Houston (AEB), 1970eko apirilaren 14a. NASAren Espazio Zentroak Apollo 13-ko Jack Swigert astronautaren mezu ezaguna jaso zuen: “Houston, arazo bat daukagu”. Eztanda batek ontziaren oxigeno hornidura etetea eragin zuen, eta ilargi modulua erabili behar izan zuten salbatzeko. Baina, besteak beste, modulu nagusiaren karbono dioxido iragazkiak ilargi moduluan instalatu behar zituzten horretarako eta ez zen erraza; iragazkiak karratuak ziren, eta ilargi moduluan horretarako prestatutako tarteak, aldiz, biribilak. Argazkian ikusten den bezala, iragazkiak zinta amerikarrez eutsita gainditu zuten oztopoa.
27 urte lehenago, 1943an, Vesta Staudt (eskuineko argazkian) Amboyeko (Illinois, AEB) Green River fabrikan lanean ari zen, Bigarren Mundu Gerrako frontera bidaltzeko munizio kaxak prestatzen. Staudtek ederki zekien kaxa horiek hermetikoki ixten zituztela, besteak beste ura sar ez zedin, baina irekitzen zailak zirela. Zer gertatuko zen fronteko soldaduek munizioaren behar larria izan baina kaxa irekitzea lortzen ez bazuten? Staudtek zortzi seme-alaba zituen eta horietako bi AEBetako armadan zeuden une horretan. Horregatik bereziki kezkatzen zuen arazo hark.
Vesta Staudtek poz handiz ikusi zuen ingelesez duct tape esaten zaiona frontera iritsi zela, eta, gerra amaituta, orotariko arazoak konpontzeko produktu arrakastatsua bilakatu zela
Eta konponbidearen bila hasi zen. Zinta itsaskorrari zuntzezko sare bat gehitzea erabaki zuen. Modu horretan, zinta erresistentea lortuko zuen, baina eskuz mozten erraza. Azalpen diagrama batzuk ere prestatu zituen eta ideia fabrikako arduradunei erakutsi zien. Haiek, jakina, ez zioten jaramonik egin gerrak fabrikara bultzatutako 52 urteko etxekoandre ameslari hari. Baina Staudtek ez zuen amore eman, eta 1943ko otsailean eskutitza bidali zion Roosevelt presidenteari berari ideia aurkezteko. Handik bi hilabete eskasera jaso zuen gobernuaren erantzuna: ideia onartu eta berehala inplementatuko zuten. Gerra Ekoizpenerako Batzordeak patentea Johnson & Johnson enpresari eman zion eta ekoizpena berehala jarri zuten martxan.
Vesta Staudtek poz handiz ikusi zuen ingelesez duct tape esaten zaiona frontera iritsi zela, eta, gerra amaituta, orotariko arazoak konpontzeko produktu arrakastatsua bilakatu zela. 1966an hil zen eta, beraz, ez zuen ikusi bere zintak hiru astronautei bizia salbatzen lagundu ziela. Eta produktu hark etekinetan lortutako milioika dolarrak ere ez zituen ikusi. Chicago Tribune egunkariak Gerrako Langilearen Saria eman zion behintzat.