argia.eus
INPRIMATU
Hutsa egin
Itxaro Borda 2025eko urtarrilaren 22a

Urte berria hastearekin batera, bizitza aldatuko diguten erabakiak hartzeko ohitura bada. Listak egiten ditugu hiru puntutan: bat, kirola gehiago praktika; bi, lagun zaharrak maizago ikusi; hiru, Islandiara itzuli, errealki eta metaforikoki. Xedeak beti xede geratzen direla ohartzen gara hilabeteak pasatu arau, nahiz eta haga ez genuen hain gora ere ezarria!

Badakigu ez dugula deusezen beharrik. Etxera sartzean, hamarkaden poderioz metaturiko girgila, liburu, disko edo DVD higatu horiek oro eman, saldu edo aurtiki beharko genituzkeelako ideiak zeharkatzen digu garuna. Horixe ere badakigu, huts desio hori Mendebalde okitu honetako hiritarren amets errepikatu bat dela. Baiona errugbian Castresen kontra ari zen larunbat goiz eguzkitsu hartan, horretaz mintzatu nintzen deblauki, San Izpiritu auzoko aspaldiko ezagun batekin.

Okituetatik ez garela berresten genuen, dugun apurra lanaren gostuz eskuratu dugula, baina hargatik, zilegi bekigu gureak ez diren nahikunde horiez gozatzea: baratze japoniarren antzera antola ditzagun gogoak eta bihotzak, hutsa egin dezagun... huts egin gabe!