Etxeko postontzian jaso berri dugu UEMAren berripapera, 2025eko urtekaria. Urtean zehar UEMA osatzen dugun 120 udaletan martxan jarri diren egitasmoak, egin dituzten argitalpenak, sortu eta zabaldu dituzten ikus-entzunezkoak, antolatu dituzten topaketa eta konferentziak, nahiz burutu dituzten ikerketa eta azterlanak biltzen dira berripaperean. Gustura irakurri dut. Hedabide batean eta bestean banaka argitaratutako albisteak dira, gehienak ezagunak, baina denak batuta ikusteak halako emozioa eragin dit. Indargune baten seinale, gogoz eta zentratuta ari den talde aktibo baten traza hartu diot eta poza eman dit. Poza eta ardura. Ardura, herritarrok ere erne egotera bultzatzen gaituelako gure egunerokoan, ingurune euskaldunenetan ere eguneroko errealitatea gordina baita askotan. Gezurra badirudi ere, bada oraindik euskaldunik, pentsatzen duenik euskara ez dela gauza kontu batzuez aritzeko. Aspaldian entzun gabe nuen horrelakorik, eta gutxiago, belaunaldi gazte samar bateko euskaldunei.
Obra handi samar batean, arriskuen prebentziorako segurtasun enpresa bat kontratatu behar izaten da. Segurtasun enpresak teknikari bat izendatzen du, maiztasun batez obra ikuskatzen duena, prebentzio neurriak egokiak diren ala ez baloratzeko eta hartu beharreko neurri zuzentzaileak harrarazteko. Bisitaren ondoren txostena idazten du teknikariak, obran ari den eraikitzaileak edo gremio arduradunak sinatzeko, eta obra sustatzaileari bidaltzen dio, jakinarazpen gisa.
'Gerenteak esan dit jarriko ditugula euskaraz, baina txosten bakoitzeko 60 euroko gehigarria kobratuko dizuegula...' (...) 'Ah, badagoela, itzultzaile automatikoa, doakoa?'
Pasa den urtearen hondarrean, etxeko obra baten harira, horrelako enpresa baten zerbitzua behar izan dugu geuk ere. Lehen bisitaren ondotik txosten idatzia jaso genuenean, gaztelaniaz, segurtasun enpresara deitu genuen esanez txostena euskaraz nahi genuela. Arduradunak lauzpabost argudio eman zizkigun, bata bestearen segidan, amore eman nahi ez eta. Nola euskaraz, teknikariak ez daki-eta, teknikari euskalduna jartzeko aurrez eskatu behar zenuten… (mea culpa)... Eta, gainera, teknikari oso ona izendatu dizuegu, onenetakoa… Hark gaztelaniaz egindako txostena guk euskaraz jartzea nahi duzuela? Baina, oso teknikoak dira txosten horiek… Eta, gainera, eraikitzaileak eta gremioetako langileek sinatu behar dituzte (ez zuek) eta haietako batzuek ez dute euskaraz jakingo… Eraikitzailea euskalduna dela? Bale, baina ekarriko du gremioren bat euskalduna ez dena… Eraikitzailea prest dagoela haiei itzultzeko? Ez, ez, baina hantxe bertan sinatu behar dira… Bueno, hitz egingo dut gerentearekin.
Hurrengo egunean: Gerenteak esan dit jarriko ditugula euskaraz, baina txosten bakoitzeko 60 euroko gehigarria kobratuko dizuegula…(itzulpenagatik, pentsatzen dut. Txostenak orrialde eta erdikoak dira, argazki eta guzti. Zati handi bat errepikatu egiten da txosten batetik bestera)… Ah, badagoela, itzultzaile automatikoa, doakoa? Esango diot gerenteari… Eta hurrengo egunean: Pasaidazu, mesedez, itzultzaile automatikorako lotura.
11 txosten jaso ditugu guztira. Denak ele bietan eta honako oharra dutela euskarazko bertsioaren goiburuan: ITZULI itzultzailearen bitartez egindako euskerazko bertsio honek ez du balio legalik. Esta versión en euskera realizada a través del traductor ITZULI no tiene validez legal.
Hortxe utzi dugu kontua, euskaltzale bezala gure ardura erdizka bete dugula sentituz.
Ez dute erraza jartzen jauzia ematea hain ibilbide motza egin duten buruek.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.