argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Aparkalekuak
Ula Iruretagoiena 2024ko urriaren 23a

Japonian auto (pribatu) bat izateko aparkaleku (pribatu) bat izatea derrigorrezkoa da. Neurria polemikoa iruditu dakiguke, hemengo araudiak (hemengo balore sistemak) autoaren gordailua publikoa den espazioak hartzea onartzen duelako. Hau da: arazoa publikotasunaren erantzunkizuntzat jotzen da autoaren presentzia geldia kalearen parte dela onartuz. Lurralde espazio handia behar du autoak, geldirik eta mugimenduan, eta zerbitzu publikotzat jotzen dugu. Horrela izatea asumitu dugu eta ohitu gara, eskubide bat izatera iritsi arte. Japoniar neurriak jauzi sozial bat ekar lezakeela iruditu dakiguke (dirua duenak baino ez du izango autoa), baina aldi berean bestelako egoera batzuk posible egingo ditu: auto konpartitua garraio eredu bezala txertatzea eta garraio sistema elaboratuago baten beharra gizarteratzea. 

Ohiturak ohitura, aparkalekua  gure ohe azpian gordetzen dugu, etxeko sotoan. Hau da, etxeak sotoa izan behar du, ohiturari jarraiki. Balear irletako etxebizitza publikoko administrazioak aparkalekuen soto eraikuntzaren kostua kalkulatu du: eraikuntza kostu guztiaren %40a hartzen du. Administrazio honen apustua izan da sotoko aparkalekuen dirua etxearen kalitatea hobetzera bideratzea. Nolabait ulertzen da etxebizitzaren kalitatea oinarrizko eskubide bat dela eta auto pribatu bat izatea, ordea, ez.

Badago telesail saritu bat, The Architect izenekoa, etorkizuneko hirien gaineko eztabaida sotoko aparkalekuetan oinarritzen duena bere trama. Telesailak eraiki ditugun aparkaleku espazio erraldoiak erabilerarik gabe irudikatzen ditu, etxebizitza erabilera egokituz. Fikziotik gertu eta autoen espazio handiaren gatazkaren jakitun, badira arkitekto batzuk etxebizitzen aparkalekuak diseinatzen dituztenak egunen batean bizigarriak egiteko, aparkalekuen solairua erdisotora eramanez, errealitatezko etxeek fikzioaren delirioa hobe dezaten.