Gezurrak bildu, egia aurkitzeko

Jesu Kristok zerutik bidali omen zuen gutuna, atseden eguna larunbatetik igandera aldatzea justifikatzen duena. Horrelako dokumentuak daude Johns Hopkins unibertsitateko Bibliotheca Fictivaren bilduman. Argazkia: Bibliotheca Fictiva
Jesu Kristok zerutik bidali omen zuen gutuna, atseden eguna larunbatetik igandera aldatzea justifikatzen duena. Horrelako dokumentuak daude Johns Hopkins unibertsitateko Bibliotheca Fictivaren bilduman. Argazkia: Bibliotheca Fictiva
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Erroma, 1498. Giovanni Nanni (1437-1502) fraile dominikoak, Annius Viterbokoa ezizenez ezagunagoak, Antiquitatum variarum izenburuko lan mardula argitaratu zuen, ordurarte ezezagunak ziren greziar eta erromatar egile klasikoen testuak jasota. Eta testu horiek ezezagunak ziren faltsuak zirelako, Nannik berak asmatu zituelako.

Errenazimendu betean, italiarrak ziren nagusi, baina kultura grekoerromatarra berpizteko ahalegin horretan, italiarrek ez zuten gustuko erromatarrak greziarrak baino askoz beranduago iritsi izana. Haientzat, lehenago iristeagatik, grezir kultura sofistikatuagoa zen eta eragin eta autoritate handiagoa ematen zion horrek, Nannik narratiba iraultzea erabaki zuen, eta horretarako, existitzen ez ziren frogak asmatu zituen.

Nanniren lanak “sekulako eragina izan zuen argitaratu zenetik XVIII. mendearen erdialdera arte”, Walter Stephens historialariaren esanetan, eta Anthony Graftonek zioenez, “Europako herrialde guztien lehen historiak perbertitu zituen”. Horren adibide da Suediako Hjalmar eta Hramerren saga apokrifoa, 690. urte inguruan Lucas Halpapek “berreskuratu” eta asmatu zuena. Hasieratik faltsua zela susmatu zuten,  baina, esaterako, Carl Lund pseudohistorialariak testu hura baliatu zuten suediarrak antzinako greziarrekin lotzeko.

Bibliotheca Fictiva

Bi idatzi horien kopiak Johns Hopkins unibertsitateko (Baltimore, AEB) Bibliotheca Fictivan daude gaur egun. Faltsifikazio historiko eta literarioak biltzen dituen liburutegi berezi hori 22.000 dokumentuz osatuta dago. Aipatutakoez gain, bilduma horretan daude, esterako: Jesu Kristok berak zerutik bidalitako gutuna, atseden eguna larunbatetik igandera aldatzea justifikatzen duena, eta ziurtagiri modura Gabriel arkanjeluaren sinadura duena; Diktis Kretakoak eta Dares Frigiakoak Troiako gerraren lekuko izanik idatziz jasotako kontakizun asmatuak, Homerok utzitako hutsuneak komeni bezala betetzen dituztenak; edo Publio Lentuno kontsulak, Judeako gobernadoreak, Erromako senatuari bidali omen zion gutuna, Erdi Aroan asmatua, Jesus Nazaretekoa fisikoki deskribatzen duena, hur koloreko hilea eta begi grisak zituela zioena…

Arthur eta Janet Freeman senar-emazteak 1961ean hasi ziren dokumentu horiek erosi eta bilduma berezia osatzen. Baina 50 urte geroago egokiena lan faltsu horiek guztiak ikerketa erakunde  baten esku uztea zela erabaki zuten

Arthur eta Janet Freeman senar-emazteak 1961ean hasi ziren dokumentu horiek erosi eta bilduma berezia osatzen. Baina 50 urte geroago egokiena lan faltsu horiek guztiak ikerketa erakunde baten esku uztea zela erabaki zuten –eta bide batez, urte haietan xahututako dirua neurri batean berreskuratzea–. Johns Hopskinseko irakasle eta kontserbatzaile Earle Havensek interesgarritzat jo zuen bilduma, baina unibertsitateko arduradunak konbentzitu behar zituen gezur andanaren truke dirutza gastatzeko. Freemandarrek ez zituzten soilik faltsifikazioak bildu; horiek gezurtatzeko egindako lanak ere jaso zituzten, eta hori erabili zuen Havensek dekanoaren baiezkoa lortzeko. “Egiaren bila ikertzen duen erakunde bat gara, eta horretarako ez diegu soilik guztiz egiazkoak diren gauzei begiratu behar. Egia ez diren gauzak ere ulertu behar ditugu: gezur horiek kulturak nola xurgatzen dituen, nola eragiten duten gure ideiak taxutzen, aurrejuzkuak nola sorrarazten dituzten…”.

Unibertsitateak bilduma erosi eta Bibliotheca Fictiva zabaldu zuen 2011n. Fake news edo albiste faltsuak kontzeptua ez zen ia erabiltzen oraindik, gezurrezko dokumentuek ehunka urte izan arren. Gaur egun, katalogo bat osatu eta titulu guztiak online jarri berri dituzte, ahalmen kritikoari laguntzen dioten horrelako egitasmoak sekula baino beharrezkoagoak direnean. 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.