argia.eus
INPRIMATU
Turkiaren droneak, Kurdistanetik Tigray, Sahara eta Ukrainaraino
Axier Lopez @axierL 2024ko apirilaren 24a
Turkiako presidente Erdogan Bayraktar drone bat sinatzen.

Droneen ekoizpena gorantza doan industria da, eta Turkia gerrarako droneen fabrikatzaile eta esportatzaile handienetakoa bihurtu da. Haien produktu izarra Bayraktar TB2 da. Modu autonomoan aireratu, lurreratu eta nabigatu dezakeen drone bat, baina giza operadore baten mende dagoena laser bidez gidatutako bonbak jaurtitzeko. Antzeko ezaugarriak dituzten gainerako modeloak baino merkeagoa da –5 milioi dolar inguru–, baina berdin-berdin "eraginkorra". Baykar enpresak sortu eta merkaturatzen ditu. Selçuk Bayraktar da jabea, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen suhia.

Bayraktar TB2-ak paper garrantzitsua jokatzen ari dira zenbait gatazkatan. Gaur egun Ukrainan ikusten ditugu, Libian Errusiako aire defentsa sistemak suntsitzen lagundu dute eta Marokok Mendebaldeko Saharako Fronte Polisarioko indarren aurka erabili ditu, besteak beste.

Turkiako armadak 2016an estreinatu zuen, nola ez, PKK-ko kurduen aurka egiteko. Ordutik, haren presentzia mundu osora zabaldu da, eta Turkiak bere kanpo-politikaren tresna bihurtu du. "Afrikan noala, mundu guztiak droneez hitz egiten dit", esan zuen Erdoganek 2021eko amaieran kontinentean egin zuen biran. Bisitatu zituen hiru herrialdeak –Togo, Angola eta Nigeria– drone militarrak dituzten herrialdeen klub honezkero ez hain selektora batu ziren hilabete gutxiren buruan. Afrikan bakarrik, Turkiak 10 herrialde baino gehiagori hornitu dizkie droneak.

Bayraktar TB2 bat ikusgai Lituaniako Aire Armadaren Siauliaiko base militarrean, 2022ko uztailean. Argazkia: AFP

 

Etiopia izan zen Bayraktar TB2 droneak 2021ean jaso zituenetako bat. Tigray eskualdeko matxinoak hiribururantz zihoazela, aurre egin eta atzera bidaltzeko arrakastaz erabili zuten. "Harrigarria da pentsatzea drone turkiarrek Afrikako nazio baten erregimenaren erorketaren ala biziraupenaren arteko aldea ezarri dutela. Tripulaziorik gabeko hegazkin horiek nazioen patua erabakitzen duten puntura iritsi gara", dio James Rogersek, Ikasketa Aurreratuen Danimarkako Institutuko gerra-ikasketetako irakasleak.

Urte bereko urrian, Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek bere argazki bat zabaldu zuen, garaile tankeran, Harop drone kamikaze baten ondoan, bere aliatu nagusi den Israelek emana. Drone hori funtsezkoa izan da haien armadak Nagorno Karabakheko gatazkan Armenia garaitzeko. Analista militarrek diote drone hori borrokan sartu izanak armeniarren porrota azkartu zuela. 2023ko irailean 24 orduko bonbardaketa nahikoa izan zen Azerbaijan boteretsuak Nagorno Karabakh –Artsakheko Errepublika ere deitua– mapatik ezabarazteko eta Europak azken hamarkadetan izan duen exodorik handiena eragiteko.

Urte honen hasieran, Baykar enpresa planta bat eraikitzen hasi da Kievetik gertu, lanak urte amaieran amaitzeko asmoa dute, urtean 120 drone inguru sortzeko helburuarekin. Oraindik ez dute argitu ekoizpena TB2 eredua edo TB3 berria eta hobetua eraikitzera bideratuko duten. Gaur egun, Baykarrek mundu osoko 30 herrialde baino gehiagorekin ditu kontratuak.