Goiza hotz argitu du Larzabalen (Nafarroa Beherea). Urrunean, eguzkiak zurituta erakusten dizkigu Garaziko bortukoak, eta haien azpian gorrituta iratzez eta otez garbitutako magalak. Espelletenia ostatuan egin dugu hitzordua; Oztibarreko herrien arteko bilgune bilakatu da azken urteetan, eta bertan topatu ditugu Fanny Larre eta Oihane Mendizabal Sandonís arkeologoak. ATEA ikerketa-egitasmoa zuzentzen dute, Pirinioetako mugatik harago lurralde mailako kontakizun bat arkeologiaren bidez eraikitzeko proiektua.
Nola ezagutu zenuten elkar?
Oihane Mendizabal: 2021. urtean izan zen, Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzan egin genuen bilera batean, Donostian.
Fanny Larre: Ipar eta Hego Euskal Herrian lanean ari ginen arkeologook elkar ezagutzea zen helburua. Ohartu ginen antzeko gaiak ikertzen genituela maiz, baina ez genuela elkarren berri. Beraz, mugaz gaindiko elkarlana sustatzeko beharra ikusten genuen.
O.M.: Une hartan ez genuen erabaki zehatzik hartu, baina hazia erein genuen eta orain eman du fruitua.
Biok aritu zarete Pirinioetako erromanizazioa ikertzen, nor bere aldetik.
O.M.: Bai. Nik doktorego tesia egin nuen EHUn, Pirinioetako galtzada eta inguruko lurraldea Antzinaroan nolakoak ziren ikertzen. Besteak beste, Artzi eta Zaldua bezalako aztarnategi arkeologikoak aztertu ditut, Aranzadik tokiko eragileekin abiatuta zeukan elkarlanaren ondorioz. Tesia bukatu ondoren, Paueko Unibertsitatera joan nintzen doktoretza osteko egonaldia egitera, eta Ipar Euskal Herriko testuinguru arkeologikoa hobeto ezagutzeko aukera eman dit, batez ere Donazaharre eta galtzadaren ertzeko guneak.
F.L.: Ni zenbait urtez ibili izan naiz Iparraldean aritzen den Eusko Arkeologia elkartearekin lanean, metalezko piezak aztertzen batik bat. Orduan, Christian Normand ikerlariak proposatu zidan Arteketa-Kanpaitako aztarnategira joatea, erregistro interesgarria izanen zuelakoan.
Aztarnategi horiek guztiak lotzen dituen haria da Pirinioetako galtzada.
F.L.: Hori da. Gainera, azken urteetan nabarmen garatu dira haren inguruko ikerketak. Ipar Euskal Herrian, esku-hartze prebentiboak orokortu dira 2000. urtetik honat. Horri esker, material arkeologiko ugari berreskuratu da; Paueko Unibertsitatean, adibidez, ikasleek zuzendutako hainbat lan egin izan dira horien inguruan.
O.M.: Nafarroa Garaian, Aurizberriko nekropoli erromatarrak indusi eta ikertu ziren eta ondoren, Aranzadiko lantaldean hainbat miliarri aurkitu dituzte, eta horri esker galtzadaren trazatua berreraiki ahal izan da.
F.L.: Nafarroa Beherean inportantea da, baita ere, erromatar meatzaritzaren inguruan Argitxu Beyriek egin duen lana; Mehatzeko aztarnategia erreferente bat da, eta orain Lantzeko Aierdi leizekoarekin alderatzen ahal da.
Mugaz gaindiko alderaketa horren beharrak eraman zaituzte ATEA proiektua sortzera?
O.M.: Bai. Mugaren eragina oso indartsua da. Administrazio egiturak, erreferente akademikoak… oso diferenteak dira, eta horrek eragin zuzena du ikerketaren emaitzak interpretatzerakoan. Batzuk frantsesez eta besteak espainolez –gutxitan euskaraz–, mugaren alde bateko nahiz besteko ikerlariak antzeko gauzak argitaratzen ari ginen, baina elkarri bizkarra emanda.
"Batzuk frantsesez eta besteak espainolez
–gutxitan euskaraz–, ikerlariok antzeko gauzak argitaratzen ari ginen, baina elkarri bizkarra emanda"
(Oihane Mendizabal)
Hor bada mendia muga gisa ulertzen duen tradizio historiografiko baten inertzia…
F.L.: Paueko edo Bordeleko historialarientzat, Aturri ibarraren periferiako lurraldea da Pirinioa; Iruñean edo Gasteizen ari direnentzat, berriz, Ebro ibarraren iparreko muga.
O.M.: Beharrezkoa zen mendi-lurralde honi bere izaera propioa aitortzea. Ibañetako lepoa ardatz hartzea, eta alde bateko zein besteko dinamikak batera aztertzea. Helburu horrekin sortu genuen ATEA: ikuspegi zatikatu horiek gainditzeko eta lurralde mailako kontakizun bat eraikitzeko.
F.L.: Bildu ginen, hasi ginen partaideak bilatzen eta tokiko eragileak kontsultatzen… eta ikusi genuen datu aunitz bazela hor, uste baino gehiago, baina arras sakabanatuta. Lan aunitz egina dago, oso lan ona batzuetan. Baina, arrazoi batengatik edo bestearengatik, emaitzak ez dira joan txosten administratiboetatik edo argitalpen espezializatuetatik harat.
O.M.: Proiektuaren izenak ere xede hori erakusten du. Atea hitza behin eta berriro agertzen da mendiko toponimian. Inguru hau guztia pasabide bat da, eta izaera horrek baldintzatu du eskualdeen historia osoa.
Nola dago antolatuta proiektua?
O.M.: Frantziako Gobernuak finantzatutako Ikerketa Egitasmo Kolektiboa da. Gu biok gara zuzendariak; bakoitzak mugaren alde bateko prozedurak ongi ezagutzen dituenez, hala errazago egiten zaigu guztia kudeatzea. Horrez gain, esku hartu dugun tokietako herriko etxeek laguntza eman dute; Auritz eta Donazaharre izan dira orain arte, baina aurrerago beste batzuk ere sar litezke.
F.L.: Gero, proiektuaren kudeaketak hiru hanka ditu. Batetik unibertsitate desberdinetako ikerlariak ditugu, proiektuaren alderdi espezializatuez arduratzen direnak. Bestetik, operadore profesionalak daude, indusketa prebentiboak egiten dituzten enpresak-eta, datu berriak sortzen ari baitira etengabe. Azkenik, Aranzadi eta Eusko Arkeologia elkarteak ere baditugu. Lurraldean errotuta daude eta badakite nola lan egin tokian tokiko bizilagunak engaiatzeko.
Erromanizazioaren ikuspegi berri bat landu nahi duzue.
F.L.: Aspalditik pentsatu izan da mendialde hau ez zela erromanizatu. Ideia hori hagitz errotua dago oraindik jendearen buruan.
O.M.: Erromanizazio kontzeptua bera ere oso lausoa da. Jende askok pentsatzen du, «erromatarrak» esaten dugunean, Erromatik edo Italiatik jendea iritsi eta bertako biztanleak ordezkatu zituztela, eta aldaketa hori bat-batekoa izan zela; egun batean Burdin Aroan oheratzen zara, eta biharamunean togaz jantzita esnatzen zara. Erromatar/euskaldun dikotomia hori oso presente dago iruditeria kolektiboan.
F.L.: Ulertarazi nahi dugu erromanizazioa prozesu luzea eta konplexua izan zela. Eskualde bakoitzeko sareak harreman ekonomiko eta politikoen sare zabalago batean sartu ziren, eta integrazio horrek forma eta ondorio desberdinak izan zituen toki bakoitzean.
Ze ondorio? Kontatu nolakoa izan zen erromanizazioa mendi hauen artean.
O.M.: Guk hiru ardatz definitu ditugu. Lehenik, galtzada bera; funtsezko azpiegitura izan zen eskualdeak konektatzeko eta inperioaren integrazio politikoa nahiz ekonomikoa lortzeko. Bigarrenik, galtzadaren inguruan sortu ziren kokaleku desberdinak; Artzi bideari lotutako geldiune gisa interpreta liteke, baina Donazaharren edo Zalduan hiri koskorrak izan ziren. Biztanleriaren gehiengoa izango ziren nekazarien eta abeltzainen arrastorik, aldiz, ez dugu oraingoz. Hirugarren multzoan, baliabide mota desberdinen ustiapenak ingurumenean utzitako arrastoak aztertzen ari gara: uraren kudeaketa, nekazaritza eta basogintza bezalako jarduerek ekosistemetan eragindako aldaketak, harrobiak, meategiak eta abar.
"Jende aunitzek Ponpeia edo Egipto ezagutzen ditu, baina etxetik hurbilago dauden aztarnategiak agian ez. Gure xedea ere bada ondare horren ezagutza zabaltzea"
(Fanny Larre)
Aurkikuntza asko dago oraindik egiteke?
F.L.: Dauden aztarnategi guztien parte txiki bat baino ez da ikertu. Gainera, horietako aunitz aspaldi indusi ziren eta metodologia berriekin berrikustea komeniko litzateke. Bestalde, badira hainbat aztarnategi modu klandestinoan ustiatu izan direnak, metalen detektoreak-eta erabiliz. Oso jarduera kaltegarria da, metalezko objektuen edo «altxorren» bila joan, eta material horien inguruan dagoen testuinguru estratigrafiko osoa betiko suntsitzen delako. Objektuek ez dute informaziorik ematen beren testuingurua ezagutzen ez badugu, horregatik da hain garrantzitsua indusketak metodologia zientifikoz egitea beti. Zoritxarrez, ekintza horiek inpunitate handia dute oraindik.
