Eduardo Galeanok gizon bati entzun ei zion, zerura igo eta handik argi ulertu zuela, su txikiz osatutako itsasoa garela (un mar de fueguitos). Seguruenik, enbera izango zen Negua herriko biztanle hura; Bogotako parke batean dagozkien eskubideen aldarrian akanpatuta dauden indigena borrokalarien arbasoren bat. Horixe esan omen zuen: jende pila bat garela, su txikien itsasoa. Eta horrela irudikatu nuen nik Miribillan, gure txikira ekarrita, euskaldunon komunitatea, Pizkunderako deialdian.
Gure lurraldean uholdeak eragin izan dituzte askotan, suak itzali eta iluntasuna hauspotzeko mende askoan zehar, sua guztiz amatatuko zutelakoan. Suak, ordea, horixe dauka: guztiz amatatu ezean, itxaropena bizirik. Gure aurreko pizkundean enbor sendoak jarri eta antortxak banatu zituzten. Eta argia egin zen.
Orain dela gutxi Iurrebaso eta Goikoetxea ere igo dira zeru horretara, lagun enberarekin, beharbada, eta susmatzen genuena kontatu digute: argitasuna indarra galtzen ari dela eta hezetasun handia ez ezik, oxigeno falta handia ere badagoela. Suak bai, argia eman nahian, gainera, baina erregai gehiago behar da, eta sutarako baldintza egokiak.
Susmatzen genuena kontatu digute: argitasuna indarra galtzen ari dela eta hezetasun handia ez ezik, oxigeno falta handia ere badagoela
Neguarrak kontatu zuenez, ez daude bi su berdin, eta denek dute berezko argia. Gurean ere askotariko suak gaude: haritz egurrezkoak, pagozkoak, pinu-suak, lastozkoak, butanozkoak, elektrikoak... Bakoitzak ezaugarri eta beharrizan batzuk ditu, baina denak su, denek argi. Horregatik, su guztiak behar ditugu, direnak eta oraindik ez direnak, eman nahi dugun argi indartsu hori lortzeko.
Ingurune batzuetan su asko eta elkarren ondoan daude, eta argi bizi-bizia ematen dute; sua ez zuten guztiz galdu eta, beraz, oso garrantzitsuak dira, bertatik argia hedatu egiten baita, eta su ahulak bizitzen lagundu dezakete. Baina, goitik ikusita, eremu handiena oraindik iluna da, eta uste genuena baino ilunagoa. Batzuetan zaila izaten da argia sumatzea, baina lurrera jaitsita, izan badira suak, eta askotan kolore eta berotasun berezia dute. Horregatik, eremu argitsuenetan zura behar da etengabe, eta bertako su txikiak argia elikatu eta beste lurraldeetara hedatzeko duten garrantziaz jabetu behar dira. Zonalde ez hain argitsuetan, inguru lehorra izateko eskubidea bermatu eta suteak sortu behar dira; xumeak badira ere, suteak! Su txikiak elikatu eta berriak pizteko eta argia lurralde osora zabaltzeko.
Oraindik ere aspertsoreak ditugu gainean eta mangerak zabalik lurrean. Jar dezagun indarra iturri horiek mozten, batetik, eta elkar ezagutu, elikatu eta osatzen, bestetik. Eta, mesedez, ez gaitezen ur-puxikak elkarri jaurtitzen hasi!
Egurre!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.