Desjabetzearen aurrean, erraiak kantuan

  • Flamenkoaren desjabetze kulturaletik memoria ijitoaren berreskurapenera, emakume ijito feministen ahotsek artea, politika eta bizitza gurutzatu dituzte Flamenco Calí jaialdian, azaroaren 14an eta 15ean, Bilbon. Solasaldi, kontzertu eta aldarri kolektiboen bidez, arrazakeriaren egiturak eta erresistentziaren indarra jarri dituzte erdigunean, erraiak kantura aterata, eta musika sutondo bihurtuta.

Udane Barinagarrementeria Laka/ARGIA CC-BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Autotik atera berritan, Nerbioi erriberaren bazterreraino heldu zaizkigu La Terminal Fabrikaren barrenetik datozen Gure Kolé koro ijito feministaren ahotsak, bigarren eguna duen Flamenco Calí Jaialdian arratsaldeari ekin diotela jakitera emanez. Emakumeentzako lehen flamenko ijito jaialdia du lerroburu eta hiru elkarteren elkarlanaren emaitza da jaialdia: AMUGE, Romi Berriak eta Veus Gitanes. Hiru dira, halaber, jaialdia errotzen duten efemerideak: Euskal Ijito Herriaren Eguna, Flamenkoaren Nazioarteko Eguna eta Ijito Herria Iberiar Penintsulara iritsi zeneko 600. urteurrena. 

Sarreran izenak ematearekin pultseratxoa eta bi pegatina eman dizkigute antolatzaileek. “Nos sobra resistencia”  (Erresistentzia sobera daukagu) dio haietako batek. Orube bat da espazioa, ekitaldi anitzetarako birgaitua. Jaialdia hainbat eremutan antolatu dute: Photocall-a, oholtza, erakusketa, DJaren mahaia eta dantzarako espazioa, jan-edanetarako lekua eta taberna. Decorando Sueños Bilbao izan da arte diseinuaren kargu egin dena. Bigarren eguna izaki, sartu bezain pronto berotuta sumatu dugu giroa, antolatzaileak jaialdiaren aurkezpena egiten zihardutela. 

Izan ere, 300 emakume ijitotik gora elkartu ziren larunbatean eta nabari da bezperan bizitakoa soinean bizi-bizi daramatela. Antolatzaileek larunbatekoaz egindako balorazioan, parte-hartzaile kopurua bezainbat, sortu ziren elkarrizketak nabarmendu dituzte; Sandra Carmonak gidatuta, Noelia Cortés eta Paqui Peronaren hizketaldiak emandakoak, batez ere. “Flamenkoaren historiari buruzkoa izan zen solasaldia eta flamenkoaren memoria kolektibo ijitoa berreskuratzea izan zen helburua, baita flamenkoa den bezala errekonozitzea ere; alegia, ijitoen sorkuntza bat, intrintsekoki Ijito Herriarena eta hari lotua” laburbildu digu AMUGE elkarteko kide batek. Hizketaldi horren segida gisa kokatzen da gaurkoa, bezperan aipatutakoak egungo errealitatera ekarrita: kultur jabetzearen eta desjabetzearen auzietara, alegia. 

Sorkuntzaren jabetza aitortu ezean, ez dago elkarrizketa posiblerik

Araceli Cañadas, Elia Ortega eta Cathy Clarel igo dira oholtzara, bakoitzak bere esparrutik kultur-jabetzeaz eta -desjabetzeaz hitz egiteko; akademiatik dator lehenengoa, artisten familia baten parte da bigarrena eta musikaria eta produktorea da hirugarrena. Labur, argi eta zuzen aritu dira hizlariak, emakume ijito feministen kokalekutik gaiari helduta. Fenomenoaren irakurketarako zein ekintza kolektiborako hainbat gako eman dituzte, baita ijito ez garenontzako etxerako lanak ere.

Ezker-eskuin, mahai-inguruan: AMUGEko moderatzailea, Araceli Cañadas, Cathy Clarel eta Elia Ortega. Argazkia: Udane Barinagarrementeria/ARGIA CC-BY-SA

Kultur-jabetzearen auziak Ijito Herriaren parte ez direnek flamenkoaren kulturako elementuak erabiltzeari egiten dio erreferentzia. Kultur-desjabetzeak, ostera, fenomenoaren sustraiak sakontasunean aztertzea ez ezik, irakurketarako marko osatuago bat ere badakar: Herri Ijitoa artearen sorburu eta sortzaile gisa ezabatzea eta ukatzea da desjabetze kulturalaren muina. 

Izenburuari jarraiki, bi fenomenoak uztartu dituzte hizlariek solasaldian, baina desjabetzean jarri dute bereziki fokua. “Gure sorkuntza zeharo ebatsia da” esanez ekin dio Araceli Cañadasek, eta lapurreta horrek eragiten dien minaz eta traumaz aritu da. Oro har desjabetze kulturalaz eta identitarioaz hitz egitean aintzat hartzen ez den esparru batean jarri du azpimarra: alderdi ekonomikoan. Izan ere, desjabetzearen ondorio sozialez, kulturalez eta politikoez gain, aintzat hartu beharrekoa da musikari ijitioak ez kontratatzeak edo ez programatzeak artista ijitoen errealitate materialean duen eragina. 

Ondotik, errelatoa aldatzearen beharraz aritu da filologoa: “Gure kontakizunaren oinarria aldatu behar dugu, ekarpenetik sorkuntzara pasatu behar dugu; ijitoek flamenkoa sortzen dute, besteek ekarpenak egiten dituzte. Sorkuntza gurea da. Ez dugu ez barkamenik ez baimenik eskatu behar”. Txalo zaparradaren artetik “Primeran egon zara!” entzun da publikoan, eta irribarre eginda txanda eman dio hurrengo hizlariari, bere alabari. 

“Nola eragiten du kultur-jabetzeak artista ijitoen familietan?” galdegin dio moderatzaileak Elia Ortegari, eta gazte ikuspegitik erantzun du berak: “Flamenkoa ez da artea bakarrik, gure familiaren ondarea da. Gure jendearen sorkuntzak dira, gure etxeetakoak, kentzen dizkigutenak. Horrek ziurgabetasuna dakarkigu, erabateko galera”. Artista gazteak desjabetzearen oinarriari erreparatzeko beharra ere mahaigaineratu du: “Arrazakeria sakona da funtsean, sorkuntza propioak ebasteko saiakera”.  

Cathy Clarelentzako galdera desjabetzearekin amaitzeko aldaketa estrukturalen ingurukoa izan da. Musikariak testuinguruan jarri du gaurko egoera, ijitoen sarraski fisikoari sarraski kulturalak segida eman diola eta azken urteak “kriminalak” izaten ari direla azalduta. Sarraski kultural horren ondorioak zerrendatu ditu jarraian: ez dago ijitorik flamenkoari buruzko narratibetan, museoetan, espazio kulturaletan, kale-izendegian edo festibaletan. Hitz hauekin bukatu du hitzartzea, txalo zaparrada bat lagun: “Umila izateari eta barkamena eskatzeari utzi behar diogu, iraultza egin behar dugu”. 

Egoera iraultzeko gakoez galdetuta, presio soziala aipatu du Clarelek, ijitorik ez dagoen flamenko jaialdiak eta kazetaritza arrazista publikoki seinalatzea, besteak beste. Baina argia izan da hiruen mezua: flamenkoaren desjabetzearen ardura ez da ijitoena. Agentzia eta boterea, nonbait badago, prestigioa dagoen espazioetan eta espazio kulturaletan nor egon erabakitzen dutenengan baitago. “Guk ez dugu agentzia gaitasunik hori guztia programatzeko: dirua, kontaktuak, lokalak”. Horregatik, ijito ez garenoi dagokigu ardura hartzea, musika jaialdien antolaketan gabiltzanoi edo haietara joaten garenoi. “Erakutsi benetako aliatuak zaretela” botata amaitu du Cañadasek. 

