argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Bortitza
Ula Iruretagoiena 2025eko ekainaren 18a

Bortizkeria zuzenak, agerikoak eta isilak, gainjarriak eta zeharkagarriak, mikroak eta geldoak. Bortizkeria egunerokoan irristatzen da, uneoro, boterea edo erabakitzeko ahalmena duenak ez duenaren aurrean boterea erabiltzen duenean. Hainbeste egoeratan murgiltzen gara bortizkerietan, horietako egoera asko ohitura bilakatzen ditugula, zer den bortitza zalantzan jartzera iristen garen arte. Bortizkeria noiz pairatzen ari garen identifikatzea gakoa da, eta zorionez geroz eta tresna gehiago ditugu bortitza zer den ohartarazteko. Bortizkeria egiturazkoa den kasuetan, egoera bortitzak sortzen duen mina edo bidegabekeria baino latzagoa da bortizkeria legitimotzat jotzen duen egitura eta pentsamoldea.

Espazioak eragiten dituen bortizkeria egoerak, ohituran eta “naturaltasunean” txertaturik egoterakoan, barneratu egiten ditugu eta identifikazioa zaila da; babesten duen pentsamoldeak aise hedatzeko aukera du eta salaketarako esparrua txikia da. Bortitza da antropometria normalizatu batek argudiatzea eta diseinatzea espazioa. Bortitza, tutoretzapeko etxe batean sukaldeko goiko apalean edalontzia uztea erraza ez denean. Bortitza da gizonezko komun publikoek erreproduzitzen duten gizontasun eredua. Bortitza da errenta baxuko auzoen garbiketa eta garraio publikoko zerbitzuak eskasak direnean. Bortitza da oinarrizko zerbitzuetako zuzkidura eraikinetara iristeko erraztasuna auto pribatuei eskaintzen zaienean. Bortitza, diru publikoa ekoizpen espazioak hobetzera dedikatzen denean eta inproduktiboak diren espazioek lekurik eta dirurik ez dutenean. Bortitza da kartzeletako arkitekturak presoen pertzepzio espazial mugatua sortzen duenean. Bortitza, kale eta hirien plangintza kontrol eta ordenara zuzenduta dagoenean. Bortitza da gure lurraldea ekonomia nagusien probetxurako salmentan jartzen denean.

Egiturazko bortizkerien aurrean, gorputzaren burujabetza kolektiboa komeni, Bilgune Feministaren urteroko hausnarketa-guneak aldarrikatzen duen lez.