argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Klaseko zerrenda
Ula Iruretagoiena 2024ko irailaren 25

Irailaren lehenetan, hasierak, nobedadeak eta estreinaldiak: estutxe eta koaderno berria, izena emandako ikastaro edota ekintzetarako taldekideekin lehen enkontrua, aktibitate emanaldi eskaintza oparoa publizitate orrietan edonon, ikasturtearen agenda betetzeko, nork berea konposatuz. Irakaslearentzat, ikasle belaunaldi berria begi eta esku artean. Itsu-itsuko hitzordu batean bezala zitatzen gara ikasturtearen lehen klasean irakasleak eta ikasleak. Ezezagunen arteko kedadan zirrara urduria hedatzen da gorputzetik, etortzear den denboraldia nola izango ote den galdera erantzunezina soinean, segurtasun faltaren beldurrak ernaltzen diren unea.

Lehen aurpegi horiei izena jartzeko, Donostiako arkitektura unibertsitate publikoko euskara klasearen izen-zerrendari begira, hauxe ikusi dut: jatorri katolikoko izen gutxi (Maria, Jesus, Dolores, Begoñarik ez), Ane eta Jon klasikoak beti, eta natura jatorriko hitz-izen joeraren belaunaldia oraindik ez dela iritsi konprobatu. Euskarazko izendegiko izenen nagusitasuna. Bi izenek begira jotzen dute; batak June eta Chen konbinatzen dituelako eta besteak beste hizkuntzetako hotsa daukalako. Abizenei dagokionez, espainiar eta euskal jatorrikoak kantitate parekoetan berdinduak, eta ez dago europar, afrikar, eslaviar edo asiar idazketakorik. Latinoamerikako abizen, izen eta aurpegirik ez dago klasean; beltz arrazako bakarra eta asiar arrazako bi. Bestela, zuritasuna eta izen femeninoak nagusi dira. Klaseko alineazioa ozen entzuteko eskatu dugu, bakoitza eroso sentitzen den izendapena besteoi jakinaraziz.

Hemen adierazitako erradiografia agian ez da euskal lurraldeko lagin esanguratsuenetakoa, eta ez da helburua ondorio azkarrik ateratzea Baina harrigarria egin zait nola institutuetan eta gazteen tabernetan ikus daitekeen dibertsitatea ez den arkitekturako klasera iristen, arkitekturaren profesioak gizartean oraindik “elite” markaren zantzuak mantentzen dituela kuestionatuz.