Zerrenda honetan, 2016az geroztik armagintza programaren batean parte hartu duten enpresak sartu ditu Gasteizkoak taldeak, edo militarrentzako produktu espezifikoak garatu dituztenak (ibilgailuak, pinturak, bateriak…). Hego Euskal Herrian sortuak, edo Hego Euskal Herrian ordezkaritza duten talde eta partzuergoen filialak dira. 206 dira orotara, horietatik 187 enpresak, 11 zentro teknologikoak edo ikerketakoak, bost unibertsitateak eta hiru finantza erakundeak. Hainbat enpresa dituzten taldeak direnean, taldea zein armagintzarekin harremana duten enpresak sartu ditu zerrendan, baina ez gainerakoak. Babes, segurtasun eta kontrolaren azpisektorea ez du sartu “azterketa propioa” eskatzen duela iritzita, baina bai “mugak militarizatzeko prozesuarekin” zerikusia izan dezaketenak. Horregatik, armagintzaren esparrua opakua izaten jarraitzen duelako, eta Gasteizkoak taldearen ikerketa gaitasuna ezinbestean mugatua delako, talde antimilitarista ziur da egiazki armagintzari loturiko enpresak zerrendakoak baino “nabarmen gehiago” direla. Zerrendatik kanpo utzi ditu Espainiako Defentsa Ministerioko enpresa bezero ugari, horien ekoizpena (elikadura, jantziak, instalazioen mantentze lanak eta ekipamendua edo osasuna, nagusiki) militar gisa ez hartzea erabakita. Enpresez gain, zerrendan daude ere armagintza sektorerako ikerketak egiten dituzten ikerketa-zentroak (publikoak edo pribatuak), armagintza “finantzatu duten” euskal erakundeak, eta “lankidetzan” aritu diren hezkuntza zentro publiko edo pribatuak.
***Artikulu hau 303. LARRUN monografikoaren parte da honako edukiekin batera:
- ERREPORTAJEA: Gerra hotsei aurre egin beharra.
- ELKARRIZKETA Gasteizkoak talde antimilitaristari armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamenaz: “Ezin dugu nor bere aldetik joan, erronka komunak ditugu”
- MAHAI-INGURUA ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuekin: "Moldaketa, zail bezain ezinbesteko".
- LARRUN 303 osorik eta PDFan eskuratzeko, sakatu hemen.