argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturra eta sare sozialak
Kirolari lotuta ere bai...
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 23a
Amadeo Llados 'youtuber'-a.
Amadeo Llados 'youtuber'-a.

Jaiki eta hogei minutuan gimnasioan egon. Itzuli eta irakurri [liburu jakin batzuk], eta gogoetatu duzunaz idatzi. Ni ez naiz pentsatzen jartzen ea nola sentitzen naizen; denbora galdua da”.

Amadeo Llados kirolari fitness eta coach-a da, entrenatzaile pertsonal baten gisakoa, baina bere entrenamendu eta aholkuak kiroletik harago doaz. Esaterako: “Zortzi ordu lo egitea? Hori pobreena da. Zuek baino lan gehiago egiten dut, osasuntsuago nago eta aberatsago naiz”. Hiru milioi jarraitzaile ditu sare sozialetan, gehienak Instagramen. “Garapen pertsonalean erreferente” omen da, baina izatez guru bat da, bere sektako lider.

Jaiotzez madrildarra, Miamin bizi da etxe handi batean, eta “luxuzko” bizitza hori une oro erakusten du, kategoria altuko autoak bereziki, hori baita bere marketing estrategia. Hori erakutsi bitartean ematen ditu “aholkuak”, bera bezalakoxea izateko zer egin behar den adieraziz.

Mindset. “Bizitzarako mentalitatea”. Etengabe horretaz ari da Llados, Claudia Nicolasa psikologo iruindarrak bideo-erreportaje interesgarrian jaso moduan. Mentalitate jakin bat da, ustez bi helburu lortzeko: indartsu egotea –gimnasioko gorputz estereotipatua– eta dirua edukitzea. Ordaindu egin behar zaio “aholku” eta “entrenamendu” horiek jasotzeko. Zifrak ez dira publikoak, baina sekta horretatik irtetea lortu dutenek gerora esan dutenez, oinarrizko tarifa ehun eurokoa da, eta gutxienez 10.000 eurorainokoa izatera ere hel daiteke. Jakina, oso piramidala da estruktura, eta geroz eta gehiago ordaindu, orduan eta gorago zaude; hala, bere alboan egoteko une gehiago dituzu, baita “arrakasta” izateko aholku zehatzagoak ere.

Berak ukitzen duen edozer “urre” bihurtzen da, eta berari soilik entzun behar zaio, “plebeioz” eta “galtzailez” jositako mundua baita honakoa. Horretan egiten du azpimarra.

Burpees edo “igelaren jauzia” delako ariketarekin tematuta dago –flexio bat lurrean, altxa, jauzi eta berriz flexioa, ahalik eta azkarren–. Egunean zenbat egiten dituzun adierazi egin behar da; beraz, lehia sustatuta, itsutu egiten da jendea. Eguzkia atera baino ordu batzuk lehenago jaiki, burpees-ak egitera.

Mindset hori lau haizeetara zabaldu behar dute bere afiliatuek, horixe baitute dirua irabazteko moduetako bat. Norbera hasi dadila estilo horretako bideoak egiten, sareetara igotzen, mentalitate hori hedatzeko. Eta egin bideo onak, landu bisitak, arrakasta izateko.

“Ez dizula funtzionatzen? Gehiago landu”
Paulo Azpiazu bergararra, harri-jasotzailea, Lladosen sekta horretan egon zen. 10.000 euro ordaintzera iritsitakoa da.

Aipaturiko bideo-erreportajean hitz egin du. Zera esaten zien Lladosek: “Emaitzak momentuan ikusten ez badituzu, diru-gosez itsututa zaudelako da. Ez da hori egin behar. Lan gehiago egin behar duzu”. Honela oroitzen du Azpiazuk: “Gaizki sentiarazten zaitu. Beraz, 05:00etan jaiki beharrean, 04:00ean esnatzen zara, burpees gehiago egiteko. Eta astean bideo bat egiten bazenuen Youtubeko zure kanalerako, orain bost egingo dituzu”.

Orain kontziente da Azpiazu “beldurgarria” zela lehen egiten zuena, mila burpees egunean, euripean, goizean goiz jaikita. Eta, Lladosek esaten zien, familiak edo lagunek kuestionatuko baliete jarraitzen ari ziren “bizi-mentalitatea”, pikutara bidaltzeko, “galtzaileen mentalitatea” delako. Jende batek lagun eta harreman oro baztertu ditu Lladosen esanak jarraitzeko.