Gezur txiki batek zabaldu zizkion bizibide berrirako ateak Fina Salegiri. Zinemaren tripetan ibili zen hamarkada luze bitan artaldea gobernatzen ikasitakoak eta bere ausardia lagun.
Elgoibarko mendietan artzain ibili zen umetan, eta artean nerabe zela, Urretxura joan ziren gurasoek taberna hartu zutelako han. Tabernan kabitu ez, eta Donostiara joan zen ikastera. Kasualitateak zinemara eraman zuen eta produkzio lanetan ibili zen hogei urtez. Alaba jaio zenean pantailak utzi, eta landa turismoan ibili zen lanean. Orain, erretiroa hartuta, lasai bizi da.
Euskadiko Filmategiak, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk 1980ko hamarkadan egindako lau filma zaharberrituko dituzte. Horietako hirutan egin zenuen zuk lan.
Bai, halaxe da: Ehun Metro, Hamaseigarrenean Aidanez eta Zergatik Panpox.
Nola gogoratzen duzu garai hura?
Zoragarri, Itzel. Ez lanean bakarrik. Ni Donostiara joan nintzen ikastera. Zazpi neba-arreba gara gu, eta etxean nahiko lan bazen. Ni izan nintzen horrela alde-edo egin zuen bakarra. Hain libre sentitu nintzen Donostian nahi nuena egiteko! Esperientzia itzela izan zen.
Donostiara ikasteko gogoak eraman zintuen, baina nola iritsi zinen zinemaren mundura?
Maruja tabernan egoten ginen, eta bertan kultura munduko jendea batzen zen orduan. Behin Angel Amigo eta bere taldea zeuden han. Film bat egiteko asmoa zutela kontatu ziguten: Segoviako ihesa. Ea makinaz idazten banekien galdetu zidaten. Baietz erantzun nien. Ez neukan ideiarik ere.
Gezur txiki bat norbere biziraupenaren izenean…
Ezjakintasuna oso ausarta da, eta beharra daukazunean edozeri heltzen diozu. Nik pentsatzen nuen, “zinema zer izango da, bada?”. Lanean beltz ohituta nengoen. Olivetti idazmakina eta mekanografiarako ikasketa liburu bat erosi nituen. Makina oraindik ere gordeta daukat. Ikasi nuen makinaz idazten neure kasa, eta zineman sartu nintzen. Zinemako lehenengo lanak kobratu gabe izaten dira. Janaria, bidaia gastuak eta mantenua ordaintzen dizkizute, eta trukean ogibidea ikasten duzu. Meritoriaje deitzen zaio. Niri 18-20 ordu lan egiteak ez zidan beldurrik ematen, ez nintzen nekatzen. Hori Segoviako ihesa-n ari zen taldeak ikusi egin zuen. Edozeri heltzen nion: animaliak, argiak… nik lan egin nahi nuen. Hortik aurrera hasi zitzaizkidan deika eta gelditu gabe egin nuen lan hogei urtez.
Donostiara ikastera joan zinela esan duzu. Zer ikasi nahi zenuen?
Eskolara gutxi joandakoa naiz ni. Ez genuen aukerarik izan etxean. Nire asmoa nagusientzako unibertsitatean sartzea zen, baina lana ere behar nuen. Dirua behar nuen. Orduan, produkzioan hasi nintzenean liburuak erosten nituen. Autodidakta izan naiz. Kontabilitatea, esate baterako, neure kabuz ikasi nuen liburuetatik.
"Behin Angel Amigo eta bere taldea zeuden han. Film bat egiteko asmoa zutela kontatu ziguten: Segoviako ihesa. Ea makinaz idazten banekien galdetu zidaten. Baietz erantzun nien. Ez neukan ideiarik ere"
Hogei urte esan duzu. Zineman hasi zinen, baina publizitatean ere lan egin zenuen gero.
Asko. Publizitatean garaiko iragarki famatuetan ibili nintzen. Marka handiekin lan egin nuen: Codorniu, Kellogs…
Lana desberdina zen zineman eta publizitatean?
Produkzioa, berez, beti da koordinazioa eta antolakuntza: garraioa, lotarako lekuak, lan taldearen mugimenduak, atrezzoa, grabaketarako baimenak… Eurotan esaten ez nuke jakingo, baina, demagun, garai hartan iragarki batek 100 milioi pezeta balio bazituen, filma batek antzerako aurrekontua zeukan. Hori bai, iragarki bat hiru egunetan grabatzen zen; beraz, lan handia egin behar zen aurretik. Storyboard-a bidaltzen zidaten Madriletik grabaketarako aurkitu behar nituen lokalizazioekin, eta nik Euskal Herria, Asturias eta Kantabria arakatzen nituen leku horiek aurkitzeko. Aurkitzen nituenean argazkiak ateratzen nituen, errebelatu eta Madrilera bidali. Orduan ez zegoen argazkilaritza digitalik: aireportura joaten nintzen eta norbaiti mesedez eskatu argazkiak Madrilera eramateko han norbait izango zuela zain. Hortik hasi eta dena prestatzen nuen: ekipoa, jana, hotela …
Lan horretatik gogorrena zer zen zuretzat?
