argia.eus
INPRIMATU
Elisabeth PĂ©rez. Sorkuntzaren defendatzailea
“Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da”
  • Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut ilustratzaileen lana askoz lasaiagoa imajinatzen nuela eta Adimen Artifizial sortzailea jostailu dibertigarria dela pentsatzen nuela. Ezjakintasunean bizitzea zer den!

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta 2024ko apirilaren 17a
Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA
Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA
Elisabeth Pérez Fernández. Barakaldo 1988

Ilustratzailea. EHUn Arte Ederren graduan lizentziatu ondoren Italian ikasi eta lan egin zuen zazpi urtez. Bonito Editorial-aren sortzailea da. Euskal Irudigileak Elkarteko presidentea izan zen lau urtez. Gaur egun Irudika, Nazioarteko Topaketa Profesionaleko zuzendaria eta estatu mailako FADIP, Irudigile Profesionalen Elkarteen Federazioko presidenteordea eta Bilboko Arte Ederretako hezitzailea da. Bilboko Uribarri kalearen 28an Segunda izeneko liburu denda-galeria dauka.

Zergatik irudigile?
Ni langile familia batetik nator eta nahiz eta “artistarik” ez izan, aitak beti izan du margotzeko grina, irakaslea izan arren, eta ama abokatua da, baina oso sormen handikoa. Ilustrazioa ikasi dut istorioekiko nire maitasunarengatik. Jakin nuenean honetara dedikatzen ahal nintzela, karrera amaitu ondoren espezializatzen hasi nintzen.

Nola eta joan zinen Italiara?
Karrerako azken urtean egin nuen Erasmus bat Florentzian eta maitemindu nintzen hiriarekin. Han diseinu grafiko editoriala ikasi nuen eta liburu-objektuaren inguruko Bruno Munariren lana ezagutu nuen. Liburua berehala saldu beharreko produktu bat baino zerbait gehiago moduan ikusten hasi nintzen. Duela sei urte itzuli nintzen hona, baina harremanean jarraitzen dut hango profesional eta lagunekin eta lan asko egiten dut Itailan.

Irudika elkarteko zuzendaria eta sortzaileetako bat zara. Zergatik eta zertarako Irudika?
Euskadiko Irudigileen Elkartetik 2017an sortutako proiektu bat da. Italian bizi nintzela eskaini zidaten ilustratzaileen elkarteko presidente izatea. Lau urtez izan nintzen postu horretan eta orduan abian jarri genuen Irudika. Ikusi nuen harreman gutxi zegoela kanpoko beste profesional eta joerekin. Feria askotan izan naiz eta ezagutzen nuen munduan dagoen aniztasuna, horregatik hona etortzean pentsatu nuen ondo legokeela topaketa moduko bat egitea hemen egiten duguna eta gure kultura erakusteko eta, aldi berean, kanpoan egiten dena ezagutzeko. Irudika da elkargune profesional bat zeinean libururik ez den saltzen. Gure helburua hitz egitea eta gogoeta egitea da. Badakigu zein egoera prekariotan bizi garen sortzaile asko eta, kanpora bidaiatzerik ez duenak, Irudikaren bidez kanpoan egiten den zerbait ezagutzeko aukera izan dezake behintzat.

Irudika urtean behin egiten da Artium museoan. Aurten urriaren 24tik 26ra eginen da zortzigarren edizioa.  Latinoamerikako herrialde bat egonen da, beste bat Europa iparraldekoa eta hirugarren bat Mediterraneokoa.

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA

Nola sortu zen Bonito Editorial?
Ilustratzaile, idazle eta itzultzaileen lan prozesuak motelak dira. Gauzak ongi egiteko denbora behar dugu eta liburuaren sektoreak gero eta azkarrago joan nahi du. Liburuek gero eta gutxiago irauten dute liburu dendetan. Haien bizitza oso laburra da orain eta hori tragedia bat da. Horretaz gain, ikusi nuen kasu batzuetan argitaletxeek mugak jartzen dizkizutela zuk nahi duzun liburua egiteko. Horrek guztiak pentsarazi zidan agian nik neuk egin beharko nituela nire liburuak. Ekintzailetza programa batean aritu ondoren nire zigilu propio eratu nuen, beste egile batzuen bideari jarraikiz (Planeta Tangerina, Katsumi Komagata...).

Espainiako editore onenetako bat, Media Vaca-koa, ilustratzailea da. Ikusi nuen mimo handiz egindako proiektuak normalean sortzaileek eginak zirela eta ez enpresariek.

Sortzaileok autoedizioarena beti harrotasunez bizi izan dugu. Mugimendu hori oso hedatua eta errespetatua da sortzaileen artean, formatua, materialak, inprimaketa eta koadernaketaren aukeraketa liburua edo fanzinearen sormen prozesuaren partetzat hartzeko aukera ematen dizulako.

Gaur egun, aldiz, ospe txarra du, neurri batean autoargitalpenarekin nahasten delako eta enpresa asko sortu direlako diru truk edozein liburu argitaratzen dutenak, eta azkar gainera. Ilustratu gabeko literatura idatzian gertatzen da, gehienbat: inork ez badizu publikatzen, horietako bati ordaindu eta berehala duzu zure liburua eskuan. Baina gauza bat eta bestea bereizi behar dira. Ez da dena nahastu behar.

"Nire liburu guztiek prezio bera dute: 25 euro. Beti saiatzen naiz jendeak liburuarengatik aukeratzea eta ez prezioari begira”

Bonito Editorial sortu nuen nire liburuak egiteko, baina bigarren urtean beste egileen lanak ere argitaratzea erabaki nuen. Hainbat argitaletxerekin lan egiten dut (Erein, Igela, Media Vaca, Veleta Roja...), baina lan bereziak neuk egiten ditut. Saturnina, adibidez, egitea zortzi urte kostatu zaidan liburua da. Nik liburua egitearen prozesuaren kontrola daukat eta gainera lortu dezaket denbora gehiago egon dadin merkatuan ni neu naizelako argitaldaria eta dendetatik kentzeko presarik ez daukadalako.

Nire liburu guztiek prezio bera dute: 25 euro. Beti saiatzen naiz jendeak liburua liburuagaitk aukera dezan eta ez prezioari begira. Inprentan egiten ditudan prozesuak beti hemen Euskadin egiten ditut, dena ikustea gustatzen zaidalako eta niretzat oso garrantzitsua delako Km 0 kontzeptua, baita liburugintzan ere.

Bonito ez dut egin soilik haurrentzako liburuak plazaratzeko. