Deserria ezagutzen duen orok ezagutzen du haren mina; are gehiago bakarrik egindako bidaia izan bada, eta zer esanik ez gazte, gazteegi egindakoa bada. Horietako bat da Omar Akallach, umetan Maroko jaioterritik alde egin eta bidaia luze baten ostean Euskal Herrira heldu zena. Etxea utzi eta ia hamarkada bat beranduago egin du bueltako bidaia, atzean utzi zuena berriz topatzeko asmoz. Berarekin egin du bidaia ARGIAk eta bertatik bertara ikusi ditu txanponaren bi aldeak: bizitza hobea bai, baina lehengoa galdu duen gaztearen patua.
Azaroko astegun buruzuri baten goizaldea da, baina ez du hotzik egiten; Mediterraneoaren beste alde hartan beti ei da horrela. Kostako hiri handi baten kanpoaldean, turistei zuzendutako jatetxe eta hotelen artean, ume bat dabil, lotarako ordua aspaldi pasatuta, bertan dabiltzan dirudun apurrei loreak saldu nahian. Telefono mugikorra paparrera lotuta darama, gurasoek etxera joateko baimena noiz emango. Baina badaki ez duela horrelakorik izango esku artean daramatzan lore guztiak saldu arte; horixe esan dio paseoan aurkitu duen gizonari. Zorteko dago: eskuan zituen guztiak erosi dizkio, eta badoa, leher eginda, etxera. Gizonak lore bana eman dizkio hitzok sinatzen dituen kazetariari eta alboan duen lagunari, bera adin txikikoa zela hezitzaile izan zuenari; eta gainontzekoak amari-edo emango dizkiola dio. Alboan dituenek ez dakitena da loreak erosi dizkion 7 urteko ume hori bera izan zitekeela; are, izan zela, duela hamarkada bat kale gorria ezagutu zuenean. Orain itsasoaren beste aldean bizi da, Kantauri deritzon beste itsaso hotzago baten parean, eta bederatzi urtean lehen aldiz egin du behinola egin zuen bidea, baina alderantziz, etxera itzultzeko bidea: ume joan zen, eta gizonduta dator. Dena sumatu du ezberdin, baina berdin aldi berean: gauza askorik ez dela aldatu dio, baina bera, dagoeneko, ez da lehengo bera.
"Milioika euro balio dituzten estadioak ari dira eraikitzen, eta inon baino bizkorrago ari dira; baina bitartean, ume horrek ezin du etxera joan lore guztiak saldu arte", dio Omar Akallachek. Herrialdeko protestak apaldu ostean heldu baita Akallach bere jaioterrira, Marokora. Bere bizilekutik, Alonsotegitik (Bizkaia), jarraitu ditu protesten nondik norakoak. Ondo ezagutzen ditu kaleetan izan diren bere adinkideek, Z belaunaldiak, egin dituzten aldarriak, salatzen duten guztiak ardaztu baitu bere bizitza. 2030ean herrialdean –baita Espainiako Estatuan eta Portugalen ere– egitekoak diren Munduko Futbol Txapelketak piztu zuen txispa, bertara bideratu duten dirutzak. Izan ere, txapelketa jokatuko den hogei estadioetatik sei Marokon egongo dira, eta 1.300 milioi euroko aurrekontua dauka gobernuak horretara bideratuta; horien artean dago eraikuntza fasean dagoen eta munduko handiena izango den Hasan II estadioa. Futbolari egindako kontzesioak izan ziren haserrea piztu zutenak, baina herrialdearen egiturazko gabeziek hauspotu zituzten.
Protestak hasi eta egun gutxiren buruan, nazioarteko hedabideen azalera heltzea lortu zuten Marokoko protestek, beste zenbait herrialderekin batera, Z belaunaldiak modu eta forma berrietan gidatutako protestak izan baitziren. Eta, hain zuzen ere, protesten arrazoietako bat izan zen etorkizunerako aukerarik eza: herrialdeko gazteen ia erdiak ez du lanik, eta laurdenak ez du ez lanik ez ikasketarik. Horri gehitu behar zaio protesten bigarren arrazoia: osasungintza. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 10.000 biztanleko 25 mediku gomendatzen ditu; Marokon 7,7 baino ez daude. Zenbait eremutan 4,4ra jaisten da zenbakia, hala nola, Agadirren: hain zuzen ere, protesten bezperetan eskualde hartako ospitale publikoetan zortzi emakume hil ziren erditzen ari zirela. Osagai horiek guztiak batuta, eztanda egin eta kalea hartzea saihestezina zen.
