Eskola-liburutegiak gainbehera dauden garaiotan, herriko liburutegi publikoaren eta inguruko ikastetxeen arteko benetako elkarlanak ikasleen irakurketa-konpetentzietan emaitza oparoak lortzen dituela frogatu du Gironako esperientziak.
Ikastetxe askotako liburutegiak (nahiko) abandonatuta daude, sarri ez dago eskolako liburutegiaz arduratuko den irakasle liberaturik, eta badira zuzenean liburutegirik gabeko ikastetxeak. ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak argi du, eskoletako liburutegi funtzioa behar bezala berreskuratzea funtsezkoa da, baina bien bitartean, herriko liburutegi publikoak rol inportantea izan dezake, inguruko ikastetxeekin ongi koordinatuz gero. Hala kontatu du Gironako (Herrialde Katalanak) liburutegi publikoen sareko kide Dolors Madeok, ALDEEk Donostian antolatutako jardunaldietan. Arrakasta handia izan dute jardunaldiek, eta martxoan errepikatuko dute saioa.
“Gaur egun eskola-liburutegiak ditugun moduan, ezin dute euren funtzioa egin, ez dute baliabide material eta pertsonal nahikorik, sarri liburu funts zaharkituak dituzte, liburutegiaren arduradunak oso ordu gutxi ditu astean horretara bideratuta, baliabide ekonomiko urriak dituzte… eta beraz, herriko liburutegiaren eta eskola-liburutegien arteko kolaborazioa ezinbesteko bilakatu da uneotan”, dio Madeok. Berak ere, baina, eskola-liburutegi sendoak izatearen aldeko aldarria egin du: “Eskola-liburutegia beti irakurketarekin lotzen da, eta irakurketa liburutegiaren parte oso inportantea da, bai, baina irakurketa lantzeko, ikasleak irakurzaletzeko, ez da liburutegia behar, ikasgelan ongi aukeratutako liburuak izatearekin nahikoa da, liburutegia hori baino askoz gehiago da”. Galiziako DBHko ikastetxe bateko liburutegia jarri du adibide: “Ikasgelan egin beharreko aurkezpenak bertan prestatzen dituzte, horretarako materiala ere bertan dutelako eta informazioa bilatzen ere bertan ikasten dutelako; 3D inprimagailuak eskola-liburutegian daudenez, bestelako proiektuak ere hor egiten dituzte; eta esaterako, soinu ekipoa liburutegian dute, podcastak han grabatzeko. Txipa aldatzea da gakoa, baliabide zentro gisa ulertzea liburutegia, astronomiari buruzko liburuen ondoan planetario txiki bat izan dezakegulako, geologiako liburuen alboan mineralen bilduma bat…”.
Gironako esperientzia: baliabideak, konpromisoak, komunikazioa
Gironan, 2001ean abiatu zuten liburutegi publiko eta eskola-liburutegien arteko elkarlana, baina 2011 arte ez zuten lortu administrazioak programa onartzea. Urtetako lanaren ondorio da ekimenak egun duen sendotasuna. Ezinbestekoa izan da, batetik, ikas-komunitate guztiaren inplikazioa –ez dadin gera irakasle baten borondatearen menpe–, eta babes instituzionala bestetik, halako programa batek herriko udalaren edota goragoko instituzioen sostengua behar baitu, besteak beste liburutegi publikoaren baliabideetan proiektua integratzeko.
D. Madeo: "Ikasgelan gai jakin bat lantzeko liburu bilduma bidali zuen liburutegi publikoak, eta bueltan jaso zuen liburu horiek jorratzeko hainbat dinamika. Liburutegi publikoak pakete osoa eskaini dezake orain, ekarpen didaktiko pedagogikoak gehituta"
Lehenengo urratsa da elkar ezagutzea, dio Madeok, eta bi liburutegien artean sortzen den elkarlanean, ideala dela kooperazioa. Beraien programako kooperazio adibide bat jarri du: ikasgelan gai jakin bat lantzeko liburu bilduma bidali zuen liburutegi publikoak eskolako liburutegira, eta bueltan jaso zuen gai eta liburu horiek jorratzeko hainbat dinamika. Hala, liburutegi publikoak pakete osoa eskaini dezake orain: ikasleekin gaia lantzeko liburuak eta dinamikak, eskolak egindako ekarpen didaktiko eta pedagogikoa gehituta.
Gironak bost liburutegi publiko ditu eta ikastetxeekin duten elkarlan programak (Biblioteca i Escola) hiru oinarri ditu. Batetik, aurrez aipaturiko babes instituzionala: Gironako Udalak programa onartua du, eta horri esker, pertsona bat (Dolors Madeo bera) horretara jarri dute eta baliabide ekonomikoz hornitu dute. Baliabide ekonomikoek errazten dute liburu bilduma egokia osatzen joatea, baina horrez gain, ekimenean parte hartu nahi duten ikastetxeentzako dirulaguntza ere banatzen du programak.
49.000 euro banatzen dituzte dirulaguntzetan, eta dirulaguntza jaso ahal izateko baldintzak bi dira: eskolak liburutegia izatea, eta irakasleetako bati eskola-liburutegiaren ardura esleitzea gutxienez ordubetez astean eta bi urtez. Liburutegiari lotuta ikasturteko plangintza aurkeztea ere beharrezkoa da. “Gutxi eskatzen dugu”, baina dirulaguntzaren bidez ikastetxeak liburutegia mantentzea eta arduradun bat izatea sustatzen da. Ikasturte honetan, dirulaguntza eskatu duen ikastetxe bakoitzari 600 eurotik gora eman zaizkio. “Liburutegia aktibatu” izeneko dirulaguntza ere banatzen du programak: ikastetxeek beren proiektuak aurkezten dituzte –esaterako, eskola-liburutegiko komikien atala hobetzea edo liburutegiko altzariak berritzea– eta 2.000 euro ematen zaizkio hautatutako proiektuari. Azkenik, eskola orduz kanpo liburutegia irekitzen duten ikastetxeetara ere diru kopuru bat bideratzen da; aurten 5.000 euro banatu dituzte sei ikastetxeren artean: “Liburutegi publikoetatik urrun dauden auzoak izan ohi dira, baztertuago daudenak, eta arratsaldetan familiak eskola-liburutegira joan ahal izatea ahalbidetzen da”. Pizgarri horiek guztiek laguntzen dute eskola-liburutegia bizirik mantentzen, eta gero ikastetxeak eurak dira ikusten dutenak liburutegiak ongi funtzionatzen duela. “Pentsa, ikasturte honetan bi ikastetxek irakasle bana bideratu dute liburutegira jardunaldi osoan, ikusi dutelako eskola-liburutegiak dituen onura guztiak. Ez badaukazu, ez dakizu zer ari zaren galtzen, baina baliabideak jartzen hasten zarelarik, gutxinaka bada ere, hasten zara ikusten irakurketa konpetentziak hobetzen ari direla ikasleak, familiek eskatzen dutela arratsaldetan eskolako liburutegia irekitzeko…”.
Bilboko ikastetxe baten esperientzia azaldu du irakasle eta guraso ere baden publikoko entzule batek: bertako eskola-liburutegia ikastetxeak hornitzen du, baina ez du liburuzainik ez ekintza berezirik eskola orduetan; aldiz, eskola orduetatik kanpo guraso elkartea da liburutegiaz arduratzen dena, gurasoek txandak egiten dituzte arratsaldetan, eta beraiek dira liburutegia bizi mantentzen dutenak.
Gironako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen %80ak aipaturiko dirulaguntzaren bat jaso du. Gainerako %20a dira eskola-liburutegirik ez duten edo eskola-liburutegiko arduradunik ez duten ikastetxeak. “Lehen, eskola guztien artean banatzen ziren dirulaguntzak, baina konturatu ginen ez zela eraginkorra, gutxieneko batzuk eskatu behar direla, besterik ez bada eskola barruan bertan presio pixka bat egiteko: ‘Astean ordubetez liburutegiaren ardura izan ezean, ez dago dirulaguntzarik’”.
Elkarlanaren bigarren oinarria da eskoletako liburuzainen formazioa. Urtero formazio jardunaldiak egiten dituzte urrian, eskola orduetan, eta bertan parte hartzea ere baldintza da, programan aritzeko –eta dirulaguntzak jasotzeko–. Horrez gain, ikasturtean zehar bestelako formazio ekintzak egiten dituzte, ikasturte honetan adibidez irakurketa kluba dute martxan, interesgarriak izan daitezkeen liburuak ezagutu eta halako klub bat nola dinamizatu barneratzeko, besteak beste. “Gero ikasleekin ariketa ez dadin izan liburuari buruzko galdetegi bat banatzea, baizik eta estrategiak izatea haur eta gazteekin liburuaz hitz egiteko”.
Liburuaren egileak ikasleei proposatzen die istorioarentzako beste amaiera bat sortzeko; gero ilustratzailea doa eskolara, eta haurrek asmaturiko amaiera alternatiboak irudi bihurtzen ditu
Hirugarren oinarria da komunikazioa. Liburutegi publiko bakoitzak pertsona erreferente bat du, eskola-liburutegiekin harremana bideratzeko. Bera da ikastetxera joango dena, eskola-liburutegia ezagutzera, aurkeztu duten ikasturteko plangintzaz iritzia eta gomendioak ematera: "Helburu gehiegi dituzue, hobe duzue halakoetan zentratu; zergatik ez jarri indarra beste honetan?; hau eta hura lortzeko zer egin behar duzuen azalduko dizuet...". Eskolako liburuzainek, aldi berean, badakite nora jo, edozertan aholkua edota laguntza behar badute. Harreman estua eta konfiantzazkoa sortzen du sare honek: uneotan, hirian dauden 42 ikastetxeetatik 36 aholkatzen dituzte –lehen aipaturiko %80a–. “Komunikazioa oinarri funtsezkoa da, hau galtzen badugu gainerakoak zentzua galtzen du, dirua banatu dezakegulako, baina zertara bideratuko den ere jakin gabe”.
HH-tik DBH-ra, 24 ekintza
Bigarren programa bat ere badu elkarlan honek: Irakurketa sustatzeko hezkuntza baliabideen programa. Eskola-liburutegiak ez dituen baliabideak eskaintzea da asmoa, Haur Hezkuntzako 2 urteko geletatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino. Guztira 24 ekintza eskaintzen dituzte, batzuk liburutegi publikoan egiteko eta beste batzuk ikastetxean bertan. “Jarraikortasuna du ona programak: bai adinean, txikitatik hasi eta gaztaroraino heltzen delako, baita eskaintzan ere, ez direlako ekintza puntualak, josten diren esperientziak baizik”.
Haur Hezkuntzan, ekintzak batez ere bideratuta daude liburuen mundua barneratzen hastera: hala nola Maleta bidaiaria –ikastetxera bidalitako liburuek etxez etxe eta familiaz familia bidaiatuko dute, haurrek maletan garraiatuta–, ipuin-kontalariak, familiarentzako gutunak, liburu tematikoak eta formatu ezberdinekoak umeekin lantzeko irakasleentzako proposamenak…
Ipuin-kontalaritzaren inguruan galdetu dio Madeori entzule batek. Katalanak azaldu du ipuin-kontalari profesionala kontratatzen dutela ekintza honetarako, eta publikoko irakasleak aipatu du eskolan oso figura estimatua dela ipuin-kontalariarena, ikastetxeko liburuzainak berak hartzen duela rol hori eta EHUn Magisteritza ikasten ari diren gazteak ere etorri ohi direla haurrei ipuinak kontatzera. Profesionalengandik jasotako narrazioa ikusgarriagoa izanda ere, interesgarri jo du Madeok EHUren ekimena, etorkizuneko irakasle izango direnak eskola-liburutegiaren bueltako dinamiketan inplikatzea onuragarria dela iritzita.
Lehen Hezkuntzan eskaintzen dituzten ekintzen artean, liburuaren egileak ikastetxea bisitatzen du eta liburuaz hitz egiteaz gain ikasleei proposatzen die istorioarentzako beste amaiera bat pentsatu eta sortzeko; handik egun batzuetara liburuaren ilustratzailea doa eskolara, eta haurrek asmaturiko amaiera alternatiboak irudi bihurtzen ditu, margolaritzaz gako batzuk ematearekin batera. Objektu Jokoa ere martxan dute: hainbat libururi lotutako objektuak dituzte potetan sartuta, eta objektu bakoitza zein libururi dagokion asmatu behar dute ikasleek –objektu batzuk ez dira hain agerikoak eta pentsarazteko jarriak daude–. Liburuei lotutako hitz-joko, iruzkin eta bestelakoekin bideoak dituzte zintzilik, baliabide gisa erabilgarri. Gomendio lehiaketa ere aitzakia ederra bilakatu da, ikasleek liburuak irakurri eta testu edo bideo bidez gomendatzeko –liburuez hitz egiteko eta horiek gomendatzeko bideak erakusten zaizkie–. “Bi hilabetetan laupabost liburu irakur ditzakete, gomendioak ongi egin nahi dituztelako eta lehiaketa irabazi nahi dutelako”.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, besteak beste, book-trailerrak egiten dituzte, eta ondoren Gironako zinema aretoan egiten dute emankizuna, ikasleentzat oso berezia den egunean; komiki tailerrak dituzte; poesia eta rap musika uztartzen dute, hizkiak eurek landuz eta grabatuz; eta ikerketa eta informazio iturrien lanketa egiten da, Google-tik harago (hasi liburutegian eta udal artxiboak, estatistikak… behar bezala ezagututa).
Horri guztiari esker, Gironako 2 eta 18 urte arteko pertsonen %55 liburutegian izan dira, ekintza horietakoren batean.
Urteekin, sare handi bat eratu da Gironan. Elkarlanean ari diren eragileek, adibidez, udako eskola egiten dute bi egunez (tailer, solasaldi, ekitaldi eta abarrez osatuta); Bibliohack delakoa ere antolatzen dute, liburuzaintzari lotutako maratoi moduko bat, taldean; eta Gironako eskola-liburutegiek mintegiak antolatzen dituzte beren arteko esperientziak partekatzeko.
Markina-Xemeinen, “denon proiektua”
Deskantsuaren ostean, Igor Idoeta Markina-Xemeingo liburutegi publikoko liburuzainak hartu du hitza jardunaldietan, beraien esperientzia kontatzeko. Lehenik, eskola-liburutegien egoera “lotsagarria” nabarmendu nahi izan du. Eta horri lotuta aipatu du ikastetxeek gaur egun jorratu behar duten Irakurketa Plana: “Ez da dokumentu txarra, baina gogoeta gehiago behar du. Gainera, nork egin behar du plana, ze baliabiderekin…? Administraziotik ez dago apusturik”.
Hiru ikastetxe dituzte herrian, Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara hartzen duten bi eskola (publikoa eta itunpekoa) eta Batxilerra. Duela hamabost urte abiatu zuen elkarlana liburutegiak lehenengo bi ikastetxeekin, eta baldintza batzuk jarri zizkien: urtero diru kopuru bat bideratu behar zuten ekimenera, ikastetxeak pertsona arduradun bat jarri behar zuen, eta epe luzerako proiektua izan behar zuen, ez urtebeteko kontua. Ekimenak eskola publikoan funtzionatu du, itunpekoan ez: “Kontzertatuan inork ez zuen proiektuan sinesten, gure ekintza guztiek kale egiten zuten eta azkenerako harremana apurtu zen. Uneotan, gure erronka handiena da ikastetxe hau ere gure taldera ekartzea”.
