“Obra bere espazioan kokatzea da garrantzitsuena”

  • Tik-tak, tik-tak. Hegan egiten du urteak, hegan urtarrilak, eta hegan datoz 37. Argia Sariak. Gorde data: urtarrilaren 30ean izango dira. Sei saridun, sei garaikur banatuko dira, sei eskultura berri-berri. Merezi du horretan azpimarra egitea. Estiloz itxuraldatuta, eta batez ere egilez aldatuta, estreinaldia izango dute Alaia Gaztelumendi artistaren oroigarriek. Bere obra, bere sorkuntza eta bera ezagutzeko, zer hobe bere lantegian kuku egitea baino.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko urtarrilaren 14an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bazen behin, duela ez hainbeste, Oiartzungo Iturriotz auzoan, Aduriz izeneko sagardotegi bat. Urte batzuk daramatza itxita. Baina oroimena iltzaturik geratu da paretetan, literalki. Gaur egun, zati bat, Alaia Gaztelumendiren (Oiartzun, Gipuzkoa, 1993) lantegia da. Sorkuntzarako espazio gisa darabil sagardotegia zenaren gaineko espazio luze eta zabala, harri zaharrekoa eta, eguzki argirik ezean, iluna. Hezea da oso. Ez kasualki, sagarrak gorde eta sagardoa egiten zuten bertan, eta azpiko aldean tolarea dago oraindik ere. Bada gasezko sutegi bat ere, bazter batean, Gaztelumendik lanerako darabilen mahaiaren justu beste ertzean. “Lanerako erabiltzen dudan espazio honen aldameneko atean emakume edadetu bat bizi da, sagardotegiaren jabea zena, eta ohitura zaharrei jarraituta, bere ama zenaren gasezko sutegian babarrunak kozinatzen ditu oraindik”. Hala suertatzen denean, hortaz, sorkuntza lan betean egon daiteke Gaztelumendi, eta beste iskinean emakumea eltzean. Elkarrekin hartzen dute kafea.

Gaztelumendik orduak ematen ditu lantegian, formatu handiko koadroak eta euskarri askotako eskariak diseinatzen. Segun eta zer materialezko piezak egiteko, zeramikazkoak kasurako, Hondarribian (Gipuzkoa) ditu baliabideak horretarako. Han bizi da egun, baina asko ibiltzen da Oarsoaldean, besteak beste, irakasle baita Errenteriako (Gipuzkoa) Herri Arte Eskolan. Baina horrek ez dio tarterik kentzen sorkuntza propiorako. Nobedadeen artean, gaur egun, ilbeltzaren amaieran jakinaraziko diren ARGIA Sarien eskulturak ari da egiten. Azken ukituak ematen ari zaie.

ARGIArekin lotura egin duzu sarien eskulturengatik, baina prentsako pieza batzuetan ilustratzaile gisa ere aurkeztu zaituzte. Eta ez soilik hori: muralak egin dituzu, koadroak ere bai baldosekin, jantzien diseinuak... Denetarik, ezta?
Nire ibilbidean gauza diferente asko egin ditut, egia da, eta uste dut horra iritsi naizela ez ditudalako muga gehiegirik ipini. Suertatu izan zaizkit hainbat elkarlan, hainbat proiektu, eta interesgarriak topatu ditudanak egin ditut, material eta formatu ezberdinetan.

Esaterik bazenu, zertan aritzen zara erosoen?
Gehien egin ditudan lanak muralgintza arlokoak izan dira. Hortaz, agian, erosoen horretan aritzen naiz. Muraletan egin dut ibilbide bat: hasieran margoekin bakarrik ibiltzen nintzen, gero hasi nintzen azulejo berrerabilgarriak erabiltzen, eta joan naiz bi material horiek hobeto ezagutzen, elkarrekin nahasten, eta nire estiloa-edo topatzen. Bestalde, eskultura arloan, duela zazpi urte hasi nintzen buztinarekin. Horretan ere eroso nago. Baina egia esan, ez ditut inoiz sari batzuk egin. Erronka izaten ari da.

Amaitu gabeko Argia Sarien eskulturak. Alaia Gaztelumendik egindako argazkia.

Zer moduz doa prozesua?
Oso gustura ari naiz. Ondo pentsatu nituen proiektuaren epeak, diseinuarenak eta exekuzio prozesuarenak, baita nola arituko nintzen erosoen ere. Sariek lauki forma izango dute kanpotik, horiek bloke moduan egin ditut, eta gero banan-banan joan naiz lantzen eskultura bakoitza. Oso eskuz egindakoak dira, lauki formako blokea izan ezik, egurrezko molde batez lagunduta baitago egina. Proiektu luzea izaten ari da, zeramikarekin ezinbestean horrela izan behar delako, dena ez baitago norberaren esku. Eta horrek eragiten du prozesua interesgarri egitea, batzuetan urduritzea ere bai.

Zergatik da horren konplexua zeramika?
Buztinak bere denbora eskatzen du, forma ematen hasteko, labera sartu aurretik erabat lehortuta egon behar du... Oso material sentsiblea da, eta tentuz ibili behar da tentsioekin. Buztinak berak agintzen ditu lan prozesuaren tempoak, eta horrek zaildu egiten du produkzio epeen planifikazioa. Data konkretu bat duten eskarietan, Argia Sarien kasuan, urduritasun momentuak prozesuaren parte dira.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Sarri esan ohi da artista bakoitzak bere estiloa bilatzen duela. Denetarik egiten duzu, baina zure lanak ikusita, koadroak eta muralak batez ere, sentsazioa dut ezaugarri koloretsu eta trazu biribil eta lodietara jotzen duzula. Zer esango zenuke zuk?
Muraletan eta ilustrazioan oro har, iruditik gertuen dagoen sorkuntza izanda, esango nuke baietz, lerro jarrai bati lotutako estiloa jarraitzen dudala. Ez da gehiegi pentsatutako zerbait, baizik eta sormen prozesuan lagungarri egiten zaidana da. Ideiarekin edo ideiarik gabe hasten naizenean, lerroa izaten da hasiera bat. Horrek eramaten nau irudia sortzera.

Askotan idealizatzen da artistaren sortze prozesua. Ez dakit galdera tipikoa ez ote den: zer bilatzen duzu inspirazio gisa?
[Denbora hartu du pentsatzeko] Segun proiektua, aldakorra da. Zenbaitetan inspirazio gisa hartzen dut proiektua kokatuko den espazioa bera, betiere leku jakin batean kokatuko bada. Adibidez, herri batean mural bat egiteko, herri edo kale horretako istorioak ezagutzea gustatzen zait, eta gauza bera eraikinekin, enkargua egin didan familiarekin, proiektuarekin... Saiatzen naiz obra ondo kokatzen bere espazioan, eta espazio horren erakusgarri izaten, batez ere kalean baldin badago. Uste dut hori dela garrantzitsuena, lekuan errotuta egotea.

Idealizatzen den beste zera bat: kaosa. Enkarguzko lan asko jasoko baitituzu, era oso diferenteetakoak gainera, zure kontrolpean egon gabe. 
Eromena izan daiteke, baina azkenean, nolabait esanda, norberaren esku dago. Askotan epe batzuk daude betetzeko, hori ere horrela da, presioa sentitu daiteke, baina bereziki ahalegintzen ari naiz neure burua ez itotzen, eta ezezkoa ematea komeni zaidan lanei uko egiten. Orain ongi kokatuta ikusten dut nire burua: lan gutxiago egiten ari naiz, baina benetan nahi ditudan bezala egiten ditut. Orain iritsi naiz nire lanez disfrutatzen dudan puntu horretara. Bederatzi urte daramatzat honetan, eta esperientziari esker iritsi naiz hona, baina batez ere Hezkuntzan ari naizelako lanean. Oreka bilatu beharra dago, eta zaila da, jakina, diru sarrera batzuk behar direlako gastuak ordaintzeko.

Hori esatera nindoan: artistaren bizimoduak ere badu alde prekarioa. Nola bizi duzu zuk?
Sortzaileen mundua prekarioa da, bai, eta exijitzen du gauza asko-asko egitea. Ez zara bakarrik artista; publizista, argazkilari, administrari eta denetarik zara. Nik, pertsonalki, Hezkuntzaren sostengua daukat, eta pasioa ere bada niretzat irakaskuntza. Finean, horrek ematen dit oreka ekonomikoa eta eskaera artistiko askori ezetza emateko aukera. Asko da hori egin ahal izatea. Pixkanaka heldu naiz hona, eta jakina, onartu ditut gustatu ez zaizkidan enkarguzko lanak.

Herri Arte Eskolan zabiltza, Errenterian. Kontatu zertan ari zaren.
Arte diziplina ugari eskaintzen diren eskola da, adin txikikoentzat zein helduentzat. Proiektu zabala da, urtez urte handitzen joan dena. Lehen musika eskola zen, antzerkia eta dantza ematen hasi ziren, eta duela lau-bost urte inguru hasi nintzen ni, orduan zabaldu baitzituzten arte plastikoa, hitza eta beste zenbait diziplina. Ni haurrekin aritzen naiz, eta arte plastikoa, komikigintza eta pintura klaseak ematen dizkiet.

Zer moduzko esperientzia haurrekin?
Asko gustatzen zaizkit, eta oso-oso eroso nabil, oso gustura. Izugarrizko sormena daukate, disfrutatzera etortzen dira, eta nik haiekin disfrutatzen dut. Askotan, pentsa dezakezu modu batera erantzungo dutela, eta guztiz beste era batera jokatzen dute; eta taldez aldatuta, gauza bera: oso gauza diferenteak ikusten ditugu saioz saio, taldez talde. Oso aberatsa da beraiekin horrela lan egitea.

Klasearen estruktura hankaz gora ere ipiniko dizute...
Saiatzen gara planteamendu nahiko irekiak egiten. Adibidez, euskarri bat ematen diegu, material konkretu bat, edo helburu jakin bat agian, eta irudimena garatzeko eskatzen diegu, aske sentitzeko. Zenbaitetan banaka, besteetan talde txikitan edo handitan. Batez ere, ikasleentzako sormen prozesu aberasgarriak ahalbidetzen ditugu, arte plastikoak izan ohi duen sorkuntza joera klasikoa baztertuta.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Batxilergo artistikoa ikasi zenuen. Pentsatzen dut txiki-txikitatik izan duzula marrazteko eta sorkuntzarako zaletasuna. 
Anaia [Dei Gaztelumendi] ere marrazketa eta diseinuaren munduan ibiltzen da, eta zaletasuna beti egon da presente etxean, gurasoengandik hasita. Atentzioa jartzen zieten egiten genituen marrazkiei, eta asko baloratu izan gaituzte horrengatik. Uste dut gurasoen jarrera garrantzitsua izan dela gero anaiak eta biok hartu dugun bidea hartzeko. Batxilergo artistikoa egin nuen, baina gero ez nuen argi ikusten Arte Ederretara jotzea, ez nekielako ondo zertan espezializatu, eta agian zabalegia egingo zitzaidan. Magisteritzan sartu nintzen, eta eskerrak; nire bi pasioak uztartzen ari naiz orain. Arte Plastikoa eta Ilustrazioa ikasitakoa ere banaiz, Bartzelonan.

Eskolaz kanpoko jarduera da zuena, Herri Arte Eskola. Urteotan asko handitu dela aipatu duzu. Eskola arruntean, Hezkuntza sisteman, ari al dira gauzak aldatzen sormena bultzatzeko? Zer sentsazio duzu?
Esango nuke ezetz. Esango nuke geroz eta ordu gutxiago dituztela arterako eta sorkuntzarako. Ikasleekin hitz eginda, esaten didate astean ordubete edo gutxiago izaten dutela arte plastikorako, eta hori oso espazio txikia da. Tristea iruditzen zait, batik bat etorkizunera begira gehien baloratzen den ezaugarrietako bat delako sormenerako gaitasuna. Zorionez, Errenteriak badu Herri Arte Eskola, sorkuntzari begirako eskaintza publiko interesgarria duena, haurrentzat zein helduentzat. Helduok ere behar ditugu horrelako espazioak sormena lantzeko, denok modu batean edo bestean sortzaileak garelako. Arnasgune bat da.

"Tristea da Hezkuntzan arteari eta sorkuntzari ordu gutxi eskaintzea; etorkizunera begira, gehien baloratzen den ezaugarrietako bat da sormenerako gaitasuna"

Eta gizarte moduan, ikusten duzu interesa areagotzen ari denik?
Bai, zalantzarik gabe. Arte plastikoak, zeramika, joskintza... Gauza horiek guztiak oso modan daude une honetan, jendeak beharra sentitu du sormena lantzeko eta bere kabuz gauzak egiteko, eta oso pozgarria da, baina dena egiten da Hezkuntza araututik kanpo.

Itzul gaitezen hasierara: Argia Sariak. 36 urtez Antton Mendizabalek egin ditu eskulturak, eta enkargua zuri heldu zaizu orain. 
Tradizio handiko sariak dira, izen bat dutenak, egin dira dagoeneko makina bat eskultura, eta niri tokatu zait segida ematea. Saiatu naiz diseinua berritzen, baina aldi berean esentzia mantenduta, orain arteko ibilbidea ahaztu ez dadin. Materiala berritu dut, eta diseinua ere bai, logoa mantenduta. Oraintxe bertan prest daude; saridunen izenen oinarriak ari naiz ipintzen. 
 


ASTEKARIA
2026ko urtarrilaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.