Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen argiak. Europa ez da nire erdigunea. Europa Afrikaren periferia bat da. Nire herrialdean egon dira 100 urtez, eta ez dute inoiz nire hizkuntza hitz egin. Nik hitz egiten dut haien hizkuntza. (…) Zergatik erori behar naiz tropismoan? Zer nahi duzu, eguzki-lore bat izatea, eguzkiaren arabera biraka? Ni neu naiz eguzkia!”.
Afrozentrismo hori interesgarria iruditu zait bat-batean pentsatzeko euskal eszenan. Ez al gara aritu urteak eta urteak (eta arituko gara urteak eta urteak) euskal sorkuntza bideratuz soilik Euskal Herrira? Geure zentroak ez du Europarekin zer ikusirik; hau da, ez Espainiarekin, ez Frantziarekin. Eta euskarazko sormenak zentzua izan duela –izan badu–, geure zazpi herrialdeen barruan.
Horregatik akaso, gure poeta handiena ez da sekula itzulia izan erdaretara. Axola al zaigu ea ulertuko ote den Artze gazteleraz? Alberto Lizarraldek gogoeta egin zuen euskal musikak izandako zabalkundeaz: “Ez da egokia izan euskal musika soilik euskaldunoi interesatuko zaigula pentsatzea. Hemendik atera behar dugu, ahalik eta gehien atera behar gara”.
Katakrakek argitaratu berri duen Stuart Hallen liburuan, Ibai Atutxa itzultzaileak galdetzen du ea nola hitz egiten duen Marxek euskaraz, corpusaren koherentzia faltaz ari denean. Marxek euskaraz hitz egitea garrantzitsua da, euskaraz ari garenean, unibertsalak izateko gaitasuna izateko.
Saltsa hau guztia esateko Ana Arsuagak, zarata askorik egin gabe, bere erdigunea aldatu duela, eta, itxuraz, txikia zen musika, iristen ari dela Euskal Herritik harago. Donny Donnato ekoizle italiarrarekin atera du Dolce Vita italiarrari omenaldi bat, xume-xumea, ezti-eztia. Itsasoan bainatzea da Verde Prato entzutea. Baina ez Kontxako hondartzan, frantsesez eta gipuzkoarrez josita; Nautikoan, Tximistarrin edo Ilurgitan baizik. Gizartetik urrun.
Diskoa oharkabean pasatzen da, alaitasunaren eta malenkoliaren artean dantzan. Solita-n berreskuratzen du reggaeton minimalista, Loria kantan ahotsak loopeatuta, Verde Praton hasiera-hasierako proposamenera itzultzen da. Bizitza eztia da atximur goxoena.
Verde Prato berriz ageri zaigu presarik gabe, pisurik gabe. Desiratutako bizitzan ez dagoelako arrabotsik, dena da ametsezko materialarekin egina. Dolce Vita eta Cinema Paradisok bat egiten dute eta gonbidapena luzatuz: “Hartu gurea dena / ederrena /eztiena / hartu bizitza”. Baina galdera da: zein da eguzkia orain?