Gehienetan pertsonak. Pertsonen taldeak kudeatzea ez da erraza. Gogoratzen naiz Segoviako ihesa-n Ondarroako figurante bat etorri zela. Goardia Zibil jantzi genuen, eta preso bati jotzeko itxurak egiteko eskatu zioten. Kristorenak eman zizkion! Figuranteen ardura nirea zen, eta esan nion ez egiteko halakorik, eta bera burugogor: jotzeko esan ziotela berari. Jendearen ateraldiak gutxi ez, eta, gaizki ateratzen zen guztiaren errua produkzioak izaten zuen. Orain ere hori hala izango da.
Garai horretan emakume gutxi izango zineten kameren atzean lanean.
Ni ez nintzen kontziente, baina behinola esan zidaten produkzioan ari ziren emakume bi bakarrik geundela: ni Euskal Herrian eta Esther García Espainian. Garcíari saria eman diote orain Zinemaldian. Makinaz idazten banekiela esatera ausartu nintzelako sartu nintzen zinema munduan, baina nik ikusten nuen produkzioan bazegoela emakumeen beharra. Amaren lana ere egiten genuen. Zine munduko jendea berezia da eta aktoreak izar handi legez ikusten ditugu, baina grabaketa batean sortzen zaizkien arazoak mundutarrak dira. Adibidez, aktore batek izan dezake ipurdia erreta, eta orduan errazago esaten zizkiguten halakoak guri gizon bati baino. Hiru pelikula egin ditut nik itsasontzietan. Ateratzen ginen goizean eta gauerdira arte itsasoan. Zuk uste duzu produkzioan ari ziren gizonei burutik pasa zitzaiela inoiz, bada ez bada tanpoi batzuk-edo eramatea neskaren batek hilerokoa izan zezakeelako? Zinema mundua erabat gizonena zen, eta ni konturatzen nintzen asko eskertzen zidatela nire lana.
Talde barruko harremanetan igartzen zen emakume gutxi zeudela?
Nik nahita sartu nituen neskak antolatzen nituen lan taldeetan. Emakumeok beste buru bat geneukan lanaren antolaketarako. Gero, egia da orduan ez nintzela suposatzen zuenaz kontziente, baina lanean gogor ari ginela, agian “ze guapa!” esaten zidaten. Tabernan etengabe entzuten nituen halakoak eta ez nuen ulertzen halako komentarioek nola markatzen duten boterea. Taldeak 100 lagunekoak-eta izaten ziren. Aktoreek bizitza pertsonalean zituzten arazoak ere konpondu egiten genituen eta aktoreak babestu. Orain andre gehiago ari dira produkzioan gizonak baino. Egun, teknikari zein zuzendari asko ere emakumeak izaten dira zorionez.
"Zuk uste duzu produkzioan ari ziren
gizonei burutik pasa zitzaiela inoiz, bada ez bada tanpoi batzuk-edo eramatea neskaren batek hilerokoa izan zezakeelako?”
Lanerako moldeak asko aldatu dira produkzioan?
Izugarri. Begira, orain dela lau urte Erase una vez (Bazein behin) pelikulatik deitu zidaten lanerako. Sartu nintzen, eta hilabete bira konturatu nintzen ez nintzela kapaz gaur egun filma bat egiteko. Dena digitalizatu da eta ez nuen materiala ezagutzen. Atera egin nintzen filmetik.
Urte askotan produkzio lanik egin gabe egon zinelako, agian?
Baliteke. Jarraitu izan banu, nire burua berriztuz joango nintzen, baina alaba jaio zenean utzi egin nuen. Egin ditut gero ere iragarki txikiak-eta tarteka, baina ama izanda, ez nuen nahi sei hilabete etxetik kanpora egon. Ez nuen nahi umea utzi. Ama izan eta gero, beste lan mota batzuetan ibili izan naiz: komertzial, argazki eta diseinuan, irratian…
Zinema egiteko moduak asko aldatu dira, baina zenituzten baliabide apurrekin nola moldatzen zineten?
Euskal Herrian ekipoak falta ziren. Bartzelonatik eta Madriletik ekartzen zituzten materiala eta pertsonala. Bertakoak lau katu izaten ginen, eta denak laguntzaileak. Eskertzekoa da hemen eskolek eta diru-laguntzek egin duten lana. Hori bai, ilusioa geneukan lanerako, eta lotsagabeak ginen. Neu hasita! Baserri bat behar bagenuen grabaketa baterako, eta nagusiak ezetz esaten bazigun, haserretu egiten nintzen: “Nola ezetz! Filme bat da!”. Niri zineman sartu nintzenean aholku bat eman zidaten: produkzioan ari zarela, elefante urdin bat eskatzen badizute, zuk lortu egin behar duzu. Ezin duzu sekula ezetzik esan. Hori sinistuta egin dut nik lan urte askotan.
Elefantea esan duzula, zure inguruan badago legenda bat animaliak hipnotizatzen zenituelako...
Hamalau urte egin nituen mendian 200 ardi eta 100 ahuntz zaintzen txakurra eta astoa hartuta. Han egoten nintzen euliei begira, txoriak entzuten, inurriek nola lan egiten zuten begira… asko ikasi dut animaliengandik. Seguruenetik, produkziorako balio izan didaten gauzak ere bai. Zineman 100 lagun inguruko taldeak ziren, eta artaldeak ere antzera. Ardiak antolatzera ohituta nengoen lur sail jakin batetik atera ez zitezen, errepidera joan ez zitezen… Hau ez da garrantzitsua agian elkarrizketarako, baina gauza batzuetan ardien antza hartzen diot neure buruari: gaixotzen naizenean bakartu egiten naiz. Ardiek berdina egiten dute. Umea egitera doazenean edo gaixotzen direnean artaldetik urruntzen dira. Gero, mago batek erakutsi zidan oiloak eta usoak hipnotizatzen. Oso gauza sinplea da: buelta ematen diezu azkar eta segundo batzuetan geldi-geldi geratzen dira.
Eta horrek zinemarako balio izan dizu?
Ez gutxi gainera! Kellogserako iragarkia egin behar genuen, Anbotopean. Joan nintzen lehen egunean lokalizazioak egitera, eta andre ilehori bat etorri zitzaidan. Spot bat grabatuko genuela eta eskuarea eskatu nion, eta hark utzi. Handik egun bira-edo joan nintzen eta oiloak eta txakurra behar nituen. Egun argiz grabatu behar genuen, eta goizaldeko ordu biak inguruan hasi nintzen oiloen bila, eta han aurkitu nuen andre hori berriz ere bidean. Bere txakurra utzi zidan. Oiloak beheragoko baserri batean zeudela esan zidan. Kellogsek, badakizu, oilar bat dauka kutxan, eta zuzendariak esan zidan ea oilarra arbola gainean geldi egotea lortuko nuen. Baietz esan nion, baina segundo gutxiko kontua zela, eta azkar grabatu beharko zutela. Eman nion oilarrari buelta eta han jarri nuen arbola gainean geldi-geldi atzean Anboto zuela. Orduan, zuzendariak esan zidan “kantatuko balu…”, eta han agertu zen emakume ilehori hori berriro: kamera atzean oiloari min egin eta oilarra hasi zen kantuan. Harrezkero mundu guztiak pentsatzen zuen magia egiten nuela animaliekin.
Oliveti zaharra erosi egin behar izan zenuen, baina animalien kontuak ondo zenekizkien.
Bai, eta janari kontuak ere ondo ikasita nituen gurasoen tabernan. Lanean beltz ohituta nengoen. Ezjakintasuna ausarta da, eta pentsatzen nuen agintzen zidatena agintzen zidatela, zerbaitekin helduko nintzela.
Kontziente zinen orduan beste neska batzuentzat bidea egiten ari zinela?
Ez. Beste batzuek esan arte ez nuen horretan pentsatu.
"Interneti esker,
asko irakurtzen dut orain biologiaz eta astronomiaz, adibidez. Ikasteko aukera
bai bota izan dut
faltan”
Eta esan zizutenean, erreferente izan zintezkeela edo pentsatu zenuen?
Ez dut sekula harrotasun hori izan. Nire harrotasuna izaten zen lana ondo egiten nuenean txaloak edo zorionak jasotzea. Hori gustatu egiten zitzaidan, baina beste guztian ez nuen pentsatzen orduan.
Espainian ere lan asko egin zenuen. Lanerako modua desberdina zen etxean eta kanpoan?
Dena zen desberdina, baita madrildarrak eta bartzelonarrak haien artean ere. Madrilen lan egiten genuenean, gauero izaten zen parranda. Katalunian ez zegoen halakorik; hori bai, antolakuntzarekin eta ordainketekin oso zintzoak ziren. Madrilen diru gehiago eskaintzen ziguten askotan, baina beti beranduago eta beti herren.
Atzera begira zer ez zenuke berriro egingo?
