argia.eus
INPRIMATU
Ez da gerra onik
Xabier Etxaniz Erle 2024ko irailaren 25

Soka-tira
Testua: Ilan Brenman
Ilustrazioak: Guilherme Karsten
Itzulpena: Ipar Alkain
Denonartean, 2024

-------------------------------------------------

Album honen bukaeran bada Benjamin Franklinen aipu bat: “Sekula ez da izan gerra onik, ezta bake txarrik ere”. Eta, hain zuzen, gerraren zentzugabekeriaz ari zaigu bi egile brasildarrek eginiko liburu hau; gai serioa da, baina umore tonuan kontatua.

Azalak eta kontrazalak irudi bat osatzen dute, bi txakur saltxitxa korda batetik tiraka. Azalean txakur handia dugu, amorruz tiraka; kontrazalean, aldiz, txiki marroi bat haserre indar egiten. Eta saltxitxa korda hori dugu istorio honetako elementu garrantzitsuenetariko bat. Kredituen orrian eta izenburua agertzen den orrien artean kokatuta ikusiko dugu lehen aldiz, bi orrien artean, orrien mugak kordaren erdia markatzen duela. Ondorengo orrietan bi txakurrak ikusiko ditugu, bakoitza orrien alde banatik hurbiltzen, ondoren saltxitxa kordari heltzen, tiraka, gero txakurren jabeak hauei laguntzen tira egiten, pertsona batzuk gehituko zaizkie bi jabe horiei… harik eta saltxitxa kordaren alde bakoitzean jende multzo bana tiraka egon arte.

Bi txakurren arteko eztabaida izan dena pertsona askoren arteko enfrentamendua bilakatuta ikusiko dugu. Eta eztabaida, “gerra da hau”, une gorenean dagoenean katu bat agertzen da, eta txakurrak haren atzetik irtengo dira korda askatuta eta pertsona guztiak airean bueltaka doazela.

Amaierak umore kutsua du, bi txakurrak elkarrekin jolasten eta pertsonak eztabaidaren zergatiaz galdezka. Baina umore hori amaieran egoteaz gain, orriz-orri ere handitzen doa; irudietan gehitzen ikusi ahal izango ditugu ezagunak zaizkigun pertsonaiak; era askotakoak (hiru txerrikoak, Peter Pan, Aita Santua, Edurnezuri… baina baita Maradona eta Pelé futbolariak, astronauta bat, urpekari bat, eta abar), gertakari eta istorio askori erreferentzia egiten dietenak eta nahiko xelebre agertzen zaizkigunak istorio honetan.

Ilan Brenman ezagutzen genuen Printzesek ere puzker egiten dute (Algar, 2017) albumagatik eta Guilherme Karsten, aldiz, Auto-stopean (Pamiela, 2021) edo Munstroa al zara? (Ibaizabal, 2022) lanengatik, besteak beste; orain, aldiz, oso lan polita, dibertigarria eta, aldi berean, kontu serioez ari zaigun obra umoretsua eskaini digute elkarrekin.