Protesta horietan izan zen Ali –abizenik ez da ageri erreportajean, bere pribatutasuna eta segurtasuna mantentzeko–, Akallachen umetako laguna. Facebooketik izan zuen horien berri, eta Tangerreko kaleetan pasatu zituen zenbait gau, bere herrikideekin batera protestan. “Gazteok ez daukagu etorkizunik, edo ez behintzat, nahi dugun etorkizuna sortzeko aukerarik. Marokoko gazte guztiek, Tetuango hirian, adibidez, ez dute ezer: ez lanik, ez eskubiderik, ez medikurik, ezer ez. Denagatik ordaindu behar dugu”, dio Alik; eta bataz besteko soldata 400 euroen azpitik dagoen herrialdean oinarrizko eskubideak diru truke izatea gehiegizkotzat jo dute gazteek.
Alik ere badaki zer den langabezia, ezagutu berri du. Sukaldaritzan aritua, bizi duinaren ezinak bizi du 21 urteko gaztea. Bereak eta bere belaunaldi osoarenak diren frustrazio horiek musikan islatzen ditu, hori baitu bere pasioa. “Osasungintzan, harakinak [Marokon harakin esaten diete praktika txarrak egiten dituzten medikuei, destainaz]/ hezkuntzan, diskurtsoak / baina benetako hezkuntzarik ez” esaldiaz laburtu ditu protestak, baita bere egoera ere: “Langileak kexu dira / eta langabetuak gosea du parez pare”. Etorkizunik gabeko belaunaldi baten kide sentitzen dira Marokoko gazte ez gutxi, baita Ali ere: “Hona denok jaiotzen gara apurtuta / gutako onenak kaoserako prest daude / bizitza galdu bat hiri honetan (...) negarra eragiten dizun belaunaldia / kendu zizkiguten eskubideak”.
“Gazteok ez daukagu
etorkizunik: ez lanik, ez
eskubiderik, ez medikurik,
ezer ez”
Ali, Akallachen umetako laguna
Horregatik joan zen protestetara, eta ilusioz gogoratzen ditu kalean ikusi zuen indarra eta emozioa. Baina gobernuaren erantzuna bortitza izan zen: poliziek gogor kargatu zuten bertaratutakoen aurka, eta beraien jarrera txalotu zuen Aziz Akhanouch lehen ministroak. Estatuburu Mohammed VI erregea ere ez zen protesten hasieran larregi kezkatu: herrialdean kaosa bazegoen ere, aitaren heriotzaren urteurren ospakizunetan zegoen.
Baina protestek bere horretan jarraitu zuten Marokoko kaleetan. Alik eskatzen dituen eskubide horiexen alde mobilizatu ziren Marokoko gazteak, bi astez mobilizatu ere. Politikarien ustelkeria salatu zuten, aberastasuna osten dietela aurpegiratu zieten. Kapeladun burezurra zuen bandera beltzak ikusten ziren nonahi, eta aldaketarako grina nabarmena zen. “Gazteak sutan ari dira behetik / hau da azken erronda / kontagailua jada sutan dago”, kantatu ohi du Alik. Hainbeste, ezen, Mohammed VI erregeak protesten hasieran erakutsitako patxada alde batera utzi, eta Marokoko Gobernuko Ministroen Kontseiluari neurriak har zitzan eskatu baitzion: 140.000 milioi dirham (13.000 milioi euro) bideratu dituzte 2026ko aurrekontuetara osasungintza eta hezkuntzara; 2025ekoetan baino %16 gehiago. Horrekin batera, sektore publikoan 27.000 lanpostu sortuko dituela hitzeman du Akhanouchen gobernuak.
Erregeak hitza hartu zuen egun horretan bertan gelditu ziren protestak, urriaren 10ean; Gen Z 212 kolektiboak, protestak deitzen zituenak, ez baitzuen gehiago manifestaziorik deitu. Apurren batzuk egon ziren handik egun batzuetara, baketsuak; baina aurreko asteetan ikusitako jendetzetatik urrun. Bi aste beteta bukatu ziren bi hamarkadatan Marokon izan diren protesta handienak, hiru hildako, 28 zauritu eta 400dik gora atxiloturekin, eta aipatu dirua eta lanpostuak helduko diren promesarekin. Jendea, ordea, ez dago horren ziur. “Neure buruari galdetzen diot: non daude gobernuak hitzemandako 140.000 milioi horiek? Zentimo bakarra ere ez dugu ikusi”, dio Alik.
“Herrialdeko gazteen erdia
kartzelan dago; eta beste
erdia, Pedro Sánchezekin”
Omar Akallach
Baina inor gutxik dio, publikoki, Alik ARGIArekin izandako elkarrizketan esandakoa. Ez da kasualitatea, hain zuzen ere, lerrootan agertutako ahotsen nolakotasuna: bata, Akallach, herrialdetik kanpo bizi da aspaldi; eta bestearen izena ageri bada ere, ez dago bera identifikatu dezakeen daturik, bere abizenik, izen artistikorik eta abestien izenik ez baitago, berak hala eskatuta. Izan ere, beldurra nabaria da Marokoko kaleetan: beldurra diote kartzelari, Poliziaren gehiegikeriei. Eta protesten emaitzek berretsi dute hori. Hildakoez eta zaurituez gain, izandako ehunka atxilotuek jasandako tratu txarrak salatu baititu Marokoko Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak: jipoiak eta horien ondorengo lesio larriak –hala nola haginak galtzea– janaria eta edaria ukatzea, inkomunikazioa, deklarazioak sinatzeko presioa eta beste izan direla kaleratu dute zenbait agerkarik. Horrez gain, zenbait ekintzaile feministak ohartarazi dute atxilotutako emakumeen aurkako jazarpen eta umiliazioa ere izan dela, iruzkin sexualak barne.
Geroko prozesu judizialak ere hala moduzkoak izan direla salatu dute erakunde ez gutxik, zenbait atxiloturi baldintzapeko askatasuna eman badiete ere, beste zenbaiti, epaiketa bizkor bidez, “zigor desproportzionatuak” ezarri dizkietela. Zigor horien nondik norako argirik ez dago sarean, baina iazko abenduan berriz bildu ziren Marokoko gazteak protesta egiteko: oraingoan, presoak askatzeko aldarria zuten.
Izan ere, ez da kontu berria Afrika iparraldeko herrialdeak jazartzen dituela gobernuaren aurka ahotsa altxatzen dutenak. Azken urteetan sona hartu dute kazetarien, oposizioko kideen eta giza eskubideen aurkako errepresioa salatzen duten ahotsek; gobernuaren despotismoa, ustelkeria edo herritarrengandik daukaten gero eta arrakala handiago salatzen duen oro Poliziaren jomugan dagoela salatu dute ez gutxik. “Gure aberastasuna boteredunen esku dago / bizitzak oker dirau / pelikula bera, drama bera / kolpeak, gaiztakeria (...) gazteak gaixorik, gogorik barik / polizia beti gure gainean”, egin du salaketa horiekin bat Alik.
Bidegurutzean dago, beraz, Marokoko gazteria. “Herrialdeko gazteen erdia kartzelan dago”, dio Akallachek, eta lagunari begiratzen dio, haren beldurraren jakitun. “Eta beste erdia, Pedro Sánchezekin”. Eta hori lehen pertsonan dio.
Loreak saltzen zituen umeak baino pare bat urte gehiago zituen Akallachek kalea etxe bihurtu zitzaionean. Itsasoaren bestaldeko lurraren mamua etengabe buruan, eta galtzeko gauza askorik barik, herrialdeko gazte askok egiten duten gauza bera egin zuen: iparraldera jo. “Ama beti negarrez / eta nik ametsa egi bihurtzea egin nion zin / salduko ez nauen herrialde batera ihes egin / bizi on bat lortu, zin dagit / itsasoaren atzeko herrialde kristaua / hori bai bizi zoriontsua” abestu du Alik, Akallachen bizia kontatzen ariko balitz bezala.
12 edo 13 bat urte izango zituen bideko lehen harresia gurutzatzea lortu zuenean, Ceutara pasatu zenean, kamioi batean ezkutatuta. Jada, legez, Espainiako Estatuan zegoen; baina Akallach moduan Ceutara iristen direnentzat, hori ez da Europa, hori ez da hitzemandako lurraldea. Gibraltargo itsasarteak banatzen dituen 14 kilometro eskasak mundu oso bihurtzen dira, amildegi; eta begi kolpe hutsez ikusi daitekeen lurraldea, bat-batean, atzerri. Eta horrela izan zen Akallachentzat ere, urte dezentez geratu behar izan baitzuen inoren lur ez den hiri horretan, Ceutan, itsasoa noiz gurutzatu zain.