Beste arazorik topatu duzue ikerketa aurrera eramateko orduan?
O.M.: Oso zaila da mugaren bi aldeetan aldi berean lan egitea. Prozedurak desberdinak dira, eta gauzak bi aldiz egin behar dira askotan, administrazio bakoitzaren moldeetara egokituta. Borondate handia eskatzen du.
F.L.: Zuzendaritza bikoitzaren eredu honi esker aski ongi moldatu gara. Osagarriak gara, bakoitzak bere ezagutzak eta gaitasunak ditu, eta talde-lanari esker lortu dugu zailtasun burokratiko aunitz gainditzea.
Eta jendearen harrera nolakoa izan da?
O.M.: Zenbait ekitaldi egin dugu dagoeneko publikoari gure lana azaltzeko: bisita gidatuak, hitzaldiak eta abar. Orokorrean, espero baino jende gehiago hurbildu da.
F.L.: Jende aunitzek Ponpeia edo Egipto ezagutzen du, baina etxetik hurbilago dauden aztarnategiak agian ez. Gure proiektuaren xedea bada hurbileko ondare horren ezagutza zabaltzea ere, eta jendea sentsibilizatzea hura zaintzeko beharraz.
ATEA egitasmoaren baitan hainbat aztarnategi aztertzen ari dira. Pirinioetako galtzadak lotzen ditu guztiak, baina bakoitzak bere ezaugarri propioak dauzka. Guztiak elkartuta, baskoien lurraldean erromanizazioa nola inplantatu zen aztertu ahal izango dute, ikuspegi zabal eta konparatibo batetik.
Donazaharre (Donazaharre, Nafarroa Beherea). 1960ko hamarkadan, Jean-Luc Tobie arkeologoak zuzendutako indusketa arkeologikoek erromatar garaiko hirigune txiki baten zantzuak azaleratu zituzten Garazi ibarreko hiriburu zaharraren erdigunean. Lehen okupazio-zantzuak K.a. I. mendearen bukaeran kokatzen dira, eta guneak okupatuta jarraitu zuen inperio osoan zehar –baita Goi Erdi Aroan ere, ezaugarri desberdinekin bada ere–. Erromatar garaiko terma baten arrastoak agertu ziren, besteak beste. 2024az geroztik, Aranzadik –Baionako IKER laborategiaren kolaborazioarekin lehenik eta IRAA laborategiarekin ondoren– indusketa berriak abiatu ditu, hirigunearen okupazio sekuentzia berriro aztertzeko eta hutsuneak betetzeko helburuarekin.
Zaldua (Auritz/Aurizberri, Nafarroa Garaia). Aztarnategi honen lehen berriak Julio Altadill ikerlariak eman zituen XX. mende hasieran. Errozabaleko lautadan kokatuta dago, Auritz herrigunetik kilometro eskasera. 2011n miliarri batzuk aurkitu ondoren, Aranzadik indusketa arkeologikoei ekin zien eta, ordutik, gutxienez lau hektareatako hirigune baten arrastoak agertu dira. Bere okupazioa K.o. I. mendean hasi eta V.eraino luzatu zen. Tarte horretako mota desberdinetako hainbat eraikin agertu dira: etxebizitzak, termak eta abar, guztiak errepide nagusi baten inguruan antolatuta.
Artzi (Artzibar, Nafarroa Garaia). Aztarnategi arkeologiko hau 2004an aurkitu zuten, NA-2040 errepidea egiteko lanetan ari zirela. Galtzadari estuki lotutako aztarnategia da; terma batzuek eta atsedenerako eraikinek osatzen dute, eta K.o. I. eta IV. mendeen artean egon zen okupatuta. III. mendean, inperioaren gainbehera eta birmoldaketarekin, termak desegin eta bertako labea metalurgia lanetarako erabili zuten.
Arteketa-Kanpaita (Uharte-Garazi, Nafarroa Beherea). Garaziko bortuan kokatuta dago, antzinako galtzadak zeharkatuta. Jean-Luc Tobiek indusi zuen 1990eko hamarkadan, eta Antzinaro Berantiarreko hainbat aztarna aurkitu zituen: galtzada zaintzeko eraikin baten arrastoak, baita metalezko armak eta tresnak ere. Elementu horiek Fanny Larrek ikertu ditu, eta IV.-VII. mendeen arteko kontrol-gune militarizatu gisa interpretatu dute kokalekua.
Gazteluzahar (Larzabale-Arroze-Zibitze, Nafarroa Beherea). Larzabaleko herrigunearen gainean kokatutako aztarnategia da, izen bereko mendian. Hainbat harresiren eta lubakiren aztarnak daude gailurraren inguruan, Burdin Aroko gotorleku baten lekuko. Jean-Luc Tobiek ere indusketa lanak egin zituen bertan eta horien artean Antzinaro Berantiarreko materialak ere azaleratu zituen; baliteke, beraz, erromatar inperioa desegin ondoren berriro okupatu izana.