Galdera potolo horren bueltako gogoeta parte-hartzailea egin dute Antzuolan (Gipuzkoa), eta oraintsu aurkeztu dituzte saio irekietan parte hartu duten herritarren ekarpenak. Helburuak izan dira, batetik, heriotzaren inguruko beldurrak eta ezezagutza gainditu eta gaiaz ahalik eta naturaltasun handienarekin hitz egitea. Eta, bestetik, proposamen-zerrenda osatu eta udalaren esku jartzea, hilerrian obrak egitea erabakitzen duenerako.
Beldurrezko pelikulekin lotzen ditugu sarri hilerriak. Lau horma gris, eta horien barruan hamaika hobi gris, metalezko ateak eta metalezko gurutzeak. Inguruari kolore apur bat ematen dioten loreak ere ikusiko ditugu, baina baita sasiek hartutako txokoak ere. Ez, orokorrean ez gaituzte eroso sentiarazten. Gainera, geroz eta herritar gehiagok erabakitzen du gorpua erraustu eta errautsak itsasoan edo mendian zabaltzea. Ondorioz, udal hilerriek beren “funtzioa” berreskuratu beharra dute, “gizartean ematen diren aldaketei erantzun eta kalitatezko zerbitzua eskaini”. Nere Erkiaga lekeitiarrak tanatologia ikasketak ditu eginak, eta Antzuolako prozesua bultzatu duen Hil Arte Bizi egitasmoko kidea da. “Egungo gizarteak heriotza ezkutatu egiten du, beldur patologikoa diogu, eta bizi dugu gauza pertsonal bat baino ez balitz bezala”, kontatu digu, kolektiboan ere eragin nabarmena duenean. “Gabezia ugari dugu heriotzaren inguruan, oinarri-oinarritik hasita”, dio, hura isilarazteak dakartzan ondorioak aipatuta. Hilerriaz gaindiko hamaika konturi buruz hitz egin digu, subjektu politiko gisa hauspotu ditzakegun aldaketez, besteak beste. “Heriotzarekin harremana duten gaietan ahalduntzeko, herritar eta komunitate bezala, ezinbestekoa zaigu lanketa esparru guztietan egitea, izan zahar-egoitza, osasun zentro, udal, auzo edo ikastetxeetan”.
Alferrik ari gara isilean gordetzen. Are, Erkiagaren iritziz “ezjakintasunak egoera inhumano asko sortzen du; sekulako astakeriak egiten dira, ez dira bistaratzen eta...”. Zaintza aringarri pediatrikoez edota ospitaleetako errealitateaz luze aritu ostean, legedia ezagutzea funtsezkoa dela aipatu digu, jakitea zein eskubide dauzkagun, erabakiak gure kabuz hartu ahal izateko; izan ere, uste baino gauza gehiago egin dezakegu. Udalek, adibidez, heriotzarekin lotutako eskumen ugari daukate, baina horiei buruz apenas dakigun ezer. Esaterako, hilerri batzuk Elizarenak edo pribatuak diren arren, gehienak udalen esku daude, publikoak dira, "kanposantu" deituagatik ere. Hor eragitea du helburu Antzuolan egindako gogoeta prozesuak; ideia-zerrenda luzea jarri dute udalaren esku, hilerriari lotutako proiekturik abiatzea erabakiko balu, oinarri bezala baliagarria izango zaiolakoan. Bada beharra, hilerriak ez direlako denboraren poderioz beste zerbitzu publikoen moduan garatu eta egokitu, duela ehun urte pasatxotik berdintsu mantentzen dira, nahiz eta gizartea aldatzen ari den etengabe.
Nor da hilerrien jabea? Nor beilatokiena? Nolakoak dira? Non daude kokaturik? Nork zaintzen ditu? Nolakoak dira panteoiak? Nolakoak errautsentzako kolunbarioak? Hildakoak agurtzeko bada toki duinik hilerrian? Eta beilatokian? Eta herri-gunean, ekitaldi zibilak egiteko? Bada udal langilerik gaiaren inguruan formazioa jaso duena, senideei laguntza eskainiko diena, edozer antolatu nahi dutela ere? Hileta enpresek zer bilakaera izan dute? Nolakoak dira eskaintzen dituzten zerbitzu eta tarifak? Hamaika eta bat galderaren bueltan aritu dira solasean herritarrak 2023ko urtarrilaz geroztik. Ondorioztatu dute hilerriak bi funtzio dituela. Batetik, praktikoa, gorpu, gorpuzki eta errautsentzako lekua den heinean. Bestetik, sinbolikoa, maite ditugunak oroitu eta omentzen direlako bertan. Jainko, zeru, berpizkunde, espiritu edo dena delakoetan sinetsiko dugu ala ez, baina norbait hiltzean maitasun sentimendua beti izango da, emozio zurrunbiloaren erdian.
Funtzio sinboliko horrek indar handia du umeen artean. Haiek izan dira gogoeta prozesuan protagonista nagusietakoak, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Duela bi urte inguru, adibidez, hiruzpalau urteko umeak jaiotzari buruzkoak ikasten ari zirela, heriotzaren gaia atera zen –haurrek hurbileko esperientziak kontatu zituzten–, eta geroago ama batek heriotza perinatalaz –haurdunaldian edo jaio berritan hiltzen diren haurrez– hitz egin zien. “Ikastetxean heriotza oso presente dago, bizitzaren parte da, eskutik helduta doaz, edonori gerta dakioke edozein momentutan”, kontatu digu Josune Jimenez irakasleak. “Naturaltasunez” heldu diote gaiari Antzuolan, umeek euren larruan bizi izan dituztenak ikasgelan landuta: amama hil zaiela, osaba, etxeko txakurra edota eskolan dauzkaten arraintxoak.
Hain justu, “hainbat urtetan doluaren eta heriotzaren pedagogia lantzeagatik” Gehiago Gara ekimenaren aitortza jaso zuen iazko abenduan Antzuolako Herri Eskolak. Hil Argi eta Bizipoza elkarteek sortua, haurren heriotza eta heriotza haurrekin “naturaltasunez eta gizatasunez” bizitzea du helburu proiektuak. “Kosta egiten da norbere bizipenez edota gehien maite dugun pertsonaren heriotzaz hitz egitea”, zioen Herri Eskolako zuzendari Silvia Ezpeletak, Gehiago Gararen aitortza jaso zutenean. Gainera, irakasle asko ez daude gaia lantzeko nahikoa prestaturik, eta batzuek nahiago dute errealitatea ezkutatu. Ezpeletaren hitzetan, errealitatea ezkutatzen denean haur eta gazteei ez zaie aukerarik ematen “bizitza bera kontzienteago eta gizatiarrago bihurtzeko”. Alegia, “galderak, kezkak eta beldurrak adierazteko eta lantzeko ateak ixten dizkiegu”.
Hilerrien inguruan aritzeko oinarria bazegoen beraz, eta hiruzpalau urteko umeen ekarpenak bezalaxe, 12-13 urteko gazteenak ere jaso dituzte txostenean.
Egun batean hilerrira irteera egin zuten umeek, eta eskolara itzultzean aipatu zuten, besteak beste, grisa zela, zikina zegoela (plastikozko zorroak eta loreak lurrean, kristal hautsiak...), eta apurtutako ate baten barruan hezurrak ikusten zirela. Eta behar duela kolore gehiago, zuhaitz asko, marrazki politagoak hormetan, musika, bihotz handi bat sarrera nagusian –hildakoak norbere bihotzean daudelako–, pastelak jateko mahai eta aulkiak, animalientzako hilobiak, errautsentzako leku polita, eta abar. Hilerriak igerileku bat behar duela ere aipatu zuen bakarren batek; antza, denbora daramate Antzuolako umeek igerilekua eskatzen, txostenaren aurkezpenean Erkiagak barre artean azaldu zuenez.
Herritarrek aipatu dute udalak izan behar duela zerbitzu publikoaren kontzientzia, eta pribatizazio arriskuari aurre egin behar diola.
12-13 urteko gazteen ustez ere, hilerria ez da atsegina; zergatiaz galdetzean, “heriotzaren inguruko beldurra” aipatu dute, eta espirituez aritu dira batzuk. Euren arabera ere kolore gehiago behar du, argitasun handiagoa, musika... Eta hilerria eta hilobiak zainduko dituen pertsona bat egotea bertan, hobiak garbitu eta konponduko dituena, loreak txukun jarri, belar txarrak kendu... Hain justu, gogoeta prozesuan parte hartu duten elizako andreek ere ekarri dute zaintzaren gaia hizpidera: “Nork zainduko ditu hildakoak? Inor ez badoa euren ondoren hilerrira, zertarako han egon?”.
Helduek proposatutako ideia mordoa jaso dituzte txostenean. Horien artean: hilerriak izan behar du herritar guztientzako lekua, jatorri, ideologia, sinesmen/erlijio edo klasea edozein izanik ere; udalak izan behar du zerbitzu publikoaren kontzientzia, eta pribatizazio arriskuari aurre egin; gainera, mantenu-gastuak aintzat hartu behar ditu; hilerria dela ezkutatu gabe, baina natur-gune edo parkea izatea, hobien artean ibili edo lasai egoteko; estetika neutroagoa izatea, ez dadila antzeman adibidez nor den aberatsagoa eta nor pobreagoa; horrekin lotuta, ez bihurtzea hildakoak nork gehiago maitatzen dituen erakusteko lehiaketa edo erakusleihoa; iturriak jarri eta uraren soinua entzutea; gorpua lurpean mantendu nahi duenak epea luzatzeko aukera izatea; senideak elkarrekin kokatzeko aukera; errautsak zabaltzeko lekua; heriotza perinatalerako gunea; hilerriaren erabilerarako tramiteak eta informazioa gardenak izatea; agurrak egiteko leku goxoa; edota horiek antolatzen lagunduko duen udal langile bat egotea, ezkontza zibilen kasuan gertatzen den moduan.