Eskola publikoarekin bai, irakurketa proiektua jarri zuten martxan, eta horretarako batzordea sortu zuten, eskolako, guraso elkarteko eta liburutegi publikoko ordezkariek osatuta. “Proiektua ez da bakarrik eskolarena, gure proiektua ere bada, denok gara parte, eta eskolari irakurketa proiektua egiten laguntzen ari garela esan dezakegun hein berean esan dezake eskolak herriko liburutegiari laguntzen ari zaiola irakurketa proiektua egiten”. Gogor mintzatu da Idoeta: ez dago herriko irakurketa planik duen liburutegi publikorik. “Eskolei eskatzen diegu irakurketa plana egiteko, eta guk liburutegiok, zer? Mailegu zerbitzu gero eta hobea dugu, bai, baina ez dago helbururik, irakurketari lotuta. Eta irakurketa hain garrantzitsua baldin bada, tartean gizarte kritikoa sortzeko, zein funtzio bete nahi du liburutegiak, botikarena (‘irakurri hau, oso ongi dago’) ala anbulatorioarena (‘pantailekiko esposizioa arazo handia da gaur egun, goazen gogoetatzera zer egin dezakegun horren aurrean; erronka hau eta hura ere baditugu…’)?”. Gogoeta falta dela dio Idoetak, gai guztien inguruko diagnostikoak egiten dituztela herrietan, ez aldiz herriko irakurketa maila, gogo eta abarren inguruan.
"Eskolei eskatzen diegu irakurketa plana egiteko, eta guk liburutegiok, zer? Irakurketa hain garrantzitsua baldin bada, tartean gizarte kritikoa sortzeko, zein funtzio bete nahi du liburutegiak?"
Proiektuaren baitan hogei ekintza baino gehiago dituzte, baina liburuzainak ez ditu azaldu, gakoak azpimarratu ditu: lankidetza eta sarea osatzea, hartutako erabakiak benetan aurrera ateratzea, eta irakurketa planarekin jorratu nahi dena zedarritzea. “Gure kasuan, poesia edota ahoz gorako irakurketa jorratzen ditugu, ez ordea idazketa eta informazio bilaketa; eta hori argi izatea inportantea da, gero ekintzak antolatzeko lortu nahi denaren arabera, orokorkerietan erori gabe”. Adibidea jarri du: HH2tik DBH4ra irakurleen txokoa dute hilean behin, eta helburua da parte-hartzaileek gaitasunak eskuratzea irakurritakoaren inguruan fundamentuz aritzeko. “Proiektu guztian behin ere ez daukagu idatzita helburu gisa ‘irakurketa bultzatzea’”.
Baztango esperientzia: diagnositik sarea egitera
Azkenik, Idoia Sobrino liburutegi publikoko liburuzaina mintzatu da jardunaldietan. Kritikatu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak “nahiko interes gutxi” duela eskola-liburutegietan, baina bederen lortu dutela Nafarroako Liburuzainen Elkartearen eskutik 2017tik ikastaroa ematea ikastetxeei, eskola-liburutegiak sortzeaz, kudeatzeaz eta dinamizatzeaz.
Baztanen, 2022an formakuntza hori eman zutelarik, proiektu bat sortu zen. Baztan hamabost herritan dago banatuta eta 8.000 biztanle inguru dira guztira; horietatik 3.000 Elizondon bizi dira. Herri txikiak dira eta bertako eskola batzuek apal bat edo pare bat dute liburuz beteta, beste batzuek berriz, irakurketa txoko antolatuagoa. Eskolaz eskola, bakoitzaren liburutegiaren datuekin diagnosia egin zuten eta bilera antolatu zuten Idoia Sobrinok eta eskola bakoitzeko ordezkariek, diagnosia partekatu eta elkarrekin zer egin gogoetatzeko. Hiru hilean behin biltzen ziren, eta solasaldi haien ondorio izan ziren, besteak beste, Baztango liburutegien sarea sortzea eta herritarren artean zabaltzea –herriz herri dauden irakurketa baliabideak ikusarazita–, sarearen erakusketa ibiltaria egitea, Liburuaren Eguna antolatzea, eta book-tubeen tailerra eta emanaldi publikoa plazaratzea. “Tamalez, proiektuak bi urtez iraun zuen, ni beste liburutegi batera mugitzearekin batera desagertu baitzen. Espero dut noizbait bueltatzea eta proiektuari berriro ekitea, instituzioetatik babesik ez dagoenean proiektuak sortu eta hil daitezkeelako pertsonen borondatearen arabera”.
Ariketa praktikoen txandari heldu diote irakasle eta liburuzainek. Ostean, motxila bete apunte atera dira jardunalditik, baliabideak eta gogoa jarriz gero ekimen eder askoak garatu daitezkeela konbentzituta.