argia.eus
INPRIMATU
Aliziaren zikloa euskaraz
Xabier Etxaniz Erle 2024ko urriaren 18a

Snarkaren ehizan
Lewis Carroll
Irudiak: Henry Holiday
Itzulpena eta edizioa:  Manu LÓpez Gaseni
Pamiela, 2024

-------------------------------------------------------

Udaberrian argitaratu zen esku artean dugun obra hau. Alizia herrialde miresgarrian, Ispiluan barrena eta Alizia haurrentzat obren ondoren, Lewis Carrollen liburu honek Aliziaren zikloa ixten du. Aurrekoak bezala Pamiela etxe nafarrak ekarri du gure artera, Manu Lopez Gaseniren itzulpenari esker.

Ziklo osoko obren antzera, honetan ere jatorrizko edizioari begira egin da euskarazkoa; 1876koan, azalean eta kontrazalean nahiz barruan Henry Holidayrk eginiko grabatuak aurki ditzakegu, baita Carroll berak sinatuta sarreran ageri den poema bat ere, Gertrude Chatawayri eskainia.

Amaieran, gainera, gibel solasa eskaini digu Lopez Gasenik, liburuaren nondik norakoak eta euskarazko itzulpenaren berri emanez. Horrez gain, dramatis personae bat aurki daiteke, pertsonaia bakoitzaren irudi batekin eta obran duen rolaren deskribapen labur batekin.

Lewis Carrollen obra honetan zentzugabea edo nonsensea dugu elementurik nagusiena, argumentuaren gainetik esango nuke. “Hamar kidez osatutako eskifaia ezin bitxiago bat itsasoen amaierako uharte batean bizi omen den Snark izaki fantastikoa ehizatzera joan da. Bidean aurkezten diren egoerak zentzugabeak dira, eta ehiza eta Snarka bera, kimerikoak”. Horrelaxe laburbiltzen zaigu istorioaren nondik norakoa kontrazalean, eta bidaia hori dugu kontakizuna.

Obra honetan bi kontu dira aipagarrienak. Alde batetik, irakurleak izan dezakeen sentsazioa gertakari absurdo eta zentzugabeen aurrean. Carrollen obrarik zailena dugu eta, aldi berean, jasoena, zalantzarik gabe. Eta, bestetik, hori guztia euskarara ekartzeko eginiko lana. Itzultzaileak poesia jasoan, herrikoian eta bertsolaritzan oinarritu behar izan du euskaratzeko orduan, ohiko errimak nahiz barrukoak osatzerakoan, izen eta egoerekin jolastean. Eta, horrela, lortu da jatorrizko lanaren ahalik eta antzekotasun handia izatea euskarazkoak.

Liburu jasoa dugu Snarkaren ehizan hau, ez bakarrik hizkuntzagatik, baita argumentuaren zentzugabetasunagatik ere, baina, era berean, irakurketa aberatsa eskatzen eta eskaintzen duen lana da. Alde horretatik txalogarria da argitaletxeak eta editoreak egin duten esfortzua Aliziaren zikloa osorik euskal irakurleari eskaintzeko. Zorionekoak, beraz, irakurle horiek, baita euskal kultura bera ere.