Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak... Badirudi azken aldian Internetetik toxikotasuna baino ez dugula jasotzen, baina beti ez da horrela izan. Une jakin batzuetan Internet gehien bat pertsonena izan zen. Beraz, orain ere berreskura dezakegu eta teknologia hori gehiengoaren zerbitzura jarri. Horren inguruan hitz egin dugu Marta G. Franco hacktibista eta kazetari madrildarrarekin, Euskarabildua jardunaldietan eman zuen hitzaldiaren ondoren.
Internet asmakizun zoragarria al da?
Internetek, bere arazo guztiekin, inoiz asmatu den komunikazio-tresnarik globalena, unibertsalena eta demokratikoena izaten jarraitzen du. Potentzalki, bere oinarrizko azpiegitura oso ondo dago, munduan zehar ordenagailu eta gailu asko konektatzeko aukera ematen diguten zerbitzari eta protokoloen mailan. Arazoa da nola garatu den teknologia horren enpresa-geruza.
Interneten sorrerari buruzko memoria lapurtu digutela diozu.
Bai, Elon Musken, Marck Zuckerbergen eta Silicon Valleyn gertatu diren kontuen inguruko dozenaka biografia daude. Eta, aldiz, gutxiegi daude ordezkatuta ezinbestekoak diren beste alderdi batzuk, ikerketa-zentro publikoetan, herritarren berrikuntzarako guneetan, hacklabetan eta, oro har, gizarte zibilean gertatu direnak.
Lehen sare sozialen etorrerarekin, mugimendu sozialek eta komunikabide independenteek uste genuen hor aurki genezakeela modu bat monopolio komunikatiboari aurre egiteko.
Luzaroan erabilgarriak izan dira. Oraindik ere balio digute. Gertatzen dena da lekua galtzen ari garela. Interneten sorreran, gaur egun sarea kontrolatzen duten enpresa horiek guztiak sortu aurretik, komunikazio-espazio oso indartsuak sortzeko gaitasuna zegoen, parez pare, ez baitzen hainbestekoa munstro teknologikoen gaindimentsioa.
Twitter, Facebook eta antzeko plataforma komertzialak gizarte-komunikazioa egiteko erabiltzen hasi ginenean, ez dut uste inozoak ginenik, bagenekien atzean zer zegoen. Enpresa horiek nondik zetozen pixka bat zekienak bazuen kritiken berri, pribatutasunaren, autonomiaren eta teknologiaren gaineko kontrolaren galerari buruzkoak.
Baina urte batzuk igaro dira, eta hor ere gailendu dira bankuen eta multinazionalen interesak.
Plataforma sozial komertzialen ingurunea gero eta lehiakorragoa da. Alde batetik, publizitate hutsezko komunikaziorako erabiltzen duten markaz josita dago. Eta, bestetik, indar erreakzionarioek okupatuta dute, Twitter eta Facebook bidez iraultzak egin genitzakeela iruditzen zitzaigun garaian, mugimendu sozial guztiei erantzuteko antolatzen hasi zirenak, 2010 inguruan.
Orain nik "Gorrotoaren Internazionala" izenez ezagutzen dudana antolatu dute. Taktikak, baliabideak eta diru asko partekatzen dituzten gizon batzuk dira. Zertarako? Steve Bannonek, Trumpen lehen kanpainako ideologo estrategikoak, horrela laburbildu zuen estrategia batean inbertitzeko: "Espazio osoa kakaz betetzea”. Hau da, eduki toxiko askorekin espazio guztia okupatzea, lehen hein batean jendeak elkarrizketa garrantzitsuak izateko, elkar ezagutzeko, politikoki antolatzeko edo, besterik gabe, dibertitzeko balio zuen espazio digitala.
Denbora batez sare sozial komertzial horiek baliagarriak izan zitzaizkigun, baina egunetik egunera gero eta gutxiago. Horregatik, hortik irteteari buruz pentsatu behar dugu, gero eta lehiakorragoak diren espazio horietan zokoan geratzen ari garelako. Oso arreta txikia eskuratzeko, guk baino baliabide gehiago eta eskrupulu gutxiago dituzten erraldoi teknologikoekin ari gara lehiatzen. Gero eta leku gutxiago dugu geure kontuetarako.
