Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu beharra direla ere begitantzen zait.
Halako bi dabiltza portada eta albistegi guztiak betetzen. Bikote komikoen antzera, elkarrekin espektakulua ematen, baina barreak baino gehiago kezka eta beldurra dabiltza zabaltzen. Musker eta Tronpa, Tronpa eta Musker. Biek bietara.
Demokraziaren izenean bozkak jaso dituzte. Tranpa jarrita, oso ondo maskaratu dute hainbat kontu. Gure ustez, tronpatu egin dira hautesleak, okertu, eta gu muskertuta sentitzen gara, erresuminduta.
Maskarada ederra montatu du biko dinamikoak, Tronpak eta Muskerrek. Dantza eta kantu gutxi, eta eszenifikazio larregi. Espektakulua, baina oraingoan buhame, txorrotxak, kauterak eta khestuak ez dira partaide, biktima baizik. Maskarada beltzekoak jopuntua dira orain. Kabana eta Pitxu sasian dabiltza.
Musker eta Tronpa, maskaratutako tranpatiak mundua aztoratzen.