argia.eus
INPRIMATU
Ekin eta jarrai
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2024ko irailaren 25

"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren ostean).

Umore beltza izan nahi du aurrekoak, baina euskararen akademiaren lemak beti eragiten dit txiste txar hori. Ekin, jarrai(tu) aditzak hautatu zituzten lelorako. Espainiako RAErena baino hobea, bestalde: Limpia, fija y da esplendor. Zoru garbigarri baten eslogana dirudi, barren!

Harira. Ekin, jarraitu. Aditz bi, biak bereziak, biek ala biek nori behar dutelako. Beraz, logikak Nor-Nork eskatu arren, Nor-Nori-Nork erabili behar da, Mastodon sare sozialean jaramonik egiten ez badute ere. Ez da “jarraitzen zaitu”, “jarraitzen dizu” baizik. Gure hiperzuzentasun horren biktima gara.

Ekin-ekin berdin, nahiz eta EITBk azken hilotan “ekin transformazioa” erabili duen grabatutako spotetan. Inor ez da konturatu? Ez dut sinisten. Gaztelaniaz onartuko lukete akatsa? Ez, ziur.

Erabilera historikoa da, ez kapritxoa. Gureari ekin eta jarrai.