Sektore estrategikoen publifikazioa

Ayesaren egoitza Miramongo Parke Teknologikoan, donostian. Argazkia: EiTB
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Izenburura publifikazioa hitza eraman arren, zerbitzuen pribatizazioa izan da urte luzez titularrak irabazi dituen politika nagusia, bereziki sektore estrategikoena. Hitz egin genezake garai batean izan genuen telekomunikazioen sare publikoari buruz, sistema energetikoari buruz, sistema finantzarioaz, osasungintzaz, hezkuntzaz...

Urte hasierak, baina, Ayesa taldearen atal teknologikoaren erosketa –lehengo Ibermática– ekarri zigun titularretara. Urrian hasi zen gaia komunikabideetan azaltzen, eta urtea amaitu baino lehentxeago lortu zen akordioa: aliantza publiko-pribatuak eskuratuko du Ibermática 480 milioi euroren truke. Publiko egindakoaren arabera, aliantza horren baitan leudeke Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, BBK fundazioa eta Teknei aholkularitza teknologikoa. Aurrerago Vital Kutxako fundazioa batzeko aukera egon arren, Gipuzkoako Kutxak baztertu egin du aukera, inbertsioak duen arriskuarengatik eta Teknei enpresaren rolagatik.

"Publifikaziotik urrun ziur aski, baina epe motzeko irabazi ekonomikoei begira jarraitu diren politikak aldatzeko saiakera dirudi Ayesakoak"

Auziak erpin ugari ditu, komunikabideek argituko dituztenak ziur aski. Tartean, EAJri estuki loturiko Teknei enpresarekin Kutxak azaleratutako zalantzak. Izan ere, EAJ eta Podemos, biek bozkatu diote ezetz eskaintzari. Baiezkoaren alde, berriz, Gipuzkoako beste alderdi guztiak.

Argi-ilun guztiekin, poztekoa da 1973an aurrezki kutxen eta bertako industriaren kapitalarekin sortutako enpresa bat jatorrizko lurraldera itzultzea. Publifikazioa sustatzetik urrun ziur aski, baina urte luzez epe motzeko irabazi ekonomikoei begira jarraitu diren politikak aldatzeko saiakerak dirudite azken inbertsioek. Baikorra izan nahi nuke, eta behingoaz herri honen oraina eta etorkizuna bermatzeko ezinbesteko politikak bultzatzea erabaki dela sinetsi. Dena den, denborak esango digu ea ez den oraingoa ere gutxi batzuk aberasteko estrategia hutsa. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin