Venezuela ataka estuan

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pasa den urtarrilaren 3an Venezuelak pairatutako eraso inperialista bortitza kokatu behar da AEBek diseinatutako estrategia luze baten barruan. Ezin dugu ahaztu 2013an Chávez hil ondoren eta Obamaren garaian, Washingtonek erabaki zuela jauzi kualitatibo bat ematea Venezuelaren kontra, gerra ekonomiko bat bultzatuz blokeo komertzial eta finantzarioen bitartez. Karibeko herrialdeko ekonomia suntsitzea zuen helburu, eta neurri handi batean lortu zuten, Venezuelako oinarri materialak sakon kaltetuz eta ondorioz, migrazio itzela eraginez. Azken hilabeteotan estrategia erradikalizatu zuten blokeo militar are gehiago ezarriz Kariben eta Venezuelako petrolioa zeramaten itsasontziak bahituz. Horregatik guztiagatik, horrelako eraso bortitza aurrera eramateko baldintza objektiboak (ekonomiaren suntsiketa) eta subjektiboak (gizarte-higadura, eguneroko gabeziengatik) emanak ziren.

Nahiz eta erasoaren ondorioak latzak izan (presidentearen bahiketa eta 100 hildako baino gehiago, besteak beste) operazioaren arrakasta erlatibizatu behar da, izan ere Etxe Zuriaren helburu estrategikoa beti izan da gobernua boteretik kentzea eta erregimen otzana ezartzea. Beste behin, ez du lortu hainbat arrazoirengatik: lehenik, inperialismoak eragindako migrazio itzelaren ondorioz, oposizioaren oinarri soziala ahuldu egin da nabarmen; bigarrenik, mugimendu bolibartarrak egitura politiko batua eta indartsua mantendu du higadura pairatu arren; hirugarrenik, gobernuarekiko Armadaren leialtasunak erabakigarria izaten jarraitzen du; eta azkenik, milioika herritar xumek entrenamendu militarra jaso dute azken bi hamarkadetan eta armatuta daude. Hau guztia kontutan hartuta, gaur egun ez omen da oso bideragarria inbasio iraunkor bat edota gobernu zipaio bat, ezegonkortasun handiegia sortu litekeelako multinazional yankien negozioetarako. 

Balizko eszenatokiak

Ez da batere erraza asmatzea zer gerta daitekeen epe labur-ertainera, aldagai asko eta oso konplexuak uztartzen dira. Dena den, argi dago AEBek berreskuratu egin nahi dutela Venezuelaren kontrol historikoa eta horretarako sekulako presioa egingo dute datozen aste eta hilabeteetan. Helburu ugari dituzte: alde batetik, petrolioaren hornidura handia bermatu nahi dute (zuzenean petrolio-ontziak lapurtuta edo lehentasunezko prezioetan erosita); aldi berean, Orinoco-ko petrolio guneetara multinazional nagusiak (ExxonMobil eta ConocoPhillips) itzultzea nahi dute (Chevron ez zen joan duela 20 urte); horrez gain, sarbide zuzena lortu nahi dute herrialdeko mineral estrategikoak eskuratzeko (urrea, bauxita, kobrea, nikela, titanioa, koltana…) baita ‘lur arraroak’ ere; eta horrela Txinak eta Errusiak duten pisu ekonomikoa murriztu nahi dute, berreskuratuz bere posizio hegemonikoa (gaur egun Txinak bereganatzen ditu Venezuelako petrolioaren bi heren baino gehiago).

Egoera honetan, Venezuelako gobernuaren posizioa ez da batere erraza. Lehenik, egonkortasun politikoa bermatzeko, batasun ‘zibiko-militarra’ mantendu behar du, hau da, chavismoaren doktrina nazionala duela mende laurdenetik. Bigarrenik, esparru ekonomikoan negoziatu behar du Washingtonekin, oso testuinguru desorekatuan (blokeo komertzial eta militarraz gain, beste eraso baten mehatxupean). Akordio duin bat eta burujabetza nazionalaren diskurtso sinesgarria irudikatu behar ditu bizirauteko.

Geopolitika

Mundu mailan izaera hegemonikoa pixkana galtzearen ondorioz, AEBek ‘atzeko patioa’ren kontrola bermatu nahi dute eta horretarako, XIX. mendeko Monroe Doktrina egokitu dute XXI. mendean. Plan argi bat dago kontinenteko mapa birdefinitzeko eta otzanak ez diren gobernuak menderatzeko: Venezuela, Kuba, Kolonbia, Mexiko... Etxe Zuriaren agenda ultra aurrera egiten ari da, eskuin eta eskuin muturreko gobernuak baitaude gero eta herrialde gehiagotan (gaur egun Latinoamerikako herrialdeen %75 baino gehiago kontrolpean dute). Bi herrialde handienak (Brasil eta Mexiko) ez kontrolatzeak indar aurrerakoiei arnasa ematen die. Oraingoz…


Irakurri gehiago: Nazioartea AEB Amerika Venezuela
ASTEKARIA
2026ko urtarrilaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Nazioartea kanalean gehiago
2026ko otsailaren 11
ICE jokoak

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.