Astearte iluntzetan tortilla patata afaltzen da gure etxean. Hozkailuan zintzilikaturiko egutegian ez dator idatzita, baina denok dakigu: asteartetan tortilla. Bi arrazoirengatik. Bat: ez daukagu egun horretan zer afalduko dugun pentsatzen ibili beharrik. Bi: erraz prestatzeko modukoa da. Eta hiru, barkatu, gehitu dezadan beste bat: ia denoi gustatzen zaigu. Ia. Guztien gustura egitea ez baita erraza: batek eginagoa nahi du besteak baino; tipula bai, baina, neurrian; piperrik ez, mesedez.
Supermerkatura joan naiz osagaiak erostera. Ate automatikoak zabaldu orduko, panelak eta pantailak hasi zaizkit deiadarka: supermerkatuko app-a deskargatuz gero, 10 euro oparituko dizkidate; klubeko bazkidea banaiz, BEZa oparituko didate elikagai freskoetan. Baina, klub bat al da ba hau? Noiztik oparitzen du zerbait supermerkatu batek? Zeri deitzen diote hauek elikagai fresko? Freskoa da gaur goizean hil duten oiloa? Eta atzo goizekoa?
Megafoniatik etenik gabe jaurti didate mezua: 5 eurora arteko deskontua Cola Cao produktuetan. Apaletan dauzkat 2x1 eskaintzak. Bigarren alea %20 merkeago eskaintzen didatela diotenak. Beste batzuk %30ean. %50ean. %70ean. Produktu asko 3x2ra, beste batzuk 4x3ra. Kontuan izan gabe, gainera, sustapen esklusibo, aurrezki-kupoi pertsonalizatu eta eskaintza bereziak.
Gaur egun, irudipena dut urte guztian zehar egiten dizkigutela eskaintzak. Eta konbentzitu naute, zenbat eta gehiago gastatu, orduan eta gehiago aurrezten dudala. Hauxe da supermerkatuko appak etenik gabe esaten didana: aurrezteko, gastatu.
Iritsi naiz etxera. Nekatuta. Mareatuta. Erosketa gurdiaren gurpiletarainoko erosketa tiketa arrastaka. Ezin nezakeen erosketa hobea egin: 120 euro baino gehiago gastatu ditut. 8 euro itzuliko dizkit. Klubak. Diru kopuru eder bat aurreztu dut hurrengo erosketarako.
Zartagina atera dudanean konturatu naiz. Pentsatzen nuen ez nuela apuntatu beharrik izango. Akordatuko nintzela. Arrautzak erosteaz.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.