarren %54arentzat; %29ak ez zuen ez aldeko ez aurkako jarrerarik etorkinekiko; eta %17aren iritzia aurkakoa zen. Immigrazio handiagoa dagoen herrialdetan arrazakeria jaitsi egiten da.

2017an immigrazioa landu zuen Eurobarometroaren arabera, adibidez, etorkinen eragina gizartean positiboa zen herritarren %54arentzat; %29ak ez zuen ez aldeko ez aurkako jarrerarik etorkinekiko; eta %17aren iritzia aurkakoa zen

19. eta 20. mitoak: 
Pertsonen trafikoak dakar legez kanpoko immigrazioa. Mugetako eragozpenek immigrazioa gutxitzen dute
Legez kanpoko migratzaileak saldoka datoz pateretan, hesien gainetik edo basamortu eta mendiak gurutzatuz, bidaia oso arriskutsuak eginda, eta diru gosez eta gupidagabeak diren pertsonen trafikatzaileek gidatuta. Gobernuek hesi gero eta garaiagoak altxatuta, eta mugak eta itsasoak gero eta gehiago kontrolatuta erantzun behar izan diote egoera larri horri. Etorkinentzat bidaia luzeagoa, zailagoa eta garestiagoa denez, gutxiago etorriko dira. 

Mitoa desegiten
Migratzaile askok gorriak pasatzen dituzte harrera herrialdeetara iristeko, hori egia borobila da, eta migratzaile molde hori etorkinen artean gutxiengoa izateak ez dio inongo larritasunik kentzen arazoari. Politikariek eta nazioarteko erakundeek sinetsarazten dute trafikatzaileak direla etorkinen sufrimenduaren errudun, eta aipatu dugu hori ere badagoela, baina oinarrizkoena zera da: etorkinen trafikoa immigrazioari jarritako oztopo eta hesien ondorioa da. Azken buruan, mugen militarizazioak behartzen ditu etorkinak bidaia luzeagoak, arriskutsuagoak eta garestiagoak egitera, baina migrazio fluxuek euren bideak topatzen dituzte.

Europan 1991n hasi zen itsasontzien immigrazio hori, Schengen Akordioen ondorioz, Espainia eta Italia euren herrialdeetara sartzeko bisa baldintza moduan eskatzen hasi zirenean. Ordura arte, marokoarrak, libiarrak eta tunisiarrak libre sartzen ziren herrialde horietara eta horrek migrazio zirkularra bultzatzen zuen, beharrean arabera sartzen ziren lanera eta atera ere bai. Horrela, ez zituzten familia osoak ekarri behar, eta migratzaile kopurua txikiagoa zen.

Mugak ixtearekin, lanean ari diren etorkinek gero eta gehiago ekartzen dituzte euren familiak ere. Batetik, ez dira horrenbeste itzultzen eurenera, gero bueltan sartzeko arazoak izango dituzten beldur; bestetik, familiak sartzen dituzte gero egoera gogortzen bada agian ezingo dutelako. Zer gertatzen da horrela? Immigrazio zirkularra bultzatzen denean eta baimenak denbora batekoak direnean, joan-etorria bultzatzen dute, etorkin asko dabil atzera aurrera, ziklo ekonomikoen arabera, baina mugak ixtean zirkulazio hori eten egiten da, eta horrek harrera herrialdeetako etorkin kopurua handitzen du. AEBetan ere antzerako egoerak gertatzen dira. Herrialdeetako barne migrazioan –munduan garrantzitsuena den migrazio moldean–, migrazio zirkular hori da nagusi eta horrek joan-etorriko fluxu handia sortzen du.

Mugen militarizazio horrek ez du lortzen etorkinak ez etortzea, baina behartzen ditu askoz baldintza zailagoetan etortzen, eta estutze horren mesede gehien jasotzen duena industria militarra da, zeinak milaka milioi euro edo dolar jasotzen dituen urtez urte mugen kontrola bermatu eta areagotzeko.

