Franco hil eta gutxira bere izena daraman fundazioa sortu zuten erregimenaren aldeko sutsuenek, 1976ko urriaren 8an. Diktadorearen alaba Carmen Franco izendatu zuten presidente, eta hamabost milioi pezetako kapitalarekin, bere zereginetako bat familiaren eskuetan zeuden 27.000 dokumentuak kudeatzea izan zen.
Dokumentu horiek esku publikoetan egon beharko liratekeela aldarrikatu dute askok, baina soilik zati txiki bat iritsi zaio Espainiako Gobernuari. Francisco Franco fundazioak bere webgunean frankismoko milaka dokumentu zintzilikatu dituen arren, Sánchez Solerren esanetan beste ministerioetako “fotokopiak” baino ez dira. Francoren eta bere familiaren paper konprometigarrienek kontrol ofizialetik kanpo jarraitzen dute.
Fundazioak, artxibo hori gorde eta diktadurari gorazarre egiteaz gain –horretarako Jose María Aznarren gobernuak dirulaguntza oparoak eman zizkion–, beste funtzio bat ere izan du azken urteetan: oroimen historikoari buruzko legea oztopatzea. Eta hor, Vox alderdi ultraeskuindarrarekin egin du topo bidean, batez ere 2017an Carmen Franco hiltzean haren biloba Luis Alfonso Borboikoa ohorezko presidente izendatu zutenetik; ez gutxitan ikusi dira elkarrekin bera eta Santiago Abascal Voxeko liderra.
“Voxeko buruzagien, Francisco Franco Fundazio Nazionaleko kide esanguratsuen eta Franco familiaren arteko lotura agerikoa da –ondorioztatu du Sánchez Solerrek La Familia Franco S.A. liburuaren amaieran–. Erlazionatu egiten dira, jeneralaren figura defendatzen dute eta fundazioaren ekintzetan parte hartzen dute”.