“Agurra bideratzen duenean enpresa edo kanpoko pertsona batek, oso hotz gera daiteke eta intimitatea galtzen da”, irakur dezakegu txostenean. Aurkezpenean bost lagunek hartu zuten parte: Nere Erkiagak, Josune Jimenez irakasleak, Antzuolako alkate Olatz Lezetak, prozesua dinamizatu duen EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kide Andere Ormazabalek, eta Oiartzungo alkate Joana Mendiburuk, zeinak, udalerriek heriotzaren inguruan egin dezaketen lanketaren harira, hango beilatoki publikoaren esperientziaz hitz egin zuen [ikusi koadroa]. Ormazabalen hitzetan, “esparru honetan ere merkatu-logika nagusitu da, eta Antzuolakoa bezalako prozesuak inportanteak dira pribatizazio joerari aurre egiteko, udala eta herritarrak kontzientziatu eta mugiarazteko, subjektu politiko gisa”.
Gogoeta prozesuan ikusi da udalek erantzun bat eman beharko luketela. “Aztertu beharko dugu zer egin daitekeen epe motzean eta zer luzean, ez baitiogu buelta askorik eman”, dio Antzuolako alkate Olatz Lezetak: “Guztiok ukitzen gaitu heriotzak, nahi edo ez, denoi helduko zaigu. Hilerriak denon eskura egon behar du, badirudi-eta Elizarena dela; denok egon behar dugu bertan eroso, bai hildakoak, baita bizirik daudenak ere”.
--------------------------------
Heriotzarekin lotutako zerbitzuen publikotasuna bermatzea izan da Antzuolako herritarrek egindako eskaera ugarietako bat, eta, horren baitan, tanatorio edo beilatoki publiko eta erabilera librekoak sortzea, hileta-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa erraldoiek irentsi ez ditzaten. Hala, gogoeta prozesuaren aurkezpen ekitaldira Oiartzungo alkate Joana Mendiburu ere gonbidatu zuten, hamahiru urte bete dituen beilatoki publikoaz hitz egiteko.
Merkatu-ikerketek diote hemendik denbora batera herritarren gehiengoak ez duela beilarik egingo, neurri handi batean zerbitzua eskaintzen duten enpresen jokaeragatik. “Ez badugu merkatu logikan sartu nahi, ez badiogu enpresa handien jokoari men egin nahi, udalek esku hartu beharko dute, eta erabilera libreko beilatokiak sortu, adibidez”, dio Mendiburuk. Oiartzungoa “txikia eta iluna” zen, harik eta 2011n berria egin zuten arte. Garai hartan bi enpresak agertu zuten zerbitzuaren jabe egiteko intentzioa, baina azkenean udalak bere gain hartzea erabaki zuen. Sinplea da funtzionamendua. Beilatokia erabili nahi duten herritarrek Udaltzaingora deitzen dute –edozein egun eta ordutan–, giltzak hartu eta eurek erabakitzen dute zein ordutatik zein ordutara izango duten zabalik –gehienez 48 orduz–. Beilatokia bi egunez baliatzeak 170 euro balio du; merkea da, ohituak gaudenerako. “Jendea agurtzeko leku polita da, gainera, zelaia inguruan eta Aiako Harriak parean”. Alde ederrekoa da kokalekua, industrialdeetan dauden arimarik gabeko pabiloi grisekin alderatuz gero.
“Heriotza pendulu bat izan da gizartearen eboluzioan”, zioen Nere Erkiagak, Goierriko Hitza-k plazaratutako elkarrizketan (2024-06-28). “Iraganean, Elizak kontrolatzen zuen gaia, eta beldur itzela sortu. Orain beste muturrera mugitu gara. Aipatu ere ez da egiten ia, eta heriotza poligono industrialetara eraman dugu; ezgauza bihurtu gara”.
Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]
Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]
204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa... [+]
Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta,... [+]
Paris, 1845. Frédéric Bastiat (1801-1850) ekonomialari eta politikari lapurtarrak Pétition des fabricants de chandelles (Kandelagileen eskaera) satira idatzi zuen. Protekzionismoaren aurkari sutsua, kandelagileek "bere argia salneurri baxuegitan... [+]
Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.
(Azken aldi luzean ezin naiz gauez atera, eta arratsaldez ere larri, eta asteburuetan ere ez, eta (jarri zaizue jada ihes egiteko gogoa), marianitoak eta bazkari azkar samarrak izaten dira nire enkontruneak. Konpainiak ondoegi aukeratu behar ditut. Ezin ditut poteoak... [+]
Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]
Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.
Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.