Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Txistorra batekin esan genion agur 2025eko azken eskola egunari. Santo Tomasak heldu ziren gero talo, gazta, bizkotxo eta sagardo artean. Gehitu ikasturte amaierako bidaiarako polboroiak, mantekadoak, bonboiak. Eta, artean, egun seinalatuak iristeko zeuden.

Eguberrietan ezinbestekoak dira: azpizuna, zapoa, arkumea, kroketak, %100eko ezkur urdaiazpiko iberikoa eta ardorik onenak. Langostinoak, patea, entsaladilla errusiarra, piper beteak, arrain-zopa eta porru vichyssoisea. Urte zaharretan, berdin. Gehitu petardoak, jostailuzko turutak, kartoizko betaurreko koloretsuak eta serpentinak. Gehitu desordua, gaupasak eta musika dantzagarria.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar iritsi zitzaizkigun azkenak. Gabonetako azken erritua. Azken platerak. Opil eta guzti.
Jatordu guztiak pasatu ditut semeei neurrian jateko eskatzen. Ez edateko hainbeste, zero zero izanda ere asko betetzen duela Coca Colak. Laugarren kroketa uzteko platerean: “Ea zer jan behar duzun bestela, gero”. Postreekin beti dago apetitua: “Ah! Orain bai, ez? Horretarako beti daukazu tokia zuk!”.

Ez nekiena zen aurreko egunetatik sobratutako izozki eta Tolosako teilak ere mahaira aterako zirenik. Ez dadila biharko ezer geratu, jan beharrekoak jan eta bakea. Osabak, gainera, majo-majo, 5 euro eman zizkion bakoitzari “nahi duzuenean gastatzeko”. “Seme, zuk ez jan azukre gehiago, entzun?”.  

Horretan ere pasatzen ditugu gabonak gurasook: neurrian bizitzen irakasten. Neurrian jan behar dela erakusten, neurrian jakin behar dela disfrutatzen.

Lanean hasi bezperan, izerdi hotzetan esnatu naiz goizeko ordu bietan. Tripak bihurrituta, neke berun batek hartuta. Komunera joan naiz. Botaka egingo nuke. “Seguru gazta tartarengatik izan dela. Ondorengo turroiak ezin du izan, zatitxo bat besterik ez dut jan. Bukaerako hiru bonboiak? Zertarako esan nion baietz kopa hari!”.

Pasa zaidala ematen du. Komunetik bueltan semearen ohe ondoan eseri naiz. Nik ere, batzuetan, aita izatea nahiko nuke. Alboan. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Familia Gizartea
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin