Klik eta Kroak

DOM CAMPISTRON
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Behin batean, Klik eta Kroak joan ziren eskolara. Klik musika bandak lagunduta sartu zen, airos, konfeti eta txalo artean, agintariek arkua egiten ziotela. Kroak, aldiz, ez. Klik merkantzia zen, salgai baitzen han eta hemen, eta haraxeago ere. Kroak debalde etorri zen, inguru zaindu baten truk.

Klikek funts erraldoiak zituen aitabitxitarako, Ondoko Belaunaldirako “fite gastatu eta ez begiratu zertan” gisako sosaldi haiek. Kroakek, aitzitik, ez.

Klik moderno airekoa zen, aipatuxkoa jardunaldi, kongresu, komunikabide eta, nola ez ba, irakasleen etengabeko formazio eta Bizitza Osoan Zehar Ikasteko omen diren artefaktu horietan. Kroakek, berriz, kro-kro baizik ez zuen erraten, 200 milioi urte izanagatik ere ez baitzuen bertze elerik ikasi.

Klik, gainera, distiranta zen, karioa eta desiratua, denek halako bat nahi zuten, hondar modelokoa ahal zela, lau puntu zero edo, aukeran hobe, hamaika puntu hamaikagarren bertsiokoa. Kroak lirdingatsu umela zen, ordea, higuingarri likitsa, ipuinetako itsusia, muxu nardagarri baten prezioan printze inposatua, sorginaren eltzeko osagaia, euri iragarlea, begiz jotakoen sendagarri magikoa eta gose garaietako gutizia preziatua.

Kliken beztimendan dena zen txip, plastiko, lur arraroetako lehengai eta kablekeria. Kroak biluzik ibiltzen zen harat-honateko potxingoetan, lohi, lur beratz, ehun guri eta azal heze huts. Klik, finean, zen, lirain eta puxant izan ere. Kroak, alta, ez.

Klik hezkuntza berrikuntza zen. Kroak hezkuntza berrikuntza zen. Klik eta Kroak hezkuntza berrikuntza ziren.

Urteak joan eta urteak etorri, Kroak gaur transmisioa da, etorkizun garbi desiragarria, plantzarra urmaela duten eskoletan, pedagogia kritiko naturazalea

Kroak berrikuntza zenik ez zuten uste hango jende gehienek eta trankil aritzen ahal zen hezegune-hezigune inguruetan bere kantu, putzu-putzu, errute eta anfibio gauzak egiten. Klik, ordea, zenbaitzuren ustez hezkuntzaren gaitz eta aje guztietarako erremedio berria zen eta konponbide mesianikoa izatearen karga zeraman soingainean. Kroak lasai bizi zen. Klik, ordea, zurrunbilotsu.

Kroak zen metamorfosia begien bistara, natura garbi baten seinale, ilunabarretako bozkario, alfabetatze ekologiko tokiratu baterako aukera herrialde hartako hamarnaka eskolatan eta justizia poetikoetan basena. Klik izan zitekeen librezale, software askeko eta kode irekiko, baina, hango hezkuntza jende zenbaitek, jator askoak, fuerte bulkatuta ere, gutxiegitan lortzen zen.

Kroak zen soiltasuna, intuizioa, zentzumenak, denbora geldoak, behaketa mantsoa, zientzia herritarra, auzolana eta paper-lapitz-lupa-salabardoen bueltara ekarritako hezkuntza aldaketa erradikala. Klik zen, geroz eta maizago, ikaskuntza automatikoko algoritmo eta erreplikaren erreplikaren erreplika.

Kroakek garai hartako tramankulu eta makinatxoen hezkuntza eraldaketaren paradigma hankaz goiti jartzen zuen. Klik paradigma bera zen, hark gorpuzten zuen.

Kroak zen gaitasunak eta edukiak bat eginda, burutik eskuetara, eskuetatik lupetzara, lupetzatik putzura eta, gibelez-aitzin, putzutik lupetzara, lupetzatik eskuetara eta eskuetatik burura, eskuak ikasgaiez bustita eta zikin; sentituta, pentsatuta, eginda. Klik klikak ziren, klik! Kroak adimen naturala zen. Klik, ostera, ez.

Urteak joan eta urteak etorri, Kroak gaur transmisioa da, etorkizun garbi desiragarria, plantzarra urmaela duten eskoletan, pedagogia kritiko naturazalea. Kroak erakustun organiko bat da, maistra berde eder eta gorri galant bat. Klik, haatik, ez.

Eta hau hala bazan edo ez bazan, sar dadila Eskoletako Urmaelen Sarean eta atera dadila biharko euskal curriculumean. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Hezkuntza Gizartea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin