Berrietan entzun dut adimen artifizialak finantzaketa baliabide handiak xurgatzen dituela, garatzaileek euren inbertsoreengandik presioak jasotzen hasi direla, adimen artifiziala oraindik ez delako teknologia errentagarria. Mundu horren baitan beldurra hazten hasi da: ez ote da adimen artifiziala burbuila bat izango?
Bizi dugun garaia nahiko neurotikoa iruditzen zait, 2022ko azaroaren 30ean ChatGPT atera zenetik hiru urte besterik ez da igaro, eta jada inbertsoreak estresatuta? Alegia, ez da lortu efizientziak gidatuta enpresek adimen artifiziala ordaintzeko adina lanpostu gutxitzea? Ez ote da adimen artifizialak eratorritako negozio handia beste lekuren batean izango? Gizakion erresistentzia izango ote da arazoa? Edo teknologiaren garapena goiztiarra dela oraindik?
Adimen artifizialaren burbuilaren gaineko inbertsoreen ardurak pentsarazi dit azken asteetan Elon Musk-en X sareko Grook adimen artifizialak pertsona errealekin eduki pornografikoa inongo erregulaziorik gabe sortzeko izan duen askatasunaz. Internetaren hastapenetako WWW burbuila ekarri dit burura, eta zelan, WWW-k merkataritza elektronikoan aurkitu zuen negoziorako bide bat. Pornografiak ireki zuen bide hori. Eduki pornografikoen kontsumora erraz sartzeak ekarri zuelako ordainketa elektroniko seguruak baliatzeko protokoloen garapena.
Negozioak sortzeko behar diren jokabideak ez daude beti arrazionaltasunari lotuta, gizakion emozioek eta oinarrizko beharrek gidaturiko jokabideek ematen diete forma. Musk eta beste askok argi dute hori, horregatik Grook adimen artifiziala, X bezalako sare baten baitan, negozio eredu berriak esploratzeko jokabide laborategia dirudi, ondorioak eta kalteak edozein izanda ere.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.