Nolanahi ere, kontraesana dirudi gizarte hobea nahi duen orok sare sozial toxikoak elikatzen jarraitzeak, ezta? Baina ateratzea ez da dirudien bezain erraza.
Espazio horietan zergatik egon nahi dugun aztertu behar dugu. Ulertzen dut gure helburu nagusia dela jendearekin hitz egin ahal izatea. Hortik abiatuta, zer emaitza izaten ari garen aztertu behar da.
Kontua da gero eta nabarmenagoa dela sare guztietan, eta bereziki Twitterren, azken hilabeteetan nola aldatu den ikusita, diru asko inbertitu behar dela benetan jendearengana iristeko. Gezurra da eduki onekin eta argitasun pixka batekin birala egingo zarela. Ez da hala, zure edukien publizitatea ordaindu beharko duzu, Premium kontua beharko duzu –Twitterreko algoritmoak gehiagotan erakusten ditu ordaintzen duten kontuen edukiak–... Gainera, edukietan dirua jarri beharko duzu, kasu askotan komunitate faltsu batean inbertituko duzu, zure edukiaren alde agertuko diren troll eta bot-ekin, atzean jende asko duzula irudikatzeko. Hori guztia guk ez dugu eskura, haiek bai.
Inertziaz hor jarraitzen dugula uste dut, baina ez gara emaitza onak lortzen ari. Biraltasunaren ilusioak eraman gaitu, noizbait, kasualitatez, milaka pertsonarengana irits gaitezkeelakoan.
Gainera, komunikazio mota hori oso hegakorra da. "100.000 pertsonak ikusi dute bideo hau", esaten dizute, baina ziur aski lehen bost segundoak baino ez dituzte ikusi, eta gainera mugikorrean beste zerbait egiten ari zirela.
Komunikazio mota hori oso urrun dago komunean zerbait eraikitzeko aukeratik, zarata handia baitago plataforma horien inguruan. Beste mota bateko komunikazio-prozesu pausatuagoak baloratu behar ditugu, jendearekin modu jarraituagoan hitz egiteko espazio komunak sortzea ahalbidetuko digutenak, elkartrukeak eta elkarrizketak egon daitezen.
"Aiztoa ez da txarra ala ona, ematen diogun erabileraren araberakoa da". Esaldi ezagun horrek balio al du Interneteko plataforma nagusietako algoritmoetarako? Edo jokoa aurrez dago trukatuta?
Aizto batzuk labana automatikoak dira, eta asko errazten dizute pertsona bat kalean sastatzea, eta zerra-aizto batzuk ogia mozteko eginda daude. Beraz, bai, biak aiztoak dira, baina ogia moztu nahi baduzu, zure labana zerrazkoa da, ez automatikoa.
Nik ez dut ukatzen mainstreamera iritsi, La Sextan agertu, edo Youtubeko kanal batean edo dena delakoan super mainstream gauzak egitez super birala bihurtzen saiatzea. Baina multinazionalen tresna horiek diseinatuta daude erabiltzaileak noraino hel daitezkeen baldintzatzeko.
Denbora luzea daramagu arrautza guztiak saski horietan jartzen, eta bestea alde batera utzi dugu: espazio komunak, kooperatiboak, non elkarrizketak eta eraikuntza-prozesuak izan ditzakegun, su motelean eta era pausatuagoan. Interneten hasieran horiek bagenituen. Espazioak ez ziren hain inbaditzaileak, Interneten ere askoz jende gutxiago zegoelako.
Gogoratzen dut Indymediaren eta antzeko beste prozesu batzuen garaia, ia erabat alboratu genituen sare sozial komertzialetan zerbait lor genezakeela konturatu ginenean.
