argia.eus
INPRIMATU
Xedea eta fedea
Udane Barinagarrementeria Laka 2024ko abuztuaren 28a
Udane Barinagarrementeria Laka

UGER
Noiz: abuztuaren 11n
Non:  Santa Klara ermitan (Ondarroa)

--------------------------------------------------------

Sargoriari bizirauten saiatzera egin dugu kostalderantz, husten zihoan hondartzan bainua hartu, afaldu eta Santa Klara eguneko kontzertuak ikustera. Bidean topatu ditugunen argibideei segita, txankletak orpopean eta mugikorreko linternak eskuan abiatu gara errepide bazterreko eskaileretan gora. Eskuineko aldetik datorren olatuen soinua bat eginez joan da muinoaren tontorretik entzuten den musikarekin. Hasita dago kontzertua, iragarritako orduak jo aurretik.

Bi eraikin eta ermita nano batek osatzen dute Ondarroako Santa Klara; noizbait fede kristauaren izenean eraikitakoak bestelako sinesmen batzuek biziberritzen dituzte orain. Zuhaizpean, ermitaren aurrean dago eszenatokia, euskarri kuriosoez lagunduta: moztutako enbor zatiek eusten dituzte bafleak, eta etxeko altzari zaharrez egindako egitura batek sintetizadorea.

Herriko Hil taldearen ondotik, Bilboaldetik etorritako Uger taldea ari da oholtzan, 50 pertsona inguru begira dituztela. Rock alternatiboa abizenarekin irakurri ahal izan ditut kartelean, punk rocka ere jarri izan diote sarri. Abizena jartzea zail den talde horietako bat izan daiteke, askotariko influentzia musikaletan egiten baitute igeri. Niretzat, barruko zarata isilarazteko, ukendu lez erabiltzen ditudan musika taldeen zerrendako bat da Uger –abizen luzeegia eta neureegia da, badakit–. Besteak beste, lau lan luze osatu dituzte zortzi urteko ibilbidean, eta eurendu dituzte Fugazi, New Order, Marmol, Joy Division, Nirvana, Sonic Youth edota Anari.

Leku berri bezain berezi batean kokatzeko lanak eta aspaldi ikusi gabeko lagunen agurrak tarteko, kosta zait, hasieran, arreta kontzertuan ezartzea. Baina lehen aldiz entzun nuenean egin bezala, harrapatuta geratu naiz Denbora abestiaren instrumentalean. Izana izenpean, Bost eta Fedea eta xedea kantekin jo dute goia; eta lur hartu, berriz, Rosales-ekin. Zuzeneko indartsua osatu dute lan zaharrak, berrienak, tartekoak eta bertsioren bat nahastuta.

“Ugerrak jaten duen zerraldo erraldoia da Bilbo”, idatzi zuen Sonia Gonzálezek. Zerraldo erraldoiaren barrunbeetatik datorren boskoteak, kontzertua amaitzeko, bertan bizirauteko haien formula konpartitu digu. Ostean datozen elektronika doinuei bide emanez, lokalean findu duten esperimentu bat oholtzaratu dute, “gustuko duguna egingo dugu, ugertuko baikara” abestu eta Santa Klara dantzan jarrita.

Ugertuko gara, bai. Baina, bitartean, gustuko duguna egingo dugu; hiri herdoilduak zein itsasertzeko muinoak musikaz bete eta udako gau epeletan txankletak basatuta elkar topatu, denbora eta ezlekuak geure egiteko. Hortan ere badatza gure xedea eta fedea.