argia.eus
INPRIMATU
Durangok dakarrena
Karmelo Landa 2024ko abenduaren 04a

Egotea egitea da. Hala dio aurten Durangoko Azokak, eta egia da, azokaren beraren kasuan behintzat eta Euskal Herria aintzat hartuta. Dagoeneko 59. azoka da aurtengoa, eta urtero egote hutsak frogatzen du euskara, euskal kultura, euskal nazioa egiteko modua dela Durangoko Azoka.

Azokaren izena eta izana aldatuz joan dira, baina norabidea zehaztuz. Aspaldiko 1965. urtean, sortu zenean, “Euskal liburu eta disko azoka” zekarren kartelean, gero izena murriztu egin zaio, Durangoko Azoka, baina izana zabalduz joan da, eta Kulturaren Plaza ere deitua izan da. Azken urteetan DA akronimoak laburbiltzen du izena, baina edukia zabalduz eta sakonduz doa, norabidea zehaztuz.

Zer dakar aurten Durangok? Uste dut aurrera urratsa egiteko moduko berrikuntzak agertuko direla. Liburu eta diskotik euskal kulturaren arlo desberdinetara salto egin du XXI. mendearekin, baina orain kulturaren eremutik haratago salto berria emateko puntuan dagoela esango nuke, eta saiatuko naiz hori azaltzen.

Euskal Herri osoan, euskaldunon komunitatearentzat 'habitat' egokia sortzea da ezinbesteko urratsa orain

Izan ere, euskal komunitatearen etorkizuna aurretik prestatu eta trebatzeko laborategia kontsidera daiteke Durangoko Azoka. Liburu eta diskoetatik hasi bazen, ikus-entzunezkoen eremura hedatu da gero, teknologia berrietara, pantaila eta plataforma desberdinetara, eta adimen artifiziala ere ate joka dauka. Euskal kulturaren eremuan habitus bihurtu zaigu azoka, baina laborategia izaten jarraitzen du, gune zehatz batean eta egun kopuru mugatuan. Frogatu egin du euskal kultura gai dela bere kultur polisistema propioa osatzeko, horretarako ezinbesteko diren osagarriak badituela: sortzaileak, instituzioak, errepertorioak, produktuak eta merkatua, eta azkena baina ez garrantzian txikiena, kultura hartzaileak.

Laborategiko entseguaren emaitzak baikorrak dira, bai. Baina orain eguneroko bizitzara jauzi egin behar da. Euskal Herri osoan, euskaldunon komunitatearentzat habitat egokia sortzea da ezinbesteko urratsa orain. Horixe izango da pausu erabakigarria. Eta zer izango da habitat hori, bada? Euskal nazioa bera. Euskal nazio demokratikoaren antolaketa burutu beharra dago. Eta uste dut norabide horretan mugitzen hasiko dela Durango aurten. Zergatik diodan hau?  Azken urteotan azokaren programazioak dimentsio oso handia hartu du, kultura polisistemaren neurri zabala agertzen duena, eta aurten kulturatik nazio antolaketara jauzia iragartzen duten arloak agertuko dira azoka inguruan.

Lehen aldiz, Naziogintza elkarte eraginkorrak abenduaren 5etik erakusmahaia jarri eta lanen aurkezpenak burutuko ditu abenduaren 6an. Horrez gain, abenduaren 7an eguerdiz Euskal Herri osoan garatzen ari den Bat Gara prozesuak nazio mailako lehen agerpena egingo du Durangon, eta 7an arratsaldez Euskal Herrian Euskaraz erakunde herritarrak mobilizazioa deitu du, mailan gora egin eta espresuki eta argi azalduz: “Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika behar dugu”.

Liburu eta disko azokatik euskal kultura polisistema osatzera, habitus izatetik habitat propioa osatzera, eta Durangoren arrakastatik Euskal Herriaren nazio antolaketara doan bidean abiatu garela dirudi. Durangon ikusiko dugu ea horrela den.