Errefuxiatu siriarrak 2015ean Koloniara (Alemania) iristen. ( Argazkia: Raimond Spekking / CC BY-SA 4.0 / Wikimedia)

21. MITOA:

Pertsonen salerosketa gaur egungo esklabotza mota da
Mendebaldeko hedabideek eta erakundeek zabaltzen duten mezuagatik, iritzi publikoan oso hedatua dago esklabotza oso zabalduta dagoela munduan. The Guardian-ek, adibidez, 2019an zabaldu zuen esklabotza modernoak Atlantikoko beltzen esklabotza hirukoizten duela. Esklabotza hori legez kanpoko immigrazioarekin lotzen da askotan.

Mitoa desegiten
Pertsonen trafikoa eta esklabotza ez dira berdinak, herrialde garatuetan esplotatuak diren etorkin asko –baita sexu langileak ere– euren kabuz datoz, libreki, hemen esplotatuak izanda ere, euren herrialdeetan baino gehiago irabazten dutelako. Bidaia ordaintzeko asko erabiltzen da zorra, baina hori ez da esklabotza; alabaina, egia da sarritan ez dela samurra bata eta bestearen arteko mugak non dauden finkatzea. Kapitulu zabala da eta irakurlea orientatzeko, hemen kapitulu honek dituen azpitituluetako batzuk: Sexu langile gehienak modu boluntarioan ari dira lanean / Erreskateak, funtsean deportazioa dakar etorkinentzat / Kopuruak puzteak ez ditu arazoak konpontzen, larritu baizik / Aska nazazue askatzen gaituztenetatik.

Aldaketa klimatikoa egiazkoa da, eta ekarriko ditu ondorio latzak bizimoduetara edota planetaren ekosistemetara. Itzulera gabeko egoerak gerta daitezke. Baina migrazioei buruzko datu apokaliptiko horiek ez dute oinarri enpirikorik

22. MITOA: 

Aldaketa klimatikoak migrazio masiboa ekarriko du
“Migrazio klimatiko erraldoia hasita dago” edo “Krisi klimatikoak 1.200 milioi pertsona lekualdatu dezake 2050era arte” moduko tituluak ohikoak bihurtzen hasi dira komunikabideetan. Politikari, aktibista edota erakunde askoren eledunen artean ere entzun daitezke gisa horretakoak. Ikuspegi horretatik, aldaketa klimatikoari CO2aren murrizketarekin aurre egitea ezinbestekoa da errefuxiatuen uholde batek Mendebaldeko herrialdeak har ez ditzan.

Mitoa desegiten
Aldaketa klimatikoa egiazkoa da, eta ekarriko ditu ondorio latzak bizimoduetara edota planetaren ekosistemetara. Itzulera gabeko egoerak gerta daitezke. Baina migrazioei buruzko datu apokaliptiko horiek ez dute oinarri enpirikorik eta aurreiritzi sinpleetan oinarritzen dira. Besteak beste, badira bost arrazoi horiek zalantzan jartzeko. Bat, klima aldaketa geldoa da, eta herritarrei horietara egokitzeko denbora ematen die. Bi, jendeak jo dezake hainbat defentsa estrategiatara: dikeak eraiki, mendixkak, drainatzeak, uzta gogorragoak sortu... Hiru, hondamendiak direnean, jendeak nagusiki gertuko lekuetara jotzen du. Lau, leku aldaketa horiek ohikoan behin-behinekoak dira. Eta bost, txiroenek ez dute distantzia handiak egiteko baliabiderik.

Gobernuek lekualdatzen dute jendea, ez klimak, eta norbaitekin arduratu beharko bagina mugitzeko aukerarik ez duten herritar txiroenekin izan beharko litzateke. Kontakizunaren ikuspegitik, ardura kliman jartzeak laguntzen du gobernuen erantzukizuna zuritzen. 


Migrazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin