argia.eus
INPRIMATU
Oskolak malgutzeko liburua
Maddi Galdos Areta 2024ko maiatzaren 27a
Barraskiloek baino bat gehiago / Ane Labaka Mayoz / Erein, 2023.
Barraskiloek baino bat gehiago / Ane Labaka Mayoz / Erein, 2023.

Soinean daramate etxea barraskiloek, bizkar-zorro kiribildua bailitzan, bizitzeko beharrezko dituztenak hara eta hona garraiatuta. Etxeak, ordea, kraskatu eta bitan bana daitezke. Bikoiztu ere egiten dira tarteka, behin-behinekoz bada ere gotorleku izatetik zama izatera igarota. Oskoldunei eskaini die Ane Labaka Mayozek (Lasarte-Oria, 1992) Barraskiloek baino bat gehiago (Erein, 2023) liburua. Besteak beste, oskola mila zatitan hautsi eta puskek berriro bat egin dezaten moduren bat asmatu nahian dabiltzan horiei.

Hiru malkok plater gainean egiten duten zaratak eteten du gurasoak bananduko direnaren berria jaso osteko sukaldeko isiltasuna. Horixe da Sararen ikuspuntu eta ahotsetik kontatutako istorioaren abiapuntua. Hamar urteko neskatoa da Sara, eta gurasoen banantzeak dakarzkion aldaketa, dolu, galdera, ziurgabetasun, beldur, erru eta bestelakoak dakarzkigu orriotan. Ertz ugarikoa den gaiaren kontakizuna xeheki mamitu du lasartearrak, bereziki, bideak lakartzen dituen emozio luiziari eta bideok berriro leuntzeko moduei erreparatuta.

Amarekin, aitarekin, lagun duen Lurrekin eta beste pertsonaia batzuekin zein bere buruarekin izandako harreman eta elkarrizketek maitasuna zertan den argitzera ere badaramate protagonista minak zeharkatutako kontakizunean. Honekin, maitasunaren akaberatzat jo ohi dena begiratzeko beste ikuspuntu bat eskaintzen dio liburuak irakurleari, finean, horixe bera baita liburuan gailentzen dena: maitasuna, formaz aldatzen bada ere.

Atentzioa ematen du egileak eszenatokiak sortu eta horiek zein, oro har, baliatutako hizkuntza eta iruditegiak haurraren ikuspuntura egokitzerakoan duen doitasunak. Horren adibide dira dagoeneko aipaturiko sukaldekoa, zeinetan protagonistak dioskun triku bat jaio zaiola eztarriko zuloan, jolas garaian ikaskideekin izandako ika-mika eta berradiskidetzeak islatzen dituztenak, hasieran arrotz zaiona kamamila eskutan Sarari “etxeago” bilakatzen zaionekoa zein psikologoarenean hareaz beteriko kutxa baten parean dagoenekoa.

Gaia jendartean hautemateko era berriak eskaintzen ditu Labakak orriotan, besteak beste, “-orde” atzizkia hausnarketa gai izanda zein eskolan eginarazten diren zuhaitz genealogikoak jopuntuan jarrita. Halaber, familia ereduen aniztasuna erdigunera ekartzeko ere probesten ditu horiek eta bestetzuek.

Besarkada modukoa da liburua oskolak hartutakoentzat: izan Sarak bizitakoaren gisakoak bizitzen ari diren gaztetxoentzat zein heldu izanagatik oskol haren zati puntazorrotzak barrunbeetan trabatuta ditugunontzat.