Galderen tartea iritsi denean, AMUGE elkarteko kide batek hartu du hitza publikotik. Assata Shakur militante beltz feministaren esaldi entzutetsua ekarri du hizpidera: "Herri zapaldu bakar batek ere ez du bere askatasuna lortu zapaltzaileei dei eginez". Abiapuntu horretatik, bi gako eman ditu. Bata, Espainiako Estatuak –bereziki Andaluzian–ijitoen historiari, Espainiako historiari, feminitateari eta abarri buruz egiten duen narratibaren eraikuntzari aurre egin eta emakume ijito gazteentzako narratibak sortzearen beharra aldarrikatu du. Bestea, emakume ijito feministen borroka kolektiboa: “Guk, euskal ijito feministok, kontakizuna desmuntatu diegu feminista hegemonikoei, argi esanez beraien feminismo indibidualista ez dugula nahi. Feminista hegemonikoak isildu ditugu, orain flamenkoaren txanda da”. 

Arrazismoa, errealitate eta fikzio

Herri ijitoaren memoriarako eta aldarrikapenerako egun seinalatua da 2025eko azaroaren 17a. 600 urteko historia eta urte horietan guztietan egindako antigitanismoaren (ijitoen aurkako diskriminazioan oinarritzen den arrazakeria mota) kontrako borroka oroitzeko eguna. Oroimena, ordea, ez da iraganera begiratzeko ariketa bat soilik. Orainaren eraikuntza ere bada; gaur egungo antigitanismoaren formei eta egiturei aurre egiteko tresna bat, behar-beharrezkoa izaten jarraitzen duena. Eta solasaldiaren osteko sari banaketa, zapalkuntzaren gaurkotasuna erakusten duen errealitate gordinaren adibide izan da. Bat gehiago. 

Izan ere, azaroaren 17aren karietara antolatu zuten ipuin lehiaketan eman gabe geratu zen sari bat eman behar izan dute jardunaldian. Hona arrazoia: “Bigarren saria irabazi duen gaztetxoaren ikastetxe arrazistak ukatu egin digu ikastetxean bertan saria ematea”. Deitu dute oholtzara eta txalo eta biba artean jaso du diploma. Saritutako ipuina irakurtzeko gonbidapena egin diote ondoren. Mikroa esku batean eta papera bestean, dantzaria izan nahi duen neskatxa baten istorioa irakurri du, ijitoa izateagatik dantza eskoletan onartu ez dutena, baina esfortzuz eta konbikzioz talentua bere kabuz landu duena, dantzari famatu eta maitatu bihurtzeraino. Bukatzean, mikroa utzi eta dantzan hasi da neskatoa. Publikoko jendeak txaloekin lagundu dio, batzuk aulkitik altxatu eta dantzara batu dira. Hala, oholtza goi eta beheak dantzan eta kantuan direla bukatu da sari banaketa. 

Ezabatutakoak, argitara

Kontzertua hasi arteko pausa probestu dugu espazioaren eskuinaldea hartzen duen erakusketa begiratzeko. Hizlari aritu den musikaria Flamenco Pop proiektuaren sortzailea ere bada, flamenkoa eta beste estilo batzuk (popa, rocka, soula, elektronika, urbanoa…) uztartu dituzten artista ijitoei eskainia dagoen museo ibiltariarena. Mila disko original, kasete eta material grafiko baino gehiago biltzen ditu proiektuak, 1960ko hamarkadaz geroztik flamenko poparen ildo ebolutiboa marrazten dutenak. 

Jaialdian proiektuaren sail berri bat jarri dute ikusgai, Las Pioneras (aitzindariak) izenekoa, 1970eko hamarkadatik aurrera flamenkoa beste musika batzuekin uztartuz bidea ireki zuten emakume artista ijitoei eskainia. Begira geundela, gugana hurbildu eta sei hitzetan laburtu digu erakusketaren muina: "Historiatik ezabatuak izan diren emakumeak dira”. 

Flamenco Pop proiektuaren erakusketa. Argazkia: Udane Barinagarrementeria/ARGIA CC-BY-SA
Erraiak ateratzea

Maria Josefa Gómez Contreras abeslariaren zuzenekoaren txanda izan da ondoren. Gitarra jolea lagun, aulkian eserita abestu ditu lehen kantuak. Nolabait definitu beharko banu transmititzen duena, jaialdirako plan proposamena egin didan lagunaren hitzak erabiliko nituzke ziurrenik: poztasunaren, tristuraren eta amorruaren nahaste sakon bat da flamenkoarena. Eserita egonda ere, gorputz guztiarekin abestu du maitaminaz, harrotasunaz, Poliziaz. Eta heldu zaizkigu, nola heldu ere, txilio afinatu forman bere erraiak gureetaraino. 

