Abenduaren 10ean, Euskal Herrian igaroko duen azken-aurreko egunean elkartu naiz Marina Garcésekin. Aurrez, Durangoko Azokan eta Kaxilda liburu-dendan ibili da, Denbora bizigarri baterako aurkezten. Nirekin hitz egin baino lehen, beste kazetari batekin zeukan hitzordua, eta nirekin hitz egin eta gero mahai-inguruan arituko da Jakin-eko Lorea Agirrerekin eta Badalabeko Goiatz Oiartzabalekin, baina diskurtsoaren jario gardenean ez zaio neke-izpirik sumatzen.
Filosofoa. Gaur egun Kataluniako Unibertsitate Irekian irakasle dihardu, eta 2002az geroztik hamar liburu argitaratu ditu, sona handiz. Euskaraz bi dauzkagu irakurgai: Filosofia amaitu gabea (2022) eta Denbora bizigarri baterako (2025), biak ere Jakin-en eskutik argitaratuak eta Olatz Mitxelena Larretak itzuliak. Espai en Blanc proiektu kolektiboan ere aritu da, pentsamendu kritikoa eta esperimentazioa landuz.
Denbora bizigarri baterako liburua aurkeztu duzu egunotan Euskal Herrian. Zer moduz bizi duzu idazketaren une publiko hau?
Uste dut hau ez didatela inoiz honela galdetu. Ba, zertxobait anbibalentea iruditzen zait. Batetik, filosofian beti aritu naiz beste batzuekin batera, eta era askotako testuingurutan. Ez nator praktika akademiko itxi batetik, ezta idazketa isolatu batetik ere. Pentsamendua ez dut horrela ulertzen. Filosofiak, nik ikusten dudan moduan behintzat, badu asmo publiko bat, baina ez publiko-mediatikoa: asmo publiko horren muina ez da erakustea edo errepresentatzea, ezpada topo egitea, hitz egitea eta elkarrekin jardutea. Halakorik gabe, filosofia autoerreferentzia hutsa da; filosofia bere baitara ixten denean autokonplazentziazkoa da. Eta antzua.
Aldi berean, gaur egun gauza hauek nola bizi ditugun ikusi behar da. Eta hor dator anbibalentzia. Gaur egun, bizitza publikoan oso denbora bizkorrak daude, komunikazio-kanal asko gainjartzen dira. Lehen espazio bat zegoen, orain 10.000; hori ona da, esan nahi du ahots gehiago daudela, hierarkia desegin dela nolabait, eta era askotako edukien eta harremanen ekoizpenerako eremuak sortu direla, baina, azkenean, garenok gara, eta batzuetan nekatu egiten gara. Eta, nahi izan arren, zaila gertatzen da beste modu batean egitea gauzak. Orduan, agian hausnarketa kolektiboago bat egin beharko dugu, elkar ez ahitzeko.
Bakoitza bere aldetik eta urte batzuetako tartearekin argitaratu zenituen bi lan biltzen dira Denbora bizigarri baterako-n: 2017ko Ilustrazio erradikal berria eta 2023ko Promesaren denbora. Zer iruditu zaizu biak bateratzea?
Jakin-eko lagunek proposatu zidaten, eta asko gustatu zitzaidan ideia. Izenburuei erreparatuta, liburu desberdinak dirudite, baina bietan lantzen da denboraren gaia: nola eraikitzen ditugun harreman esanguratsuak denborarekin, nola ematen diogun zentzua suertatu zaizkigun garai hauei. Ilustrazioaren liburuan ez da zuzenean aipatzen, baina abiapuntuan badago hilondoko denboraren nozioa –dena amaitu da, mundua amaitu da–; ideia berria dirudi, baina Mendebaldean behintzat aspalditik dator, eta errepikatu egiten da gainera. Promesaren liburuan, berriz, etorkizunari buruz hitz egiten da berariaz: nola mamitu orainean ere badauden etorkizun horiek, eta nola engaiatu horiekin egunerokoan. Beraz, uste dut ederki geratu direla elkarren alboan, eta pozik aritu naiz biei buruz hizketan.
Denboraren kontu horretaz mintzo zen, neurri batean, zure estreinako liburua ere: A les presons del possible (Posible denaren presondegietan). Jatorrizko argitalpenetik 25 urtera, edizio berri bat kaleratu duzue
orain ez asko.
Bai, Katalunian hori aurkezten ibili naiz azken asteotan. Eta jada lan hartan bazegoen sentipen hori: zerbait amaitu da; ez dakigu nola bizi hori amaitu izanaren ondorenean; ez dakigu, ezta ere, nola izendatu amaitu den hori: ea etorkizuna den, ea aurrerapena den, ea modernitatea den… Eztabaida hori ez da soilik teorikoa; existentziala, politikoa eta pertsonala da, eta aspalditik dabil geure artean. Halako kontuak askoz modu zabalagoan gertatzen dira geure bizitzan, eta ez berehalakotasunean, pentsatu ohi dugun eran.
"Pentsatu nahi dut desiratik –desiraren gehiegikeria horretatik– sor daitezkeela mundua eta bizitza, eta desirak ez diola soilik gabeziari edo galerari erantzuten"
Dena den, esango nuke gaur egun agerikoagoa dela arazo bat daukagula denborazkotasunarekin eta etorkizunerako espektatibekin. XX. mendearen amaieran, beharbada bazegoen oraindik halako aje progresista bat: “Tira, oztopoak eta atzeraldiak egongo dira, baina denak hobera egingo du”. Ba agian ez. Argitaratu zen momentuan arraroagoa zen hori pentsatzea, eta orain argiago ikusten da; kazetari gazteek, esaterako, oso natural hartu dute.
Promesa, eskola, adiskidetasuna: halako kontzeptuei buruzko testuak idatzi dituzu. Nolakoa da zure idazketa-prozesua?
Ez naiz hutsetik abiatzen inoiz, eta ez naiz inoiz abiatzen liburu bat egiteko proiektutik. Batetik, luzaroan ezin izan dudalako halakorik egin, lan-baldintzak eta amatasuna tarteko, baina, horretaz gainera, ikasketak amaitu ostean, 1996-97tik aurrera, zuzenean lotu izan dudalako filosofia aktibismoarekin, kalearekin, herri-mugimenduekin eta kultur esperimentazioarekin. Horren barruan, pentsatzea egiteko modu bat da, eta egitea, berriz pentsatzeko modu bat, eta horrek berekin dakar kontzeptuekin, gaiekin eta irakurketekin topo egiteko bestelako modu bat ere. Hor, filosofia akademiko klasikoaren markoak gainezka egiten du –filosofiaren historia gisa irakatsi diguten Mendebaldeko filosofia patriarkalaren markoak, alegia–, eta beste erreferentzia eta esperientzia batzuekin hibridatzen da.
Lurralde hibridoago, lokaztuago eta anitzago horretara zabaltzen joan naiz –norekin, nola eta noiz pentsatzen dugun, eta zeri buruz–, eta liburuak, alde horretatik, dekantazio suerte batez sortu dira, ardoak bezala. Materialak pilatu dira, eta gero nik denbora gorde dut horiek lantzeko, idazketa asko zaintzea gustatzen baitzait: ez dadila hitzik egon soberan. Edonola ere, jendeak uste du nik asko idatzi izan dudala beti, eta ez da hala. Nire lehen eta bigarren liburuaren artean hamar urte pasa ziren. Tarte horretan era askotako kontuak izan ziren –lana, aktibismoa, haur txikiak– baina ez nuen libururik osatu. Horren harira, bestalde, erabat zintzoa izatea gustatzen zait: ez zaio zertan liburu-formarik eman, artifizialki, liburu bat izateko premiarik ez duen zerbaiti; ez da beharrezkoa. Beste gauza pila bat egin ditzakegu, eta jarrai dezakegu pentsatzen, idazten, egiten eta jarduten.
"Bila ditzagun aliantza posible guztiak munduen artean, mundu potentzialen eta garaitutako munduen artean”
Eta Ilustrazioaren garaiari buruz pentsatzen, nolatan hasi zinen? Harritu egin ninduen, egia esan, zuk horri buruz idazteak.
Ba bizitza akademiko apetatsuarengatik izan zen. Ni sartu-irtenean ibili nintzen luzaroan unibertsitatean, eta, ondorioz, azkena izaten nintzen irakasgaiak aukeratzeko garaian: inork nahi ez zituenak hartu behar izaten nituen. Kasu honetan, filosofia modernoko irakasgaiak egokitu zitzaizkidan, ze, diozun moduan, azken urteotan modernitateak ez du batere fama onik izan, eta unibertsitatean ere ez.
Eta ikasi behar izan nuen modernitatea beste era batean irakurtzen, askapen-borroken eta pentsamendu erradikalaren lurpeko haria aurkitzen, eta nolabait ere ondare hori berreskuratzen, Ilustrazioa zibilizazio-, zientzia- eta mundu-proiektu bilakatu aurretiko ondarea. Gero, gainera, proiektu hori kolonialismoaren bitartez inposatu zen, eta, beraz, garai hartako disonantziak eta puntu itsuak aurkitu nahi nituen. Niri, beste egoera batean, ez zitzaidan bururatuko Ilustrazioa ikertzea, baina eskolak eman beharrean zaude eta diozu: nola irakurriko dut nik hau gaur egungo ikasleekin? Ba modernitateko erraldoien gonapean begiratzen duzu, eta hortxe agertzen da garai bakoitzak eta mundu bakoitzak daukan aberastasun murriztu ezina.
Berreskurapen horren harira, Alicia Valdés filosofoak psikoanalisiaz esandakoa etorri zait gogora: “Psikoanalisiaren aplikazioak izan duen joera heteronormatiboaz eta androzentrikoaz ohartzeak ez dakar [psikoanalisia bera] subertsio-iturri gisa baztertzea”.
Bai, erabat ados nago. Gainera, paradoxa handi bat gertatzen da: kritika erabat beharrezkoa, bidezkoa eta ezinbestekoa egin zaio Mendebaldearen ideiari, Mendebaldearen ideia hori indarkeria izugarriz eta bazterkeriaz inposatua eta hegemoniko bihurtua izan den heinean, baina kritika horrexetatik abiatuta, gero, keinu guztiz mendebaldar bat egin da: “Orain jada ez gara mendebaldarrak”. Tabula rasa eta erruduntasuna: mendebaldeko pentsamoldearen ezaugarririk txarrenak! Ez ba. Goazen kontrairakurketak egitera. Izan ere, irabazlearen hegemonia onartzen ez duten irakurketa mordoa egin daitezke: irakur daiteke gailendu ez zena, burutu ez zena; irakur daitezke potentzialtasunak, birtualtasunak, bete ez ziren aukerak… Gaur egun asko hitz egiten da justizia epistemikoaz, ba justizia epistemikoa iruditzen zait hau ere.
Yásnaya Aguilar [hizkuntzalari, idazle eta hizkuntz-eskubideen aldeko aktibista mixea] Bartzelonan dago orain, egonaldi batean, eta ni koordinazio-lanetan nabil, eta aurrekoan horri buruz aritu ginen hain justu. Aspaldian ezagutu dudan pertsonarik harkorrena da bera, denbora guztian ari da ikasten; miragarria da. Eta gai horri buruz ari ginela, esaten zidan, “noski, guk esaten dugu Europa adiera bakar bat balitz bezala, bloke bakar bat, eta horrek ez dio justiziarik egiten garaitua, baztertua edo zanpatua izan den guztiari”. Edo izan diren borroka interesgarriei. Justizia epistemiko berbera da, eta… Tira, orain asko luzatuko nintzateke, gai hau asko axola zait.
"Beharraren arabera antolatzen dugu dena: lagunak ni salbatzeko dira, promesak, niri eusteko; instrumentalizazioaren eta premiaren artean gabiltza”
Luzatu lasai.
Gaur bertan irakurri dut prentsan Condorcet-en [Jean-Antoine Nicolas de Caritat, XVIII. mendea] liburu bat berrargitaratu dela, Almanaque antisupersticioso (Superstizioen aurkako almanakea). Hil aurretik idatzi zuen –bere buruaz beste egin zuen, kartzelan–, eta liburu horretan bildu zituen une horretan Europan kristautasunaren izenean gauzatzen ari ziren izugarrikeria, erailketa, ekozidio eta basakeria guztiak. Aristokrata ilustratu batek egin zuen hori, baina gaur egun antzeko zerbait egin daiteke munduko hainbat lekutan. Adibidez, Forensic Architecture-n ikerketa bat izan zitekeen [hainbat diziplina uztartzen dituen ikerketa-talde bat da, eta estatu indarkeria kasuak eta giza eskubideen urraketak ikertzen ditu, mundu osoan]. Bila ditzagun keinu horien arteko aliantzak, bestela, gauza asko galduko ditugu.
Edo demagun pedagogia erradikalen inguruan ari garela. Pedagogia askatzailea dela dioen ideia hori nondik dator? Ba erlijioak hezkuntzaren monopolioa edukitzearen harira izandako barne-eztabaidetatik, eta botere horren eraisketatik. Horregatik interesatzen zaizkit kontrajarrerak, Foucaultek esango lukeen eran. Bila ditzagun aliantza posible guztiak munduen artean, mundu potentzialen eta garaitutako munduen artean.
Adiskidetasunari buruzkoa da zure azken liburua: arrotzekiko pasio gisa deskribatzen duzu. Ez da, ordea, kidetzaz hausnartu duzun lehen aldia: Ciutat Princesa-n, zeure militantzia-ibilbidea aztertzean, lagunez aritu zinen orobat.
Bai, Ciutat Princesa-ren bigarren zati bat behar nuen. Liburu horrek honako eskaintza hau zekarren: “Lagunei: bizi-eskola, eskola politiko”. Eskola kontu garrantzitsua da niretzat, aktibismoaren eta maitasunaren gako gisa hartzen dut ikaskuntza: elkarrekin ikastea, bizitzen ari garena deskubritzearen zentzuan. Niretzat, alde horretatik, gorputz beraren alderdiak dira laguntasuna, konfiantza, aktibismoa eta pentsamendua. Eta esperimentazioaren aldeko jarrera ere bai: ez naiz ari esperimentazio teknikoaz, baizik eta jakitearen eta ez jakitearen arteko erlazio etengabeaz. Alderdi horiek denak, niretzat, laguntasunaren aukeran bateratzen dira, laguntasuna honela ulertuta: elkarrekin bizitzeko aukera, non arrotz zaigun horrekin lotzen garen, arrotz zaigun hori kudeatu ordez.
"Azken batean, erabilgarritasunaren ekonomia hori bestelako ekonomia kapitalista esplizituak bezain kapitalista izan daiteke, ongizatearen, zaintzaren edo kudeaketa emozionalaren arropak jantzi arren"
Promesa eta adiskidetasuna, biak hartzen dituzu “gehiegikeria” gisa, baina zentzu positiboan: ez dira hil ala bizikoak, eta, hala ere, promesak eta lagunak egiten ditugu.
Garai hauetan bereziki, prekarietateak, galerak eta gabeziak blaitzen gaituen honetan, beharraren arabera antolatzen dugu dena: lagunak ni salbatzeko dira, promesak, niri eusteko; instrumentalizazioaren eta premiaren artean gabiltza. Orduan, neurri batean galdu egin da gehiegikeriaren, dohainaren eta doakotasunaren ekonomia guztia, eta sostengua, babesa edo ongizatea ematen diguten heinean egiten ditugu gauzak. Guztia terapeutizatzeko joerarekin lotuta dago halaber: honek mesede egiten dit ala ez; azken batean, erabilgarritasunaren ekonomia hori bestelako ekonomia kapitalista esplizituak bezain kapitalista izan daiteke, ongizatearen, zaintzaren edo kudeaketa emozionalaren arropak jantzi arren.
Beraz, akaso apur bat iruntzitara eta garaiaren kontra nator, eta nik diodana zaharkituta dago edo vintagea da, baina buruan daukat beste ideia bat, oso deleuzetarra eta aurreko garai batzuetako pentsamenduei lotua: pentsatu nahi dut desiratik –desiraren gehiegikeria horretatik– sor daitezkeela mundua eta bizitza, eta desirak ez diola soilik gabeziari edo galerari erantzuten. Leku askotatik pentsa daiteke, baina, nik neuk hor jarraitu nahi dut: zerbaitek, dagoenetik harago, gainezka egiten duen lekuan; dagoenari eusteko behar dena baino gehiago dagoen lekuan. Ez da gehiegikeria kuantitatibo bat; halako gehiegikeria existentzial bat da kasik. Nire ustez hortxe datza desirak munduarekin duen harremana.
Zertan ari zara orain?
Ba ez naiz libururik idazten ari. Orain dela urte eta erdi erabaki nuen geratzea, laguntasunaren liburuaren ostean, eta beste gauza batzuk egiten nabil, ordenarik gabe irakurtzen eta ingurukoa bestelako modu batean entzuten eta hartzen. Eta asko gozatzen ari naiz.