Garaipenen memoria historikoa

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urdaibaiko Guggenheim gelditu zutela jakin nuenean burura etorri zitzaidan hausnarketetako bat honako hau izan zen: hamar, hogei urte barru nola gogoratuko dugu garaipen historiko hau? Horrelako kasuetan ohikoena da mobilizazio, protesta eta borroka prozesu luzeen ondoren, azkenean proiektu horiek egin, egiten direla. Eta noski, horrela, gure memoria historikoa porrot historikoen memoria bilakatzen da… Egia da interes ekonomiko eta politiko handiak egon ohi direla inplikatuta eta oso zaila izaten dela behin prozesu guztia martxan jarrita atzera egitea. Urdaibaiko Guggenheimek bide hori zeraman: EAJko buruzagitzak proiektuaren aldeko apustu irmoa egin zuen eta EBBko buruak berak, Andoni Ortuzarrek, publikoki, ziurtasun osoz eta sutsuki defendatu zuen museoaren eraikuntza. EAJ bezalako alderdi batek piszinara salto egin eta horrelako zartakoa hartzea… Ez dakit kontziente garen horrek suposatzen duenaz. Horrekin bakarrik urteetarako garaipen-memoria izan beharko genuke.

Epikarik gabe gure memoriari gehiago kostatzen zaio gertakizun historikoak finkatzea

Kontua da badirudiela horrelako garaipenak erraz ahazten ditugula. Eta normala da, borroka prozesua indartsua izan da, herri mailako lana eta mobilizazioa, batez ere Urdaibain, ikaragarria izan da. Baina berez, benetan ezer mugitzen hasi baino lehen atzera egin dute. Hori ondo dago: txikiziorik egin gabe, mobilizazioetan eskaladarik gabe, errepresiorik gabe… Horrela irabazi beharko genituzke borroka guztiak, baina egia da epika kentzen diola garaipenari. Eta epikarik gabe gure memoriari gehiago kostatzen zaio gertakizun historikoak finkatzea. Esate baterako, XX. mendean egon den garaipen handienetako bat fracking-aren kontra lortu genuena izan zen. Ze leku du borroka horrek gure memoria kolektiboan? Eta ordea, Lemoizen aurkako borrokak (40 urte lehenagokoa) ze leku dauka?

Frackingaren aurkako borrokak antzerakotasun batzuk ditu Guggenheimekoarekin. Horretan bezala, gehiengo sozialaren aurkakotasun garbia zuen, kontzientziazio lan ikaragarria egin zen eta mobilizazio oso handiak lortu ziren. Baina borroka prozesu bezala, ez zen gehiegi berotu, atzera bota zutelako oso hastapenetan. Hamar urte geroago zalantzak ditut ea zenbaterako finkatua daukagun gure memoria kolektiboan garaipen horren garrantzia. Eta beldur naiz Urdaibaiko kasuarekin ez ote den bera gertatuko. Denok argi dugu borroka prozesuen zutabe nagusi bat transmisioa dela: ideologia, antolakuntza moduak, ezagutza teknikoak... Kontu horietan buru-belarri, askotan ahazten zaigu garaipenen memoria ere transmititu behar dugula. Kostatzen zaiola belaunaldi batetik bestera salto egitea. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin