Trumpen bakeak guda esan nahi du

  • Munduak Venezuelara begira hasi du urtea, kezkaz. Legez kanpoko guda ekintza batekin, Trumpen administrazioak, ehun pertsona hiltzeaz gain, AEBak sekula mehatxatu ez zituen estatuburu bat –herrialdeko autoritate militar gorena– eta bere emaztea bahitu ditu. Presidenteak azaldu du zergatik egin duten erasoa: herrialde horren petrolioa eta baliabide naturalak nahi dituzte.
    Baina ez da hori bakarrik.

Donald Trump, pozarren, Maduroren bahiketatik egun gutxira emandako prentsaurreko batean. (Etxe Zuria / Daniel Torok)
Donald Trump, pozarren, Maduroren bahiketatik egun gutxira emandako prentsaurreko batean. (Etxe Zuria / Daniel Torok)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lehen aldiz historian, Hegoamerikako hiriburu bat bonbardatu du atzerriko herrialde batek. Urtarrilaren 3ko goizaldean, Venezuelan jaieguna zutela, AEBetako armadak Caracasi eraso egin zion eta zenbait helburu estrategiko txikitu zituen. 02:00etan, dozenaka hegazkin militarrek eraso koordinatua egin zuten herrialdeko konplexu militar nagusi Puerto Tiunaren eta beste zenbait defentsa azpiegituraren aurka. Telesur hedabidearen arabera, Nicolás Maduro eta Cilia Flores Caracasko Fuerte Tiunan kokatutako beren etxebizitzan zeuden, AEBetako Delta indar berezietako taldeak bahitu eta herrialdetik atera zituenean. Horretarako, sarraskia eragin zuten eta ehun pertsonatik gora hil zituzten, tartean, Venezuelak ofizialki eskatuta presidentearen guardia osatzen zuten 32 kubatar. Handik hamabost ordura, New Yorkera iritsi eta zirt-zart, urtarrilaren 5ean beren aurkako karguak formalki jakinarazi zizkieten epaitegian. "Konspirazio narkoterroristaz" gain, AEBetara kokaina inportatzeko konspiratzea eta arma automatikoak edukitzeko konspiratzea egotzi diote Madurori. Floresi, berriz, egotzi diote AEBetara kokaina eramaten duen sareko partaide izatea. 

Horrela mintzatu zen Maduro epailearen aurrean: “Nicolás Maduro Moros naiz, nire herrialdeko presidentea oraindik ere. Gerra presoa naiz, Caracasko nire etxean atzeman ninduten, modu bortitzean. Errugabea naiz”. Akusazio guztiak gezurtatu eta irmo mantendu ziren biak. Epaiketaren hurrengo saioa martxoaren 17an izango da. 

AEBetako Gobernuak eta New York Times-ek mundu osora zabaldutako errelato epikotik harago –Etxe Zuriak egun hartan filme baten trailerra bailitzan sare sozialetan zabaldu zuen minutu bateko bideoa ikusi, zalantzarik bada–, xehetasun asko ea hala izan ziren zehatz jakitea zaila izango da, eta urte asko barru informazio klasifikatua argitaratu arte itxaron beharko dugu, aukerarik onenean. Hala ere, aurrekariak argi daude, baita ondorioak ere: 

Flores eta Maduro New Yorkeko espetxetik epaitegira eramateko operatibo hanpatua antolatu zuen AEBetako Gobernuak: helikopteroa, hirigunearen erdigunea moztuta... (Kyle Mazza / Europa Press)

"Gizateriaren historiako naziorik erasotzaileenak, hiri babesgabeen gainean bonba atomikoak jaurtitzera ausartu zenak –Hiroshima eta Nagasaki–, Panama inbaditu zuen [1989an]. Herrialdea bonbardatu, milaka hil eta auzo oso bat erre zuen [Manuel Antonio] Noriega eramateko, narkotrafikatzaile izatea egotzita. Eta han dago preso, Panamako presidente ohia”, kontatu zuen behin jendaurrean Hugo Chávezek, Venezuelako presidente zela. “Duela zenbait urtetik, Pentagonoan diseinatutako operazio bat abian da Venezuelaren aurka eta behin, esan zidaten: 'Zuri, Chávez, Noriegaren formula aplikatzen saiatuko dira eta narkotrafikatzaile izatea egotziko dizute, zuri zuzenean'. Eta lortzen badute norbait narkotrafikoarekin lotzea, edozerk balioko du presidente den narkotrafikatzaile baten aurka. Munduko edozein herrialdetara bidaiatuz gero, komando bat iritsi eta eramango nindukete”. Duela 20 urte, Chávezek bazekien zertaz ari zen. 

Venezuelaren aurkako AEBen bortizkeria eta konplotak denboran oso atzetik badatoz ere –estatu kolpeak, guda ekonomikoa, beren burua presidente aldarrikatzen zuten oposizioko figurak eta Maduro droneekin hiltzeko saioak barne–, azken eraso hau abuztuan hasi ziren berotzen, ustezko "narkoterrorismoari" guda egin beharraren aitzakiarekin AEBak armada zabaltzen hasi zirenean Karibe itsasoan eta Mexikoko Golkoan –Trumpek izena aldatu nahian, "Amerikako Golkoa" deitzen dio–. Azaroaren amaierarako, 1962ko Kubako misilen krisiaz geroztik izan duten presentzia militarrik handiena bertaratua zeukaten AEBek ur horietara. Venezuelako ontziei eraso egin eta horiek urperatzen aritu zen Trump. 2025eko amaierarako, inolako epaiketarik gabe, dagoeneko 114 pertsona hilak zituzten, nazioarteko komunitateak ezer gutxi esan, eta eskuin muturrak agintzen duen Amerikako herrialdeek AEBak txalotzen zituzten bitartean. Abuztuan bertan, AEBetako Estatu eta Justizia departamentuek iragarri zuten 50 milioi dolarrera igoko zutela Maduro harrapatzen laguntzeagatik eskaintzen zuten ordainsaria. 

Testuinguru horretan, AEBentzat arrisku iturri omen ziren narkotrafiko sareen inguruko berriak lerroburuak irabazten hasi ziren boterearen abaroan mugitzen diren hedabideetan, Cártel de los Soles deituriko kartel bat nabarmenduz guztien gainetik. Erakunde horrek Venezuelan operatzen zuela eta Nicolás Maduro horren buru irudikatzen zuten artikuluak erraz aurki daitezke sarean. Hori guztia, sekula frogarik aurkeztu gabe. Behin Maduro bahitu ostean, ordea, ez dute gezurra erortzen uzteko erreparorik izan. AEBetako Justizia Departamentuak erretiratu egin dio Madurori Cártel de los Soleseko buruzagitzaren akusazioa, eta prentsan adierazi dute aipatu kartela ez dela existitzen; ustelkeria sare bati buruz ari direla. Beraz, kartel bateko buru zela egotziz Maduro bahitu eta espetxeratu dutenek orain diote halako kartelik ez zela. Irakeko suntsipen handiko armen iruzurra, bi hamarkada geroago. 

Trumpek urtarrilaren 3an bertan eman zuen prentsaurrekoan, bahiketaren arrazoia herrialdeak dauzkan urre beltza eta baliabide naturalen erreserbak direla esan zuen argi eta garbi, eta lehen prentsaurreko hartan petrolioa 26 aldiz aipatu zuen. Bide batez esan, hedabide nagusiek, Euskal Herriko zenbaitek ere bai, bahiketa beharrean, atxiloketa, estrakzioa edo operazio berezia hitzak erabiltzen dituztela, eta BBCk bere kazetariei espreski debekatu diela hitz hori erabiltzea, nahiz eta geroago Trumpek berak utzi dituen ipurdi bistan esan duenean bahiketa terminoa "egoki" ikusten duela. Ez zen demokrazia eramateko izan –Mendebaldeko eskuineko alderdiek zioten bezala–, berak gidatutako protektoratu bat inposatzeko baizik. Trumpek ez zeraman askatasuna, beren baliabide naturalen lapurreta baizik. Ez zen narkotrafikoa, petrolioa zen.

Venezuelan orain zer?

Trumpek ez du gobernua bota. Venezuelako jarduneko presidente izendatu zuten urtarrilaren 5ean Delcy Rodríguez. Honek berehala salatu zuen AEBen erasoa, eta nazioarteko legediaren apurketaren aurrean burujabetza nazionala eta herri erresistentzia aldarrikatu zituen. Zazpi dolu egun ofizial izendatu zituen gobernuak eta milaka eta milaka pertsona atera dira kalera herrialdean eraso inperialista salatu eta bahituak askatzeko eskatuz. Trumpek onartu du bere interlokuzioa eta negoziazio betean ari dira, zenbait herrialderen bitartekaritzarekin.

Azken urteetan Mendebaldetik horrenbesteko bultzada politikoa jaso duen Venezuelako oposizioko buru María Corina Machado boterera eramateko estrategiarik ez dago eta ez dirudi egongo denik. Gogoratu behar da Madurori diktadore deitzeko arrazoietako bat izan dela 2024ko hauteskundeetako oposizioaren iruzur akusazioa, eta behin eta berriz hauteskundeetako aktak erakusteko eskatuz eginiko kanpaina indartsuak mundu mailan oihartzuna lortu zuela. Maduroren zilegitasuna eta herritarren artean zuen babesa etengabe jarri zituen eskuinak zalantzan. Gauzak aldatu dira, halabaina, hemen ere, agintari venezuelarra AEBetako espetxe federal batean daukatenetik. “[María Corina Machado] ezin da lider berria izan, ez dauka bere herriaren ez babesik ez errespeturik”, bota zuen Trumpek prentsaurreko gogoangarri batean urtarrilaren 4an. Machado, bere herrialdearen aurka interbentzio militarra eskatu zuen Bakearen Nobel Saria, zuzenean eta denen aurrean txikitua.

Geopolitikako gaiei jarraipen zorrotza egiten dien Moon of Alabama blogak honela laburbildu du egoera: “Herrialdearen blokeoak ez luke gobernua aldatuko. Herrialdean matxinada batek zail du arrakastatsu suertatzea. AEBek lortu dute Maduro bahitzea. Orain bigarren pausoa dator. Gero, irabazi ekonomikoak. Plan ona dirudi. Baina zein izango da bigarren pausoa?".

AEBetako estatu idazkari Marco Rubiok CBS News katean ez zuen AEBen okupazio plan bat jarri mahai gainean, George W. Bushek Irakeko gudan egin bezala. Maduroren alderdikideek gidatzen duten Venezuelako Gobernuari presio egiteaz mintzatu zen Rubio. AEBetako armadak jarraituko du beren zigorren zerrendan dauzkaten petrolio-ontziei sarrera-irteerak galarazten, Caracasek onartu arte estatuak kontrolatzen duen petrolio industria AEBek kontrolatzea, beste zenbait gauzarekin batera. Negoziazioak ateak itxita egiten ari dira, baina horrekin lotuta, denbora gutxian, informazio deigarriak argitaratu dira hedabideetan. Adibidez, batetik oposizioko preso ugari askatuko dituela iragarri zuen gobernuak urtarrilaren 8an; bestetik, AEBek zenbait diplomatiko bidali zituela herrialdera, Maduro bahitu eta astebetera, Madurok itxiarazi zuen enbaxada irekitzeko asmoz elkarrizketetak abiatzera; hirugarrenik, AEBek jarraitzen dutenez petrolio venezolarra bereganatzen, urtarrilaren 8an Olina izeneko petrolio-ontzia abordatu zutenean, ekintza "Venezuelako jarduneko autoritateen koordinazioarekin" egin zutela adierazi zuen Trumpek.

"Chavistak AEBekin negozioak egiteko gogoz daude, Maduro barne, baina zenbait baldintza dauzkate", zioen Moon of Alabamako autore beti ongi informatuak. Ikusi beharko da AEBen txantaia eta mehatxu berrien aurrean baldintza horiei eusteko zenbateko indarra daukan Rodríguezen exekutiboak, eta bere herriaren aurrean zer itun egitea lortzen duen. Ez du egoera samurra inondik ere jarduneko presidenteak. Aurrean dauka gudaren aurkako promesak eginez AEBetako presidente izendatu zutenetik 11 hilabetean zazpi herrialde bonbardatu dituen gizona: Iran, Irak, Nigeria, Somalia, Siria, Yemen eta Venezuela. 

Josu Jon Imaz, Repsol multinazionaleko burua, Trumpek deitutako bileran.

Itxura guztien arabera Venezuelak AEBetako petrolio-enpresen aurrean amore eman beharko du. Urtarrilaren 11n, Trumpek Washingtonen bildu ditu petrolio konpainia handienetako buruak eta ohartarazi die herrialde horretan negozioak egiteko ez dutela Venezuelako gobernuaren baimena behar, berak erabakiko duela nor sartuko den pastelaren banaketan eta nor ez. Bertan zen euskal herritar bat: Josu Jon Imaz.

Hala ere, etekinak ez dira izango Trumpek hasieran iragarri zituen bezain astronomikoak. Herrialde horretako petrolioa astuna eta garestia da lurpetik ateratzeko, La Directa aldizkarian Antonio Aretxabala geologoak oso argi azaldu duen bezala, baina hori beste erreportaje baterako gaia da.

Trumpek petrolio konpainia handienetako buruei ohartarazi die ez duela Caracasek erabakiko, baizik eta AEBek nor sartuko den pastelaren banaketan 
eta nor ez 
Ez da petrolioagatik bakarrik

Hala ere, petroilo erreserbei soilik begiratzeak azalean utz dezake analisia, urre beltz horrexek elikatzen duenean AEBen mundu mailako hegemonia bermatzeko arma nagusia: ekonomia globalaren dolarizazioa, eta zehatzago esanda, petrolioaren komertzioa dolarretan egitearen pribilegioa. Askok uste dute Trumpek mahaian kolpea eman duela petrolio upelak beste monetetan salerosten amaitzea ekiditen saiatzeko.

Iazko maiatzaren 9an, Moskun bildu ziren Venezuelako presidente Maduro eta Txinako Xi Jinping, nazismoaren aurka Sobietar Batasunak erdietsitako garaipenaren 80. urteurren ekitaldietan (Xinhua/Zhang Ling)

Xi Jinpingen Txinak, adibidez, urtebete zeraman Venezuelari petrolioa erosten ordainketarako moneta gisa dolarra erabili gabe. Txinako moneta den renminbia (¥) eta kriptotxanponak erabiliz ari ziren bi herrialdeak urre beltzaren salerosketan. Mendebaldeko kontrolei iskin egiteko, Venezuelak Txinan irekitako kontuetan egiten zizkion Asiako erraldoiak ordainketak, La Vanguardia-n Enric Juliana zuzendariak azpimarratu duenez. Praktika hori 2024an hasi zen, eta iaz, Venezuelak esportatzeko zeukan petrolioaren %84 erosi zuen Beijinek. 

El Salton Yago Álvarez kazetari ekonomikoak azaldu duenez, moneta global gisa dolarraren nagusitasunak AEBei botere geopolitiko izugarria ematen die, baita Etxe Zuriak jo-puntuan jartzen dituen herrialdeak zigortzeko aukera ere. Petrodolarren merkatuan salerosketa guztiak dolarretan negoziatzeak dibisa horren etengabeko eskaera dakar.

“Petrodolarren zirkuitua ahultzeko mehatxua egiten zuen finantza laborategi bilakatua zen Venezuela, beraz. Iranek eta Errusiak bide horretan pausoak eman nahi zituzten. Brasil eta Saudi Arabia ere egoera aztertzen ari ziren. Alarma hotsak jo eta jo ari ziren Washingtonen duela zenbait hilabetetik. Nazioarteko hidrokarburoen merkatuan dolarrak indarra galduko balu, bizitza garestituko litzateke AEBetan, eta ondorioz, MAGA mugimendu populistaren zatiketa eta errepublikanoen porrota etor litezke 2026ko azaroan aurreikusitako legealdi erdiko hauteskundeetan", La Vanguardia-ko Julianaren arabera.

Seymour Hersh kazetari prestigiotsuak –Vietnamen AEBetako armadak eragindako My Lai-ko sarraskiaren berri emateagatik Pulitzer sariaren irabazleak, eta zenbait hamarkada beranduago, North Stream gasbidearen leherketa AEBen lana izan zela argitaratzeagatik botere mediatikoak baztertuak– honela dio bere blogean, Zein da Trumpen jokoa Venezuelan? artikuluan: "Petrolioaren sektoreko zenbait pertsonaren arabera, Venezuelaren aurkako erasoaren azken helburua ez zen Maduro bera, baizik eta Txinari petrolioa saltzeko bere borondatea, AEBetako armadak eta klase politikoan askok etorkizuneko etsai eztabaidaezintzat ikusten dutena. 'Partida nagusia AEBak eta Txinaren artekoa da', esan zidan aditu batek. Txina munduko petrolio inportatzaile handiena da, eta egiazko estatu sakona Trumpek berak zuzentzen duena da".

Dolarrari mehatxuren bat agertu izan zaionean, lehendik ere egin izan dituzte  interbentzio militarrak. Oxfordeko unibertsitatearen eskutik Ekonomian doktore den Richard Wegner alemaniarrak sare sozialetan azpimarratu duenez, badira bi aurrekari historiko: batetik, Irakeko Sadam Husein boteretik kendu eta urkatu zuten petrolioaren salerosketa eurotara aldatzen saiatzeagatik; eta bestetik, Libiako Muamar Gadafi, Mendebaldearen aliatu izatetik lehen mailako etsai izatera pasatu zen, torturatu eta hil egin zuten proposatzeagatik bere petrolioa urrean oinarritutako dinarretan saltzea. "Petrodolarra arriskuan egon den aldiro, AEBek indar militarra erabiltzen dute gauzak bere horretan mantenarazteko", dio Wegnerrek. Venezuelakoa, mundu osoarentzako hirugarren abisu disziplinatzailea litzateke gai honekin, beraz.

AEB-ek babestutako estatu kolpeak Hego eta Erdialdeko Amerikan.
Hurrengoak Iran eta zein gehiago?

Zalantzarik ez du utzi Trumpek. Indartsuenaren legea basatiki praktikatuko dute, nahi duten lekuan. Ez dira alferrik "munduko lehen superpotentzia" militarra. Venezuelako erasoa jauzi kualitatiboa izan da, Gazako genozidioa bezala; eta Maduroren eta Floresen bahiketaren testuinguruan, beste hainbat herrialde mehatxatu ditu Trumpek: Kolonbia, Kuba, Mexiko, Iran eta Groenlandia. Bakoitzari buruz esandakoak bilduko ditugu jarraian.

Groenlandia "oso estrategikoa" eta "segurtasun arrazoiengatik" behar du. Horixe errepikatu zien kazetariei  Trumpek bahiketaren biharamunean, Air Force One hegazkinean. Munduko uharterik handiena kontrolatzea "Mendebaldearen interesen aldekoa" dela dio. Mendeetan zapalkuntza eta asimilazio kulturala praktikatu duen Danimarkako Erresumaren menpe dago uhartea, eta herrialde horretako lehen ministro Mette Frederiksen lotsagarri –eta Europako establishmentaren maila apalaren erakusle– geratu da, 2025eko urrian “gu mehatxatzen gaituen herrialde bakarra dago, eta hori Errusia da” esatetik bi hilabetean pasa baita esatera: “Aliatu hurbil baten aurkako mehatxuak egiteari utz diezaiotela eskatzen diet irmo AEBei". 

Groenlandian nagusi da korronte politiko independentista –2021eko bozetan botoen %80 jaso zituzten alderdi independentistek– eta Jens Frederik Nielsen  lehen ministroa ere hala da. Hauteskundeak irabazi berritan, 2025ko martxoan, ARGIAko Eneko Imazek jaso zuenez, Groenlandia ez dagoela salgai bota zion Trumpi. Erreportaje hau inprentara joan aurreko egunetan, "ez dugu estatubatuarrak izan nahi, ezta daniarrak ere, groenaldiarrak gara eta gure etorkizuna erabakitzea groenlandiarroi dagokigu" adierazi dute uharteko legebiltzarrean ordezkaritza duten bost alderdietako buruek elkarrekin argitaratutako oharrak.

Ikusiko da uharte horrek izozpean dituen baliabide naturalen kontrola hartzen saiatzeko pausoak noiz eta nola ematen dituzten, baina denbora kontua dirudi gauzak ez badira asko aldatzen. “Groenlandiarekin zerbait egingo dugu, onean ala txarrean", adierazi du Trumpek.

Kolonbiako presidente Gustavo Petro ere mehatxatu zuen AEBetako presidenteak egun berean. "Abenduan esan nuenez, Kolonbian kokaina produzitzen eta AEBetara bidaltzen ari dira. Hobe duk hire bizkarrak ongi zaindu", bota zion. Petro, erasoa gogor gaitzetsi zuen lehen agintarietako bat izateaz gain, Venezuelako Gobernua ataka estuan zen lehen orduetan, herrialde horren erantzun instituzionala nazioartean zabaldu zuena figura politikoa izan zen. Handik astebetera, dena den, bi mandatariek telefonoz hitz egin eta lasaitasun hitzak helarazi dituzte. Etxe Zurian bilera egitea eta Venezuelarekin batera hiruen arteko elkarrizketak martxan jartzea ere aurreikusi dutela esan dute.

Mexikori buruz, egun berean esan zuen lurreko erasoak egiteko prest zegoela herrialdean, "herrialde hori gobernatzen duten narkotrafikoaren kartelen aurka". Claudia Sheinbaum presidenteak erantzun zion bi herrialdeek arazo komunak dituztela, narkotrafikoa kasu, baina beste moduren batera egin behar zaiola horri aurre, adibidez, AEBek bere mugen barruan droga banatzen duten sareen aurka eginda, eta Mexikok beraiekin gehiago kolaboraturik informazioarekin. "Guk ez dugu AEBekin borrokatu nahi, ez gaudenean ados, hala adierazten dugu, beraiek egiten duten bezala gurekin ados ez daudenean; baina beti harreman on batekin, errespetuan oinarrituta".

Kuba ere aipatu dute AEBetako agintariek egunotan. Elkarrizketa batean esan du herrialdea "hari batetik zintzilik" dagoela eta arazo handiak dituela. Galdeturik ea ongi ikusiko lukeen Venezuelaren aurka egin duten gisako itsaso-blokeoa, hau erantzun du: "Ez dut uste askoz presio gehiago egin daitekeenik, ez bada, bertan sartzea eta dena suntsitzea". Mundu mailan ezkerraren sinbolo politiko bat eraistea garaipen handia litzateke Trump bezalako batentzat, bere aurreko presidenteek hamarkadetan lortu ez duten zerbait, eta baleukakete zer pribatizatu uhartean, betikoek business as usual egiten jarraitzeko. 

Ameriketako hiru herrialde horiekin baino oldarkorragoa da azken hamarkadetan AEBen etsaien zerrendan beti presente izan den Iranekin. Eraso berri bat jasotzeko aukera gehien dituen herrialdea da eta petrolio erreserba handiak ditu. Aditu batzuek aipatzen dutenez, Israel Iranen aurkako hurrengo erasoa prestatzen ari da, AEBak bere tropak Ekialde Hurbilean berkokatzen ari dira, eta aldi berean, Iran bueltan erantzuteko prestatzen ari zen, etxe barruan istilu handiak hasi zaizkion arte. Abendu amaieran hasita, protestak lehertu dira egoera ekonomiko, sozial eta politikoaren aurka bai Iranen, baita Ekialdeko Kurdistanen ere. Bi astetan, eta erreportaje hau inprentara doan unean, 34 dira hildakoak eta 2.000 atxilotuak. Aldi berean, hasiak dira protesta hauen atzean Israelen eta AEBen laguntza dagoela dioten informazioak argitaratzen. Arestian aipatu dugun Hersh kazetari beteranoak ere uste du zerrendan hurrengoa Iran dela. Adierazgarria da bere artikuluaren amaiera: "Kontuz, Teheran. Zure petrolio industria suntsitzera datoz AEB eta agian zure gobernu klerikala eraistera ere bai, Israelen laguntzarekin eta inteligentziarekin berriz ere, eta AEBetako bizitza politikoan ez dago inor hori geldiarazteko prest".

Europako Batasuna jokoz kanpo 

Zer espero behar dugu XXI. mendeko euskaldunok Führer amerikar honen aurrean? Bada dokumentu bat, AEBetako gobernuek aldian aldian argitaratu ohi dutena: AEBetako Segurtasun Nazionaleko Estrategia. Abenduan aurkeztu zuten 33 orri dituen eta sarean PDFan irakurgai dagoen dokumentua, eta Venezuelan ikusi denez, ez da erretorika hutsa. Amerikako kontinente osoaren kontrola hartzea aipatzen da bertan, adibidez, baita baliabideen kontrola eskuratzeko borroka ere. 

Dokumentu horretan Europako Batasunari buruz dio eskuin muturreko alderdiak –yankiekin kolaborazionistenak direnak– babestuko dituztela kontinentean politikoki eragiteko. Aurreratzen dute multinazional teknologiko erraldoiak kontrolatzeko edozein saiakera suntsituko dutela, eta enpresa horien pribilegioak inposatuko dituztela kontinentean barrena, edozein autonomia estrategiko europar behin betiko likidatzeko. Bide orria garbia da, abisatu ez zigutenik ezingo dugu esan behintzat.

Gainera, bere jarraitzaile diren Santiago Abascal, Georgia Meloni edo Viktor Orbán bezalako eskuin muturreko liderretatik harago begiratuta, Europako Batzordeko atzerri gaietarako arduradun Kaja Kallasek edo Ursula von der Leyenek Maduroren bahiketaren aurrean eman duten erantzun epelak erabateko menpekotasun politikoan berretsi du giza eskubideen defentsaren bandera hipokrisia osoz astintzen duen erakundea.  Gazako genozidioaren aurrean izan duten jarrera konplizearen jarraipena eta herrialde europarrek 1930eko hamarkadan espantsionismo alemaniarraren aurrean erakutsi zuten epelkeriaren oso antzekoa. Bigarren Mundu Gerra abiatu zuen bidegurutzearen antzeko batera heltzen ari ote gara, baina oraingoan, larrialdi klimatiko betean?

AEBek, gaur egun, nahi dutena egiten dute, oihaneko legean indartsuenak agintzen duelako eta Trumpen administrazioak horrela ulertzen dituelako nazioarteko harremanak. Baina aldi berean, mundu mailako hegemonia galera kontestu batean aurkitzen dira, eta badakite. Horregatik, zein indartsu dauden erakusteko aurkari ahulago bat jipoitzea, segurtasuna falta zaion erasotzaile baten ekintza gisa ere ulertu du askok, baliabideen kontrola eskuratzeko lasterketa agonikoan sartuta dagoela jakitun. Horrez gain, argi geratu da urte hasierako Venezuelaren aurkako erasoa, BRICSen, Txinaren, Errusiaren eta desdolarizazioaren kontrakoa ere izan dela. Ikusi beharko da zer gertatzen den datozen aste, hilabete eta urteetan. 

Josu Jon Imaz: “Eskerrik asko Venezuela hobe bati atea zabaltzeagatik”

 

Donald Trump petrolio-konpainia nagusietako zuzendariekin bildu zen urtarrilaren 8an. Ohartarazi zien Venezuelan negozioak egiteko ez dutela Caracasekin hitz egin beharrik aurrerantzean, Washingtonekin baizik, eta Etxe Zuriak erabakiko duela zein enpresari emango dion baimena lan egiteko eta zeini ez. Josu Jon Imaz EAJko lehendakari ohiak Repsolen izenean hartu zuen parte bileran.

“Eskerrik asko Venezuela hobe bati atea zabaltzeagatik”, hasi zen zumarragarra eta Venezuelako krisia kapitalizatzeko prest agertu zen, bere eskaintza komertzialaren aurretik egindako adulazio ariketan. Imazek hitzez hitz bere egin zuen presidente estatubatuarraren erretorika eta adibidez, “Amerikako golkoa” deitu zion Mexikoko golkoari, izendapen legitimo bezala.

"Venezuelan bertan gaude, gaitasuna dugu, jendea dugu lanean. Egunean 45.000 upel ekoizten ditugu eta ekoizpen hori hirukoizteko gaitasuna dugu", adierazi zion Imazek. Repsolek AEBetan azken urteetan izan duen hedapena errepasatu ostean, "Good job" erantzun zion Trumpek.

EAJren eta enpresa energetiko handien arteko ate birakariek Euskal Herrian etekinak pribatizatzeko eta kostuak sozializatzeko balio izateaz gain, Imazek erakusten du beste herri batzuetako baliabideak espoliatzeko orduan zein den jarrera. EAJko hogeita hamar bat kargudunek egin dituzte jauzi instituzionalak Repsol eta Iberdrolarantz, El Saltok jaso duenez.

 

 

 


ASTEKARIA
2026ko urtarrilaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Nazioartea kanalean gehiago
2026ko otsailaren 11
ICE jokoak

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.