Lagun baten aitaren hiletan egon nintzen aurrekoan. Lagunak lore-sortetatik lore bana hartzeko esan zigun bertaratutakoei, nahi izanez gero. Loreei ezin diet ezetzik esan, askoz gutxiago arrosei, batez ere gorriei. Hala, arrosa gorri eder bat hartu nuen.
Arrosa eskuan, agurtzen ibili nintzen aspaldiko ezagunak, horrelakoetan gertatzen den moduan. Lauk-edo, txantxetan, esan zidaten lorea ikustean: ze, PSOEkoa egin zara?
Pertsona bakarrak esan zidan lore ederra nuela, Espainiako alderdiari erreferentzia egin barik, eta besteek esandakoa kontatu nion. Berak erantzun zidan loreen sinbolismoa ere ostu digutela, eta ez diegula laga behar.
Zer pentsatua eman zidan lagunaren esaldiak. Loreen erregina, pasioaren ikurra, partidu politiko bati lotuta betiko. Eta berdin zait alderdi horren ideologia, gure burmuinak beti lotuko ditu-eta.
Eta zenbat halako ote dagoen historian! Svastikarena ere hala, herri askotan eguzki-ikur zena ideologia batek lapurtu, eta betiko kriminalizatu.
Arrosa gorria ostu digute. Beraz, estima ditzagun arrosok direnagatik, edertasun hutsa disfrutatzearren, huts-hutsean.