Pare bat urte egin zituen han, kalean, portu alboan lo egiten, beste aldera pasatzen ziren kamioietan sartzen ahalegintzen –ARGIAren zenbaki honetako azalean dagoen ilustrazioa Akallachen benetako irudi batean oinarrituta dago, Ceutako portuko hesia salto egiten Guardia Zibilek harrapatu zutenekoa–, eta egunean egunekoa lortu nahian. Hasieran, loreen umearen gisan, jendeari zenbait elikagai saltzen hasi zen diru apurren bat lortzeko. “Ni ere horrela hasi nintzen, ikusi nuen arte nire bizia pertsona boteretsu baten umorearen araberakoa zela. Orduan, konturatu nintzen ez nuela galtzeko ezer". Eta indartsuenaren legea gailentzen hasi zen beraren eta berarekin kalean bizi zirenen artean; dauden ondasun apurrak eskuratzeko lasterketa. Oihaneko legea, alegia.
Baina lege horren gainetik dago estatuarena, eta batzuetan bizirauteak hori haustea beste aukerarik ez du uzten. Akallachek erreparoz hitz egiten du garai horiez, damu hitza datorkio burura. Baina bizi zituen muturreko egoerek eraman zuten bizirautea delitu bihurtzera, eta horren ondorioa garesti ordaintzera.
15 urte zituela harrapatu zuten. Orduan ezagutu zuen atzerriaren gordinena. Delituak zituzten adin txikikoentzako zentro itxi batean eman zituen bi urte, eta han benetako arrazakeria ezagutu zuela dio. “Arrazakeria mota guztiak ezagutu nituen han. Gaizki tratatzen ninduten, zentroetako zuzendariek beraiek eskaintzen ziguten droga, gure artean borrokak bultzatzen zituzten eta beste kontu askoz gehiago bizi izan nituen”. Bi urte eginda eta berriz kalean zela, ihesa, beste aukerarik ez zuen ikusi. Eta saiatu zen, gogotik saiatu ere, itsasarte hori nola edo ahala atzean uzten. “Era arriskutsu askotan saiatu nintzen beste aldera heltzen: kamioi azpietan, ferryen azpietan, itsasontzien soketan eutsita...”. Eta azkenean, goizalde batean, txatarra zeraman kamioi batean sartzea lortu zuen, Melillara heltzea, Espainiako Estatuak Afrika iparraldean duen beste hiri autonomora; eta kamioi horrek Iberiar Penintsulara eraman zuen, itsasontzian itsasoa gurutzatu eta Andaluzian agertu baitzen, Malagan.
“Nire lagunak ikusten ditut
hemendik joaten, eta bizitza
hobe batekin bueltatzen.
Imajinatu zelan sentitzen
naizen ikusten dudanean
bizitza osoa alperrik
galtzen ari naizela herrialde
honetan"
Ali, Akallachen umetako laguna
Handik, bizitza berri batera egin zuen salto, Zornotzako (Bizkaia) adin txikiko atzerritarren zentroan lur hartu eta orain alboan duen laguna hezitzaile izan zuenean. Hasierako hilabeteak gogorrak izan zirela du gogoan hezitzaileak, kalearen gordinak erakutsitakoa desikastea tokatu baitzizaion gazteari; uneoro alerta eta erantzuteko prest egoteari utzi behar izan zion, eta bila etorri zen aukera horiei heltzeko prestatu. Adin nagusitasunera heldu bitarteko hilabeteak eta geroko lehen urteak ikasten eta zenbait lan tartekatzen eman zituen, gaur egungo bizileku eta lanlekura heldu arte; Amurrioko (Araba) Jaiki eraikuntza eta mantenu industrialeko enpresan dihardu lanean.
Akallachen istorioa, gordina bada ere, ez da bakarra inondik inora ere. Marokotik Euskal Herrira eta itsasoaren beste aldera, oro har, heldutako adin txikikoen kopurua handia baita. Urterik urte Akallachen gisan heldutako gazteen kopurua gora ari da. Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina Espainiako Estatuan lagundu gabeko 15.000 adin txikiko atzerritar baino gehiago daude; 2018tik %12 hazi da kopurua. Frantziako Estatuko kasuan are nabarmenagoa da: urte bakarrean, 2022an, 15.000 lagundu gabeko adin txiki heldu baitziren; hurrengo urteetan gora egin du kopuruak. Eta gazte horiek ez dira, soilik, beren etorkizunaren bila heldu Europara; izan ere, familia osoaren euskarri izaten dira, askotan. Datu ekonomikoei begiratuta, Marokoko ekonomian pisu garrantzitsua du atzerritik bidalitako diruak. Barne Produktu Gordinaren %9,6 da atzerritik bidalitako senideen dirua; turismoarekin batera, atzerriko moneta iturri handiena.
Ez da kasualitatea, hain zuzen ere, muga gurutzatzearen inguruan negozioak ugaritzea. Espainiako eta Marokoko gobernuek muga politikak estutzen dituzten bitartean –horixe salatu du urteroko migrazio txostenak kaleratzen dituenak Caminando fronteras erakundeak–, kontrol horiei iskin egiten dizkieten bideak bilatzeari ekiten diote, eta mafiak aberasteko bide bihurtzen dira. Aspalditik dira albiste afrikarrek ordaintzen dituzten dirutzak Ceutako muga gurutzatzeko edota Ceutatik Iberiar Penintsulara gurutzatzeko; azken albisteen arabera, 6.000 euro ordaintzera ere heldu dira, muga gurutzatzen utzi diezaieten. Eta diru hori mafiara bai, baina muga poliziengana ere heltzen da, informazio ugarik baieztatu dutenaren arabera.
Edozelan ere, mafiei ordaindu edo ez ordaindu, iparraldera doan bidea arriskuz betea dago, muga kontrolak gainditzeak ez baitu esan nahi bidea libre dagoenik. Espainiako Estatuak Afrika iparraldean dituen bi hiri horietan dagoeneko egon dira dozenaka hildako zenbatzen dituzten ezbeharrak: Melillan, 2022an, gutxienez 37 pertsona hil zituzten muga gurutzatzen saiatzen ari zirela; Ceutan, 2014an, 15. Bi kasuetan, Poliziaren esku izan ziren heriotza horiek. Eta zifra horri batu behar zaio urtero-urtero itsasoan bizia galtzen dutenena: iaz 3.090 pertsona hil ziren Afrikatik Europara bidean; horietatik 437 adin txikikoak ziren. Horren aurreko urtean, 2024an, 10.400 hildako zenbatu zituen erakunde berak; datuak jasotzen dituenetik, 2007tik, izandako kopururik altuena.
Errealitate hori ezagutzen dute, ondo ezagutu ere, Maroko atzean utzi nahi duten gazteek. “Umeak kostaldean hiltzen, bakarrik / batzuk kartzeletan / besteak hilotz / bizitza duina nahi dugu / hori izan dut beti amets”, abesten du Alik. Baina, hori jakinda ere, herrialdeko gazteen esperantza nagusia da itsasoa gurutzatzea, erdiak, behintzat, horixe baitu amets. Baita Alik ere. “Etorkizunik ez duen gazte bat naiz. Nire lagunak ikusten ditut hemendik joaten, eta bueltan datozenean etorkizun eta bizitza hobe bat dute. Imajinatu zelan sentitzen naizen ikusten dudanean nire gaztaro eta bizitza osoa alperrik galtzen ari naizela herrialde honetan, inolako helbururik barik”. Lagunari begiratzen dio, ikusten du berak falta duen guztia duela hark, edo hori uste du, eta argi du: “Saihetsezina da herrialde honetatik alde egitea pentsatzea”.
Baina erraza da alde egitearen alde onak bakarrik ikustea, hori egitera heldu ez zarenean, bederen. Eta Akallachek ez du ukatzen bizi ona lortu duenik, eskertuta dago Euskal Herrian jaso duen tratuagatik; dio jendearen laguntza jaso duela bizitza bat eraikitzeko eta hari “koloreak ikusteko”. Baina, era berean, dena ez da arrosa; ez horrenbeste bizitzako baldintza materialen aldetik, sustrai eta etxe faltatik baino. Ze etxetik kanpo egin duen ia hamarkadan, etxearen oroimenak ardaztu eta eutsi du bere bizia; baina bertara iritsi denean, sentitu duen hustasuna nabari zaio.