Kontzertuaren erdialdera zutitu da kantaorea eta baita publikoa ere. Are indartsuago eta gordinago izan da azken partea, dantza tartekatuz, mikrorik gabe eta publikoarengana hurbilduta abestu baititu azkenak. Publikoari bizkarra emanda koletari eraginez agurtu du publikoa artistak; zutik, txalo artean eta deiadar eginez agurtu du publikoak bera. 

María Josefa Contreras kantuan. Argazkia: Udane Barinagarrementeria/ARGIA CC-BY-SA

Zerbait jan artean DJarekin dantzarako tartea hartu ondotik, Montse Cortés izan da egitarauari amaiera eman dion artista, jaialdiko kartelburua. Aretoan sakabanatuta zeuden 80 bat pertsona segituan bildu dira eszenatokiaren parera. Buleria eta tango artean begiak malkotan eta azala oilo-larru igaro dut zuzeneko osoa. Gainontzekoak mututzen dituen ahots horietako bat da Cortésena, baina horrek ez du publikotik errepikak eta koplak ez abestea eragin, kontrara baizik. Emozionatuta daude, gaude, guztiok. Momentua jaso eta gordetzeko nahi bat igartzen da giroan eta mugikor andana dago grabatzen. Ohartu gara, gainera, gure aurreko neska ez dagoela grabatzen, adineko emakume heldu bat ikusi baitugu pantailaren pantaila txikian, etxeko sofan eserita bideodei bidez kontzertua jarraitzen. Hortik aurrera bizitakoak zailak dira esplikatzen. 

Bukatzean, “Hau izugarria izan da” esan dut neure baitarako. Lagunaren begi distiratsuek berretsi egin didate nire baieztapena. Jaialdiaren antolatzaileetako batek mikroa hartu eta amets bat bete duela eta jada lasai hil daitekeela esan du, publikoaren barre algara eraginez. Eta nola ez zen izango izugarria, bada. Montse Cortések bere ibilbide artistikoan baititu La Paquera de Jerez taldearekin agertokia partekatu izana, Sara Baras edo Joaquín Cortés dantzarientzat abestu izana eta Paco de Lucía gitarra jolearekin jiran aritu izana. Eta horiek gutxi balira, bere bakarkako lehen diskoa, Alabanza (2000), Grammy Latinoa irabazteko hautagai ere izan zen. 

Aitortu behar dut datu horien berri kontzertua ikusi ostean artistaren inguruan gehiago jakiteko gogoa piztu zaidalako izan dudala. Eta curriculum hori topatzean, izoztuta eta lotsatuta geratu naizela. Lotsa indibidualaz gain, klase lotsa sentitu dudala; zuri klasearena, alegia. Auzia ez delako bakarrik jaialdira joan garen bi lagunon ignorantzia zuriagatik Montse Cortesen ibilbidearen berri eduki ez izana. Auzia da, batez ere, pentsaezina litzatekeela Grammyetarako hautagai izan den musikari baten kontzertu bat egotea Bilboko jaialdi feminista baten baitan, eta ez egotea ez jaialdiaren ez kontzertuaren aipamenik ere inon –ez euskal prentsan, ez espainiarrean–. Horra arrazakeria, desjabetzearen ondorio kultural, sozial zein politiko argia eta zurion arduragabekeria nabaria. 

Amaitzeko, “¿El flamenco qué es?” (Flamenkoa zer da?) oihukatu du batek mikrotik, eta “¡Gitano!” (Ijitoa!) erantzun du ahots koru handi batek. Abestuz, txaloz eta dantzaz eman diote amaiera jaialdiari: Orgullo tengo de ser gitana / de respetar a mis costumbres / de cantar con mi familia / y al laíto de una lumbre, / de escuchar a las ancianas / con oído y atención, / sin mi pueblo no soy nada, / que siga la tradición. (Harrotzen nau ijito izateak / nire ohiturak errespetatzeak / nire familiarekin kantatzeak / eta sutondoan egoteak, / adineko emakumeak entzuteak / adi-adi eta arretaz, / nire herririk gabe ez naiz ezer, / jarrai dezala tradizioak). 
 


Ijito herria kanalean gehiago
2024ko apirilaren 8
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin