Gose grebalarien “garaipena”

  • Erresuma Batuan atxilo dauden hiru aktibistak euren eskaera "giltzarrietako" bat lortu ostean utzi dute greba: gobernu britainiarrak ez dio 2.000 milioi liberako kontratua emango Elbit Systems UK Israelgo armagintza enpresaren filialari. 

31 urteko Heba Muraisi 73 egunez izan da gose greban
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Heba Muraisi-k, Kamran Ahmed-ek eta Lewie Chiaramello-k 73, 66 eta 52 egun gose greban eman ostean utzi dute protesta ekimena bertan behera. Kausa bereko beste lau lagun gose greban egon ziren aurretik, baina ofizialki "etenaldian" zeuden. Horiek ere bide bera hartuko dute. Zortzigarren kide batek, Umer Khalid-ek urtarrilaren 10ean gose greba berriro hasi zuen eta gobernuari esaldi soil batekin ohartarazi zion: "14 egun dituzu negoziazioetan hasteko, eta ondoren, ura edateari utziko diot". Umer beraz da gose greban jarraitzen duen bakarra, gaur gaurkoz.

Gazte hauek 18 hilabetez behin-behineko espetxealdian egon dira, fidantzarik gabe, Erresuma Batuak Israelen genozidioan konplizitatea geldiarazteko egindako ekintza zuzen ez-biolentoengatik. Erresuma Batuko gobernuak Israel babesten duela eta espetxean jasaten dituzten tratuak salatzeko jateari utzi zioten azaroan.

Hilaren 14an jakinarazi dute muturreko protestari amaiera eman diotela, eskaera "giltzarrietako" bat lortu ostean: Erresuma Batuko Gobernuak 2.000 milioi liberako kontratua ukatu dio herrialdean egoitza duen Elbit Systems UK armagintza enpresa israeldar garrantzitsu baten filialari. Hain zuzen, enpresa horren egoitza batean sartu eta materiala suntsitzea egotzita behin-behineko espetxealdian daude aktibistak, epaiketaren zain. 

Gose greba hasi zutenez geroztik, grebalarien osasun egoera larriak alarma piztu du mediku, aktibista eta nazioarteko erakundeen artean, heriotza arriskuan egon direlako. Are, grebalariak eta euren senideak laguntzen dituen PFP Prisoners for Palestine taldean jarduten duten hainbat osasun espezialistek kezkaz adierazi dute gose greba amaituta ere, grebalariek "kalte sendagaitzak" pairatzen dituztela.

Hala eta guztiz ere, pozarren agertu dira  PFPko kideak, eskaera nagusietako bat lortu dutelako: "Akordio honen ezeztapena garaipen biribila da gose grebalarientzat, beren gorputzak kartzelan zituztela aurre egin baitzioten Palestina kolonizatzeko eta okupatzeko Israelgo arma fabrikatzaile handiena den Elbit Systems-en papera salatzeko". Gaineratu dute "une historiko gisa" gogoratuko dela egindako gose greba, eta Britainia Handiko estatuarentzat "erabat lotsagarria" izan dela.

Gose grebaren bitartez baldintza hobeak eta espetxeetako osasun arloko arduradunen eta presoen ordezkarien arteko bilerak ere lortu dituztela azpimarratu dute.


2026ko otsailaren 2
Libertà

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.