Orain ikusten dut nola uzten genuen guztia eta… diru asko dagoenean dena konpontzen da: etxea garbitzeko enpresak kontratatzen dira, kaleak garbitzea ordaindu egiten da. Gu aurrekontu txikiekin ibili ginen, ostera, eta mundu guztia izorratzen genuen. Zinea gauza handia da eta pentsatzen dugu munduaren zentroa garela, baina jendea oso lasai bizi da gu gabe. Eta gero, antzerki munduko aktoreak etortzen ziren lanera kobratu gabe edo oso gutxi kobratuta. Pentsa ze miseria! Ez haien partetik e, gure partetik baino, enpresaren partetik. Atzera begiratzen dudanean konturatzen naiz enpresek abusatu egiten zutela.
Kulturak beti izan du desbalorizazio hori, ezta?
Orduan horrela funtzionatzen zuten gauzek, ez zinemak bakarrik. Kulturgile asko zebilen kausa askoren alde kobratu gabe lanean. Gu enpresentzat ari ginen lanean, ordea. Baina egia da, oraindik ere, gazteak diziplina guztietan hartzen dira ordaindu gabe.
"Juanma Bajoa Ulloa, adibidez, nirekin ibili zen praktiketan. Zuzendaritza ataleko ikaslea zen, eta eskola amaieran egin zuen film laburrerako guk prestatu genion produkzio plana"
Kasualitatez hasi zinen zu produkzioan eta irakasle ibili zinen gero Gasteizko Zine Eskolan.
Produkzioko ikasleek proiektu bat egin behar izaten zuten amaieran. Nik gidoiak hartu eta produkzio teknikariek egin behar zutena antolatzen laguntzen nien.
Zuri azaldu zizun inork produkzio lana gero zuk besteei azaldu bezala?
Niri? Nik mahai azpira begiratuta ikasi nuen. Produktoreek, gizonak denak, ez zidaten ezer azaltzen. Esan gabe esaten zidaten, “zu ez sartu hemen!”. Orduan, haiek falta zirenean haien paperetan sartzen nintzen. Ez zen gauza pertsonala, lana zen, eta nik ere lan hori egin behar nuen; beraz, baimen osoa ematen nion nire buruari eginda zutena begiratzeko.
Zurekin praktiketan ibilitako ikasleak ikusi dituzu zineman?
Bai. Juanma Bajoa Ulloa, adibidez. Zuzendaritza ataleko ikaslea zen, eta eskola amaieran egin zuen film laburrerako guk prestatu genion produkzio plana. Eta gero berarekin lan egin nuen bere filmetan.
Herri txiki batean eta lasai bizi zara orain, baina garai batean hara eta hona ibiltzeaz gainera, fama handiko jendearekin lan egin duzu.
Bai, baina denek ez diote errespetu handia izan lanari. Behin aktore bat paparretik helduta atera nuen hoteletik. 25 milioi pezeta kobratzen zituen orduan, pentsa! Joan nintzaion hotelera bila, eta bera etortzen ez. Sartu nintzen haren gelara eta han zegoen, zetazko pijama zuria soinean, mozkor itzelarekin. Kobratzen zuen guztia kobratuta eta besteon lanari hain errespetu gutxi! Busti nion aurpegia toalla batekin eta han eraman nuen errodajera. Gehien kobratzen zutenak ere ez ziren Jainkoak!
"Behin aktore bat paparretik helduta atera nuen hoteletik. 25 milioi pezeta kobratzen zituen orduan, pentsa! Joan nintzaion hotelera bila, eta bera etortzen ez. Sartu nintzen haren gelara eta han zegoen, zetazko pijama zuria soinean, mozkor itzelarekin"
Umetan artzain ibili zinen, eta gero gurasoek taberna jarri zuten.
Bai, goizeko bostetan irekitzen genuen eta goizaldeko hiruretan itxi.
Zineman sartu zinenean faltan botatzen zenituen aurreko lanak?
Artzaintza bai. Esperientzia itzela bizitzen ari nintzen, baina ezin nituen mendia eta ahuntzak ahaztu. Berriz jaioko banintz artzain izango nintzateke.
Hara, bada, galdetzera nindoan ea berriro jaioz gero, ikasketak eta produkziora bideratuko zenituzkeen.
Artzain izango nintzateke. Gogoratzen dut Almerian grabatu nuela film bat Antonio Banderas eta Rosario Floresekin, besteak beste. Igandetan, artzain batengana joaten nintzen mendira. Amarekin bizi zen artzaina eta tabakoa, garagardo batzuk eta amarentzako opariren bat hartu, eta han pasatzen nuen eguna.
Oso mundu desberdinetan mugitu zara. Zer geratu zaizu egin gabe?
Ikastea. Interneti esker, asko irakurtzen dut orain biologiaz eta astronomiaz, adibidez. Ikasteko aukera bai bota izan dut faltan.