Aurrekoan, ustezko ezkertiar bati entzun nion esaten Euskal Herrian dagoeneko populazioaren %20 atzerritarra zela. Eta horrek euskal nortasuna, hizkuntza eta kultura arriskuan jartzen zituela. Azpimarratzen zuen migrazio masifikatua zela arazoa, masifikazioak zailtzen baitu migranteen “integrazio” egokia gure kultura eta ohituretan. Ordezkapen Handiaren teoriaz hitz egin zuen: Europako populazio zuri eta kristaua ordezkatu nahi zuen horrelako plan ezkutua.
Horri buruz hausnartzen, laster ohartu nintzen Euskal Herriak dagoeneko “ordezkapen handi” bat bizi izan duela. XX. mendean zehar espainiar jatorrizko milaka etorkinek gure herrietako demografia goitik behera aldatu zuten: hortaz, Euskal Herrian jatorri kanpotarra dugunok %20 baino askoz ere gehiago gara. Horietako asko, ordea, bere garaian langile eta nazio askapenerako borroketara batu ziren eta, gaur egun, beraien seme-alabetako askok, erabat euskaldunduta, buru-belarri dihardugu askapen borrokaren hamaika adierazpenetan. Euskal Herria ez da desagertu, are gehiago, zentzu askotan aberastu eta indartu dela esango nuke.
Periferia kolonialetik datozen askok ekarpen kultural eta politiko ugari dakartzate. Ez ote da askatzaileagoa izango integrazioaren paradigman baino elkar ikastearen paradigman aritzea?
Orduan bezala, egungo olatu migranteak baditu arriskuak, baina horiek ez ditugu migranteengan topatuko. Euskarari dagokionez, esate baterako, arabiar edo senegaldar batentzako berdina da euskara edo gaztelera ikastea. Gehienek, ordea, gazteleraz ikasten dute, zergatik? Bada, Espainiako Estatuak gure hizkuntza gutxitua duelako eta ez dagoelako normalizatuta. Ez gaitezen etsaiz nahastu. “Integrazioaz” ere asko hitz egiten da, hainbeste migrante badatoz ezingo ditugula “gure kulturan” integratu. Baina zertara “integratu” behar ditugu? Gurean nagusituta dagoen kultura indibidualista eta kapitalistara? Lurretik erabat deskonektatuta dauden bizimodu metropolitarretara? Ez dezagun ahaztu periferia kolonialetik datozen horietako askok ezagutza eta ekarpen kultural eta politiko ugari dakartzatela. Ez ote da askatzaileagoa izango, hortaz, integrazioaren paradigman baino elkar ikastearen paradigman aritzea?
Azkenik, Ordezkapen Handiaren teoriak islamean jartzen du arreta. Islama, bere horretan, Euskal Herriarentzako mehatxu bat da? Nire ustez, ez. Kultura islamikoa euskalduntasunaren parte osagarria izan daiteke inolako arazorik gabe, kultura kristaua den bezalaxe. Horrek ez du esan nahi islamaren adierazpen batzuk arriskutsuak ez direnik (kristautasunarenak bezalaxe), eta beraz, borrokatu behar ez ditugunik. Hor daukagu salafismoa, bizitzaren adierazpen oro, publiko zein pribatu, islamaren arabera ordenatu nahi duen proposamen politiko atzerakoia. Horrelakoak badira mehatxua Euskal Herri aske batentzat, eta segur aski, etorkizunean borrokatu beharko ditugu, integrista katolikoak borrokatzen ditugun bezalaxe. Baina, beste behin, ez gaitezen etsaiz nahastu.