Sare sozialen toxikotasunaren ikurra, are gehiago Elon Musken etorreraren ostean: Twitter
Twitter, gaur egun, adibide argia da: plataforma itxi baten aldeko edozein apustu, deszentralizatuta ez dagoena, gaizki atera daiteke. Denbora batez Jack Dorsey, Twitterren sortzaileetako bat, erdi gogoko genuen, Twitter komunikazio politiko aurrerakoia egiteko erabil zitekeela iruditzen zitzaigun. Beno, ez dakit ezkerrekoa zen, baina behintzat ez garratza. Baina urte batzuetara, enpresa beste tipo batek erosi, edonor dela ere, eta funtzionatzeari utzi dio. Uste dut hori dela adibiderik mingarriena. Ez da jendeak gehien erabiltzen duen sarea, baina kazetaritzan, aktibismoan eta politikan gehien erabili duguna da. Komunitateak eraiki ditugu hor, jarraitzaile askorekin, eta bat-batean ondare hori guztia galdu egin dugu.
Balio guztia guk, erabiltzaileok, jartzen dugula argien ikusten den sareetakoa da. Teknologikoki oso sare sinplea da –testu laburrak eta bideoren bat partekatzea–, eta balio duena balio du jendeak ematen diolako.
Scroll infinituaren gidariak: Instagram eta TikTok
Bai, TikTok are gaiztoagoa da. Sare sozialen historian lehena Facebook da, eta komunikatzeko diseinatuta zegoen. Facebooken zerbait jartzen zenuen, komentatzen zizuten, zure lehengusuarekin hitz egin edo eztabaidatu zenezakeen, ezagutzen ez zenuen norbaiten lagun bat ezagutu, lagunak egin zenitzakeen... Nolabaiteko soziabilitaterako espazioa zen. TikTok telebista bat da. TikToken bideoak ikusten dituzu eta gehienez bihotza ematen diezu. Mega gero eta gehiago TikTokera ari da hurbiltzen. Instagramek gero eta gehiago eskatzen dizkizu kontsumo mota horretarako bideoak. Scrolling-erako diseinatuta daude, jarduera gutxiagorako; horrela, sare sozialen alderdi soziala galtzen ari dira. Izan ere, nire ustez jada ez dira sare sozialak, telebistak edo bitartekariak baizik. Ez dira bi norabidekoak.
"Dena garaje batean hasi zen", American Dream berriaren paradigmak: Microsoft eta Apple
Garaje batean hasi zen dena... zure amaren inbertsio batekin, andre aberatsa zena, Bill Gatesen kasuan bezala. Dena garaje batean hasi zen... XIX. mendetik AEBetako garapen teknologiaren egitasmo kaltegarrienen gunean kokatua, armagintza kasu.
"Arrakastaren" erosketa masiboaren ordezkaria: Google
Googleren erosketen zerrenda jaso dute Wikipediako orrialde batean. Ikaragarria da erosi duten guztia, eta bitxia da ikustea beraiek ez dutela ezer egin, besteak erosi eta erosi besterik ez.
Bitxia da askori nola erori zaion maskara. Oso ondo gogoratzen dut Googlek molatzen zuen garaia.
Bai, Silicon Valleyren ideologia hori, hippyetatik datorrena, bestelako itxura eta jarduteko modu horiekin, bestelako zerbait diruditenak, baina, funtsean, Wall Streeteko enpresen irizpide berak erabiltzen dituzten enpresak dira. Googlek sarri erakutsi du Kalifornian dituen langileak zein “gozo” tratatzen dituen baina horrek are nabarmenago erakusten du enpresaren arrazakeria, klasismo eta zitalkeria maila. Izan ere, askoz ere okerrago tratatzen dute beste lantoki guztietako edozein langile, baita gertu dituztenak ere, Arizonakoak kasu, eta zer esanik ez Hego globalean azpikontratatuta dituztenak.
Ez zait gustatzen “alternatibo” terminoa, hasieratik gutxiengoan kokatzen zaituelako, baina sare toxikoen "alternatibetara", software edo sare libreetara salto egiteak askorentzat zaila izaten jarraitzen du.
Jende guztiak ez du hackerra izan behar, ez dio zertan denbora asko eskaini bere tresnak konfiguratzeari. Software libreko aukerek ahalik eta erabilgarritasun handienarekin egon behar dute diseinatuta. Egia da batzuetan alternatiba etikoek benetako egonkortasun-arazoak izan dituztela, eta erabiltzen zailagoak izan direla. Baina batzuetan narratiba horretan harrapatuta gaudela uste dut, agian esperientzia txarren bat tarteko, noizbait lagun hacker batek gomendatu zigun zerbait erabiltzen saiatu eta kaka mokordoa iruditu zitzaigulako. Baina gaur egun badira benetan erabil daitezkeen aukerak. Gurea zailagoa dela errepikatuz, geure burua zapaltzeari utzi behar diogu software librearen espazioetan.
Adibide bat, Mastodon sare soziala. Egia da, instantziak gora, protokolo interoperatiboa behera, hasiz gero, estralurtarren kontuak direla iruditu dakizuke, baina Mastodonen sartu, erabiltzaile kontua ireki eta edukia argitaratzen hastea Twitterren bezain erraza da. Jakina, geure narratiba egin behar da, eta tresna hori zergatik den etikoki hobea azaldu, baina behin hori daukazunean, jauzi egin horra eta erabil ezazu.
Beste joera bat ere badago, pandemiaren ondoren nabarmenagoa dena: teknologia berri oro deabrutzea eta inoiz itzuliko ez den iragana aldarrikatzea.
Pandemian, mundu guztia online zegoenez, asko eta asko konturatu zen sare komertzial horiek zeinen toxikoak diren. Harrezkero, kritika hori mainstream bihurtu da. Mundu guztiak daki hor arazo bat dagoela. Hori positiboa da. Zure aitarekin, lehengusuarekin eta bereziki techie-ak ez diren pertsonekin horretaz hitz egin ahal izatea eta arazoak daudela onartzea da proposatzen ditugun irtenbideei buruz berba egiteko lehen pausua.
Hau da, Silicon Valleyren jostailu berri bakoitza probatu beharrari, hype-ari aurre egiten dioten pertsonak egotea positiboa iruditzen zait. Hala ere, pertsona horiekin eztabaidatu nahi nuke, eta ikusi ea beste teknologia batzuk elkarrekin pentsa ditzakegun, kontuan hartuta ezinezkoa dela guztiari uko egitea, Internet gabeko mundua ez baita itzuliko. Aplikazio jakin batzuk erabiltzen ez badituzu ere, denok datifikatuta gaude. Kobazulo batera bizitzera joan ezean, hiri eta herrietan biziz gero, datifikazio-prozesuetatik pasa beharko dugu denok. Orduan, uste dut zentzu handiagoa duela ahalduntze-jarrera hartzen saiatzea saihestu ezin izango dituzun prozesu horietan esku hartzen saiatzeko.
Egun bizi gaituen turbokapitalismoaren garapenerako pieza nagusietako bat izateagatik bakarrik, Internetek funtsezko borroka-eremua izan beharko luke ezkerrentzat. Baina ez dakit ideia hori oso barneratuta dugun.
Jakina. Ez dago modu orokor horretan barneratuta, baina uste dut denok dakigula Airbnb, Uber, Deliveroo eta horiek guztiak hiriak eta zenbait lan-sektore izorratzen ari zaizkigula, edo Euskal Herriaren kasuan, tresna horiek nola zapaltzen diguten hizkuntza aniztasuna.
Ez dut uste borroka klimatikoa, etxebizitzaren aldekoa edo lan-eskubideen defentsakoa baino garrantzitsuagoa denik Internetekoa, baina borroka horietan guztietan erabili beharko dugun tresna eta oinarria da Internet.
Europar Batasunak Metari edo Googleri jarritako moduko isunek zerbaitetarako balio al dute?
EBk uste du Europa subiranotasuna galtzen ari dela AEBen –eta Txinaren batzuk– teknologia digitalekiko mendekotasunagatik. Ziur aski, haiek Bruselan nahi duten subiranotasuna ez dator bat ezkerreko espazio eta gizarte mugimenduetatik nahi dugunarekin, baina tresna erabilgarria izan daiteke, aldaketa edo agertoki lagungarriagoak lortzeko palanka gisa.
Pribilegio europar zuritik ikusita, baditugu zenbait eskubide, batzuetan, multinazional horiei aurre egiteko baldintza hobeetan egotea eragiten digutenak.
Daukagun pribatutasuna eta maila estrategikoan horren alde borrokatzeko gaitasuna, –enpresa horien aurkako epaiketak tarteko–, gardentasunari eta nolabaiteko erantzukizun sozialari dagokienez multinazionalek dituzten baldintzak... Horiek guztiek bertokoentzat apur bat onuragarriagoa den egoera eragin dute, erregulaziorik ez balego baino, baita Bruselako esparru neoliberalaren barruko erregulazioa izanik ere. Adibide bat jarriko dut, zer eta klase pribilegiatu berriak sortu dituena: adimen artifizialaren legea. Europar Batasunak onartu duen azken erregulazioak zenbait kasu ezarri ditu, zeinetan Europako herritarrek ezin dituzten sistema automatizatuak edo adimen artifizialekoak erabili, oinarrizko eskubideen aurkakoak direlako, identifikazio biometrikoa edo pertsonen profilak sortzeko modu batzuk kasu. Baina salbuespen bat ere jarri du EBk: pertsona migratzaileak kontrolatzeko, bai, erabil daitezke. Bi klaseko herritartasuna sortzen ari dira. Kontu izugarria da, arrazakerian sakontzen duelako, baina agerian uzten du, era berean, erregulazioaren bidetik eskubideen arloan hobekuntza batzuk lor daitezkeela.
Batzuek, Simona Levyk berbarako, Europa mailako nabigatzaile eta posta elektroniko publikoa sortzea proposatzen dute.
Zentzuzkoa da. Internet hasieran horrelakoxea zen. Ez zen Europan garatutako teknologia bat, baina zerbitzariak eta bai. Administrazio publikoetan edo unibertsitateetan hala izan da. Denek izan dituzte beren posta-zerbitzariak, baina azken urteetan Googlek jan ditu.
Orain proposamenak ero samarra dirudi, baina gerta liteke. Adibidez, Alemanian, Herbehereetan eta Frantzian gertatzen ari da, datuen subiranotasunaren gaiaz kontzienteago diren herrialdeetan. Askoz azpiegitura publiko handiagoa dute. Baita Euskal Herrian ere, Espainiako Estatuko gainerako zonaldeekin alderatuta. Leku batzuetan serioago hartzen ari da gaia, eta ez zait oso arraroa iruditzen Europa mailan gertatzea.
Europa neoliberaletik datorren ekimen batek arnasa eman diezaguke, pixka bat hobeto egoteko bada ere, ezen egungo egoera AEBetako Big Techek egiten dutenari jarraitzea baita. Horrelakorik eginez gero, garrantzitsuena da elkarreragingarria izatea, gure tokiko ekimenak sistema horri lotu ahal izateko.
Gaur egun publiko/pribatuaz hitz egitea aurredigitala izan daiteke?
Bai, edo aurre-neoliberala. Aspalditik estatuek ez dute dena bere gain hartzen, azpikontratatzen ari dira. Eta uste dut onuragarria izan litekeela, ez dugulako nahi botere guztia estatu zentralizatuek izatea. Beraz, lankidetza publiko-pribatu horiek, ondo egiten badira, demokrazia eta gardentasun nahikoarekin, onak izan daitezke, betiere binomio pribatuaren aldean soilik lauzpabost enpresa handi baino, kooperatiba-sare askoz zabalagoa ere sartzen bada, ekonomia sozialaren irizpideak dituzten enpresak barne hartzen dituena eta gizarte zibilarentzako lekua ere barnean hartzen duena.
Ez dirudi hizpide ditugun gai hauek alderdi politikoetako gai-zerrendan edo, oro har, politika instituzionalean daudenik.
Bai, hala da. Lehen zerbitzariak publikoak ziren eta azken urteetan Googlek eta Microsoftek berentzat hartu dituzte. Badira gai hauek kontuan hartzen ez dituzten politikariak, baina, bestalde, politikari bakar bat ere ez da aditua gai guztietan. Kontua da aholkularitza behar dutela eta Big Techek baliabide asko eta diru asko erabiltzen dituztela lobby lanak egin, gai horietan burua asko jan nahi ez duten arduradun publikoei erraz jarri eta politikak "bide onetik" doazela ziurtatzeko.
Erantzukizunaren beste zati bat ere badago: Europar Batasuneko erregulazioak. Izan ere, enpresa txikiagoentzat baino askoz errazagoa da Google bezalakoentzat, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra “erosteko” gai diren abokatuen armada bat edukita.
Teknologia eta dekolonitatea. Esaldi berean behar adina entzuten ez diren bi termino.
Sarriago ala gutxiagotan, teknologiari buruz irakurtzen dugun tokiaren arabera. Latinoamerikako lankide feministek denbora asko daramate gai hori lantzen, eta irakurri beharko genituzkeen gauza interesgarri asko dituzte.
Alde batetik, gaia datuen estraktibismoarekin lotuta dago. Prozesu hori askoz ere bortitzagoa da Hegoalde globalean, eta horrek zerikusia du Big Techek lanaren zati aspergarri eta gogorrenak nola azpikontratatzen dizkieten gutxiago kobratzen den lekuetako pertsonei. Programazioaz, datuen filtrazioaz, edukien migrazioaz eta abarrez ari gara. Eta bai, ziur aski Indiako pertsona batek gehiago irabaziko du lanean TikTok-eko datu nazkagarriak filtratzen kalean taxia gidatzen baino, baina prozesu horretan gehien irabazten duena Kalifornian dagoena da, CEO gisa dirutza kobratzen.
Dekolonitate teknologikoak lehengaiak gatazka-guneetatik ateratzearekin du zerikusia, gehienetan mineralak. Eta, era berean, energia eta ur asko kontsumitzen duten datu-zentro handien kokapenarekin lotuta dago, botere eta pribilegio zentroetatik ahalik eta urrunen jartzen dituztenak.
Kultura-aniztasunaren galera ere kontuan hartu behar da. Multinazional mota horiek diseinatutako tresna jakin batzuk erabiltzeak, jakina, pentsatzeko eta sortzeko beste molde batez eta beste hizkuntza batzuetan egiteko gaitasuna kentzen du. Latinoamerikako lankide feministek epistemizidioaz hitz egiten dute.
Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]
Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]
ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak atxikimendu kanpainarekin.
Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]
The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.
16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]
Wikipedia.org-en arabera, Gish gallop (Gish-en lauhazka) edo falazien metrailadorea "eztabaida teknika bat da, aurkariari ahalik eta argudio gehienekin eraso egiten diona, argumentu horien zehaztasuna edo sendotasuna kontuan hartu gabe", eta albo-ondorio gisa... [+]
Sare sozialek permititzen dituzte horrelako edukiak, eta haiek ere izan beharko lukete ardurarik auzi honetan. Baina ez dirudi inork neurririk hartzeko asmoa duenik. Zigortu izan dituzte sare sozialak, baina sekula ez ildo horretan, ez baita interesatzen. Izan ere, emozioak... [+]
[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: Kirolari lotuta ere bai...]
[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: tradwives-i buruzkoa, Elena Francis itzuli da?...]
X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat... [+]
AEBetako 14 estatuko fiskaltzek TikTok auziperatu berri dute. Albiste horren haritik, NPR irrati publiko estatubatuarrak ikusi du ikerketak azaleratu dituen TikTok barruko dokumentazioa, eta handik ondorioztatzen diten kontu larri batzuk eman ditu argitara. Funtsean, TikTok... [+]
Apirilean egin zituzten hogei langilek Facebooken azpikontrata den CCC Barcelona Digital Services enpresaren aurkako salaketak, oinarrizko eskubideak urratzen dituztela adierazi zuten langileek, gaur egun mila inguruk salatu dute. "Gestapo" gisa definitzen dute lan... [+]
TikTok enpresaren barne-dokumentuen filtrazio batek adierazi duenez, enpresa jakitun zen 15 urteko hainbat neska zuzenekoetan biluzten zirela gizonezko helduek bidalitako txanpon birtualen truke. Sare sozialeko hainbat dokumentutarako sarbidea ahalbidetu zuen akats bati esker... [+]