argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Txatarra
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko uztailaren 17a

Usainak keinuren bat eskatzen zuen, baina berak egin ez zuenez (ezin zitekeenez beste usainik espero), besteok ere ez. “Ez, ez, ez daude denak. Bizirik dirautenen atalik ez dago, ez dut inor bizirik utzi, adibidez, ezpainik gabe (ikusi dituzue? Horiek perfektuak iruditzen zitzaizkidan hauek eta beren barrea azaldu arte). Biziraun dutenak osorik nahi ditut, eta, batez ere, ez dute giltzapeko museorik behar. Hauek nik hil ditut, alegia, hiltzeko zerbait-zerbait eduki behar zuten. Honen kizkurrak, ez zuen gogoratzeko asko izango ilea kontserbatu badut (zangoak mindu zitzaizkidan zakila sar zekidan zain, barruan zegoela ohartzerako, horregatik ari zela mugitzen, ez bila zebilelako). Eskuak batenak bakarrik, miatzen zekiten bakarrak: beste guztiek 'laztandu' (astindu, zapaldu?) zituzten nireak baino titi askoz handiagoak, eta, beraz, mina eman zidaten; edo klitoria harraskatu zuten segundo luzez ez zen tokian; edo porno intentsitatez hasi ziren… pare bat salbatzeko zorian egon naiz ipurmasailak osorik heltzen zizkidaten moduagatik, baina baztertu ditut, aluaren mesedetan. Ez zuten buruargitasunik, ez zuten bizitza interesgarririk, ez zuten egia esentzialekiko loturarik… dena asmatu nien nik. Beraz, dena kendu ere bai. Lehenengoaren eta azkenaren atal bat baino gehiago errepikatzen dela ohartu naiz. Zakilak, begiratu ondo, zorte ona eduki dut. Eder geratu dira egurrezko oinarri horietan, tira, apur bat berdekara, formolagatik izango da. Lehenengoa lodiegitxoa zen, agian, mizkin jarrita, kristalezko Kas botila baten azpiko aldearen antzekoa: oztopo handiagoa zen ahoan beste zuloetan baino, eta behatzen efikazia gainditzen zuen komunean zituzten zereginetan. Azkenarena perfektua zen, egun osoan barruan eramateko modukoa.  XL simetriko baginodinamikoak. Hemen daude bien ile luzeak ere, nire kriptonita. Eta museoko pieza ikusgarrienak: toraxak. Begiratu gora, sabaitik zintzilik jarri ditut, zientzia museoetan baleenak nola. Hemen azpitik miresteko. Ez penarik sentitu. Batzuk ez daude hemen ere, egunerokoaren burokrata zonbiak, zigorrak betetzen direla frogatu behar zaienak. Hasieratik dakizu, ez, ez, inoiz-inoiz ez naiz izango artilezko txaketa handiegiak daramatzan eta xuxurlatan hitz egiten duen beti-neska txiki delikatu begi (eta abar) handia izango, eta beti-beti lotsatuko zaitut lagunen eta familiaren aurrean. Ez-bizitzak arau pila bat ditu, eta oso baxu hitz egiten du. Baina despistatuarena egiten dugu, ea oker gauden behingoz. Etorri, mingain honek, horrela, hain berde, ez dirudi, eta ez da toraxak bezain ikusgarria, baina ez du parekorik izan. Ez zuen ezezkorik onartzen, edozein jarleku lau zen ona, edozein bizi-momentu, edozein… mingain hura azaltzen bazen, ezetza mesedez bat zen. Goazen hemendik bai. Ez, ez, ez da izango hurrengorik. Inor ez da inoiz hurrengoa izan. Berez, inoiz ez nintzen hemen izan. Zertarako, hemen ez dago ezer bizirik. Beraientzat ere beti nintzen lehen aldiz. Lapurtu dutena ez da ordezkagarria”. Itxi nuen giltzaz, behingoz, eta han utzi nuen, marmarka, txatarra artean. Nik sudurra itxi nuen, eta komatxoak beharko nituela erabaki.