argia.eus
INPRIMATU
Grezia, mende erdia monarkiarik gabe
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko urtarrilaren 09a
Monarkiaren aurkako kartela, Greziako 1974ko erreferendumaren kanpainan.

Grezia, 1975. Herrialdeak urtea errepublika gisa hasi zuen, hiru aste lehenago, 1974ko abenduaren 8ko erreferendumean, herritarrek monarkiaren amaiera erabaki ondoren.

Hamarkada bat lehenago, 1964an, Pablo I.a erregea hil zenean, Konstantino semeak hartu zuen tronua, 23 urte zituela.
Baina Grezia politikoki oso zatituta zegoen ordurako, eta errege gazteak ez zuen egoera hobetzeko pausorik eman. Alderantziz, lehen ministroarekiko harremanak okerrera egitea eragin zuen, eta, gainera, gobernu berria izendatzen ahalegindu zen hauteskundeak deitu gabe.

Krisi giro horretan, 1967an ejertzitoko ofizial batzuek estatu kolpea jo zuten eta, hala, Koronelen Diktadura bortitza abiatu zen. Hasieran Konstantinok, itxuraz behintzat, bat egin zuen buruzagi berriekin, baina berehala konplot bat prestatzen hasi zen koronelek ematen ez zioten boterea berreskuratzeko. Porrot egin zuen ahaleginean eta Italiara ihesi egin behar izan zuen.

“Baliteke erregeak erbestean bizi behar izatea, baina inork ezin ditu kargutik kendu. Erregea beti da errege. Erabat ziur nago nire herriak bere burua libreki adierazteko aukera duenean, gehiengo nabarmenak ni itzultzea nahiko duela”. Abenduaren 8ko erreferendumean herritarren %69,11k ez itzultzeko esan zion

1974an Koronelen Diktadura erori zenean, berriro ere Konstantinok koroa jantziko zuela zirudien. Hauteskundeak egin arte boterea hartu zuen behin behineko gobernu zibilak erregimen militarraren konstituzioa baztertu, eta 1952koa berrezarri zuen; konstituzio horren arabera Grezia monarkia konstituzionala zen.

Baina hauteskundeen ondoren, Constantinos Karamanlis lehen ministro hautatu berriak monarkiaren etorkizuna erabakitzeko erreferenduma deitu zuen. Karamanlis alderdi kontserbadore monarkikoaren burua zen, eta ziur zegoen herritarrek monarkiaren alde egingo zutela. Erregea ere baikorra zen, 1973an BBCk elkarrizketa batean esan zituenak kontuan hartuta: “Baliteke erregeak erbestean bizi behar izatea, baina inork ezin ditu kargutik kendu. Erregea beti da errege. Erabat ziur nago nire herriak bere burua libreki adierazteko aukera duenean, gehiengo nabarmenak ni itzultzea nahiko duela”. Abenduaren 8ko erreferendumean herritarren %69,11k ez itzultzeko esan zion.