Bai, baina ez hainbeste

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez, hemen Euskal Herrian ez da zerutik oparirik erortzen. Txuletak, gaztainak eta salda ez dira musu-truk lortzen. Lurralde honetara iristen garenean, harresi tente, erraldoi, apurtezin eta ikusezin batek inguratzen gaitu hemengoak ez garenok. Maiz entzuten diot jendeari esaten –boterearen jabe eta inoiz galdu ezin duen autoritate moral batez– gu ez garela integratzen, ez dugula euskara ikasten, ez garela hemengo kulturara moldatzen, ez ditugula arauak jarraitzen eta abar, eta abar… Ematen du gu garela arazo bakarra Euskal Herrian. Herri honetan bi inguru hegemoniko daude nolabait esateko, euskalduna eta erdalduna. Antropologikoki eta kulturalki oso desberdinak dira, baina antzekotasunik bilatu nahi izanez gero, biak klasistak bezain arrazistak direla esan daiteke.

Egia da mundu euskaldun honek borroka latzak egin dituela, miresgarriak nire ustez, baina gero eta nabarmenagoa da oraindik lan handia duela egiteko gizarte integrazioan. Eta, oro har, gizarte-multzo osora hedatzen da egoera hori. Hemengoak ez garenok eta euskaraz hitz egiten dugunok gero eta zalantza handiagoak ditugu euskara ikasteak omen dakartzan integrazio aukeren inguruan.

Migratzaile izanda, euskara ikasteak eta erabiltzeak ez du ahalbidetzen gizarteratzeko benetako aukerak izaterik, bazterreko kategoriakoak izaten jarraitzen dugu

Neuk ere egia gaindiezina balitz bezala hitz egin dut integraziorako bide horren alde, baina onartu behar dut gaur egun ez dudala argi ikusten. Ez naiz bide hori hain seguru egiten ari jada, tamalez. Egiaztatzen dudana da egiten duguna egiten dugula ezin garela “paradisu zuri horretan sartu”. Ez gara nahikoa, ez gara hemengoak, baina batez ere, ez dago interesik, ez dago borondate politikorik, ez dago benetako espazio sozialik ezta kulturalik ere gure artean harreman horizontalak eraikitzeko. Desberdintasuna sistema honen oinarrian dago. Nork bere botere kuotari eutsi nahi izaten dio beti, kuota hori handia nahiz txikia izan. Inork ez du nahi horrek esku artetik ihes egiterik. Inork ez.

Zergatik ikasi euskara? Zertarako? Galdera horiek oso zilegi direla uste dut. Irakurtzen edo jarraitzen nauen jendeak badaki euskara maite dudala, eta oso garrantzitsua iruditzen zaidala hizkuntza ikastea eta hitz egitea. Baina, nire ustez, migratzaile izanda, euskara ikasteak eta erabiltzeak ez du ahalbidetzen gizarteratzeko benetako aukerak izaterik, bazterreko kategoriakoak izaten jarraitzen dugu. Oso kontu ezberdinak dira.

Askotan zoriontzen gaituzte euskara ikasi dugulako, miresgarria dela esaten digute, meritu handia dugula… baina badaezpada kendu paretik, hemen toki txikia dugu eta ez gara denok sartzen. Hitzak ereiten jarraituko dugu euskaraz, baina jakin behar dugu nekez iritsiko direla lur aberats eta emankorrera.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.