Hezkuntzari buruzko legediak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta planetako jaun eta jabeen aginduei jarraituz, ikasleek ikasketa etapa bakoitzaren amaieran “irteera-profil” jakin bat izatea bilatzen du. Ez pentsa profila zerbait itxia eta bukatua denik, ez, profila aldatuz joango da, bizitza bera bezala; profil hori eskuratzea ezinbestekoa da, esaten digute, bizitza osorako ikaskuntza-prozesuaren zati gisa. Horixe diote eta horrela nahi dute munduko jabeek eta euren nazioarteko erakundeetako zein erkidego-gobernuetako lekaioek. Jakina, irteera-profil hori oinarrizko gaitasunak eskuratzearekin lotzen dute. Dagoeneko ziurtatu dute irakaskuntzak ezagutzaren transmisioan zentratuta egoteari utzi diola eta “oinarrizko gaitasunak” eskuratzera biratu duela. Berritsukeria horren guztiaren emaitza: ikasleek gero eta gutxiago ikastea, irakasleok gero eta etsiago egotea eta, arrazoi beragatik, gero eta gutxiago irakastea (susma dezagun: eta horiek izango balira benetako helburuak?). Ebaluazio diagnostikoak argi adierazi du.
Bada, deabruak naramala hau egia ez bada: Hezkuntza Sailak ez du irteera-profilik eskuratu. Duela urte batzuk hezkuntza-metafora arruntagoak erabiliko genituzkeen, hala nola “irakasgaia ez duela gainditu” edo “etxerako lanak ez dituela egin”, baina irakasgaiak, etxerako lanak, baita irakasleak ere, desagertzeko trantzean daudenez, erabil ditzagun irudi garaikideagoak: ezgai hutsak dira, ez dituzte gutxieneko gaitasunak eskuratu.
Egunotan, komunikabideei esker jakin dugu Hezkuntza Sailak euskal hezkuntza sistemaren azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aztertu zituenean prentsaurrekoan datu oker batzuk eman zituela. Hasteko, dirudienez, astelehen arratsalde batean gobernuaren prentsaurreko bat egitea oso ezohikoa da, batez ere aipatutako emaitzak bezain garrantzitsua den gai baterako. Sare sozialak egunero gizentzen ditugu eta horrek ondorioak ditu, besteak beste, kazetaritza profesionalaren prekaritatea bultzatzea. Gaur Begoña Pedrosaren prentsaurrekoa eta bihar Zornotzako moto-kros lasterketaren berri eman behar badu, oso litekeena da astelehen arratsaldean Lakuara bertaratzen den kazetaria sailburuak esaten duenaren ohar batzuk hartzera mugatzea eta kito.
Komunikabideei esker jakin dugu Hezkuntza Sailak euskal hezkuntza sistemaren azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzen prentsaurrekoan datu oker batzuk eman zituela
Prentsaurrekoaren bideoa Eusko Jaurlaritzako Irekia web orrian ikusgai dago. Nork pasako du ordubete hitzontzikeria burokratiko-pedagogiko jasanezina entzuten? Ordu luze batez hitz egiten dute azpimarratzeko, batez ere, sailaren asmoa eta helburuak, hau da, zer lortu nahi duten. Asmatu daitekeenez, emaitza akademikoak eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzea bilatzen dute, erabateko konpromisoa dute hobekuntzarekin, nola ez ba! Oso helburu laudagarria, hobetzeko tartea benetan handia da. Ederto, baina hori wishful thinking da, suposatzekoa baita asmoak ez direla txarrak izango, ez behintzat asmo aitortuak (itxuratuak?). Hala ere, kontua ez zen proba baten emaitzak aztertzea?
Kazetari espezializatu batek –eskerrak oraindik gelditzen direla– ebaluazio diagnostikoaren datuak aztertu zituen eta Lakuara joan zen etxerako lanak eginda. Zuzenak ez ziren datuak eman zirela jakinarazi zuen, eta gero zutabe bat idatzi zuen, “Hezkuntza sailaren manipulazio ariketak” titulupean. Euskaraz egin zuen, gaztelaniaz hedapen handia duen egunkari batean…; susmoa dut oharkabean pasatu zela.
Bi aukera besterik ez ditut ikusten: edo erratu dira (errare humanum est) eta, beraz, agerian jarri dute ez dutela beren lana egiteko gaitasunik (norbaitek ikusi behar baitzuen akatsa, zabaldu baino lehen); edo, bai, datuak manipulatzen saiatu dira eta, kasu horretan, ez dute nahikoa duintasunik saila lideratzen jarraitzeko.