argia.eus
INPRIMATU
Ginekologiaren ama esklaboak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko urriaren 30
Argazkia: Smisthsonian Museum
Argazkia: Smisthsonian Museum

Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide bakarra.

Horregatik, 1845ean, Alabaman, James Marion Sims medikuak Anarcha izeneko esklaboa tratatu zuenean, jabeak hala eskatuta, ez zuen emakumearen ongizateak bultzatuta egin, ekoizpen baliabide funtsezkoa zaintzeko baizik. Anarchak 17 urte zituen eta 72 orduko erditzearen ondoren, gaur egun fistula besikobaginala deritzon arazoa garatu zuen, besteak beste, inkontinentzia eta min kronikoak eragiten dituena. Sims doktorea fistula josten saiatu zen, baina ez zuen emaitza onik lortu.

Simsek jarrera guztiz aldatuko zuen emakume libre txuri bat, Merrill anderea, kontsultara arazo berarekin hurbildu zitzaionean. Esklaboak tratatzea erabaki zuen orduan. Edo, hobe esanda, esklaboekin esperimentatzea erabaki zuen, gero emakume txuriak tratatu ahal izateko

Handik gutxira Betsy izeneko beste esklabo nerabe bat eraman zioten arazo berarekin, eta, aurrerago, Lucy izeneko 18 urteko gaztea. Kasuak “sendaezinak” zirela esan eta ez zituen tratatu. Simsek berak idatzi zuen “emakumeen pelbisaren organoak ikertzea gorroto” zuela. Baina jarrera guztiz aldatuko zuen emakume libre txuri bat, Merrill anderea, kontsultara arazo berarekin hurbildu zitzaionean. Esklaboak tratatzea erabaki zuen orduan. Edo, hobe esanda, esklaboekin esperimentatzea erabaki zuen, gero emakume txuriak tratatu ahal izateko, Deirdre Cooper Owens historialariak Medical Bondage: Race, Gender, and the Origins of American Gynecology (Mediku esklabotza: Arraza, Generoa eta Amerikako gineokologiaren jatorria) lanean azaldu bezala.

Ugalketa organoak aztertzeko posizio berri bat asmatu zuen, ebakuntza egiteko berariazko tresneria ere bai, eta hamabi pazienterentzako lekua zeukan ospitale modukoa prestatu zuen Alabaman bertan. Anarcha, Betsy, Lucy eta beste esklabo batzurekin esperimentatzen hasi zen beste hainbat medikuren laguntzarekin. Baina emaitza onik lortzen ez zuenez, gainerako medikuek interesa galdu eta Sims bakarrik utzi zuten. Orduan doktoreak paziente-esklaboak trebatzea erabaki zuen, elkarri ebakuntzak egiteko –eta ohean elkarri eusteko, ebakuntzak anestesiarik gabe egiten baitzituzten–. Hala, azkenean, saiakera askoren ondoren –Anarchari 30 ebakuntzatik gora egin zizkioten–, arrakasta izan zuen.

Lorpen hari esker, James Marion Sims ginekologiaren aitatzat jo izan da luzaroan. 2018an Black Youth Project 100 ekimenak New Yorken zegoen Simsen eskultura erretira zezaten lortu zuen. Eta handik gutxira Montgomeryn (Alabama), Simsek bere esperimentuak egin zituen ospitaletik gertu, Anarcha, Betsy eta Lucyren eskultura bat jarri zuten, Simsi ginekologiaren aita titulua kentzeko eta emakume esklabo haiek ginekologiaren ama izendatzeko ahaleginean.