Urduri egin ditu aparkalekutik etxerako metroak, gogoz besarkatu ditu ama eta han bilduta zeuden izeba eta lehengusinak, eta lehen aldiz izan du, azken ia hamarkada osoan, sutondo sentsazioa. Baina ez luzerako. Ezinegona urrunetik igartzen zaio, halako bizilagunaren biziaz ari dira bere senideak berbaz; bestekoaren azken berriaz. Baina berak ez ditu ezagutzen, ez daki zertaz ari diren berbaz. Eta handik alde egiteko premia sartu zaio, bat-batean.
Atera da auzora, behin bere gotorlekua zenera. Joan da bere betiko izkinara, bere auzokideekin batu ohi zen lekura. Eta orain ere han daude; baina, nolabait, ezberdin. Bere auzokideak ere frustrazioaren hutsuneak bizi ditu. “Auzora bueltatu naiz, eta nire lagunen elkarrizketa gai guztiak dira: ‘Halako kartzelan sartu dute’, edo ‘Halako atzo atera zen kartzelatik’, edo ‘Halako hari bost urte eskatu dizkio fiskaltzak’”. Eta eguna joan, eguna etorri, han aurkituko ditu kide horiexek, gai berei buruz berbetan; edota, baten baten falta nabaritzen badu, badaki haren inguruan egongo direla berbetan hurrengo egunean, zenbat urte jausi zaizkion kontatzen.
“Orain dakidana jakinda,
berriz aukera izango banu,
ez nintzateke hemendik
joango. Orain ez naiz ez
hemengoa, ez hangoa: ez
dakit nongoa naizen”
Omar Akallach
Akallach jada ez da hangoa. Hori ez da bere giroa. Badaki inoiz handik alde egin izan ez balu, bera ere gazte horien artean egongo litzatekeela eta hantxe izango lukeela bere tokia. Baina dagoeneko ez du tokirik han, eta nabaritu du besteek ere horrelakorik sentitzen dutela. “Inbidia nabaritu dut, jakina, begirada txarrak”, dio. Eta ulertzen du besteen erreakzio hori, jakitun baita besteek desio duten guztia gorpuzten duela. “Baina beraiek ez dute ikusi sufritu dudan guztia. Ez ninduten ikusi kalean lotan, gosez, arropa zikinekin”. Baina berdin dio. Tetuanen, orain, europarra da. Europan, aldiz, moro bat, besterik ez da.
Ez hemengo, ez hango. Beste mundu batean biziko balitz bezala sentitzen da, denboran saltoa egin balu bezala, eta bere herrialdea atzean geratu izan balitz bezala. Bisitan etorri da, baina badaki ezin duela bertara itzuli bizitzera. “Marokon gauzak utzi nituen bezalaxe daude. Nik jada ezin dut bizi Marokon, Euskal Herrian bizitzera ohitu naiz, aukerak eman dizkidaten lurraldera ohitu naiz”.
Ez hango, ez hemengo. “Orain dakidan dena jakinda, berriz aukera izango banu, ez nintzateke hemendik joango. Orain ez naiz ez hemengoa, ez hangoa; ez dakit nongoa naizen”. Baina atzera bueltarik ez duen bidaia egin zuen orain ia bederatzi urte, eta handik lortutako bizitza duinak kendu dio jaiolekuan zuen koltxoia; Aliri gertatzen zaiona, baina justu alderantziz. Txanponaren bi aldeak baitira Akallach eta Ali. Elkarrekin hazi zirenak errealitate beraren alde banatan daude orain: batak nahi duena du besteak, eta alderantziz. Akallachek lortu duen arrakasta eta bizitza duina du desio Alik; horrek duen pertenentzia eta etxe sentimendua lehenak.
Eta gozotasunez betetako bisita izan behar zuenak badu saminetik apur bat eta ezlekutik asko. Eguzkiak eta ilargiak lanaldi bana egina dutenean itzuli da Akallach adreiluz josita dagoen mendi magalera. Amaren ondoan jesarri da, pixel bidez baino gogoratzen ez duen emakume haren ondoan; eta eskuan daramatzan lore gorriak eman dizkio, mugikorra paparrera lotuta zeraman umeari erosi dizkion loreak.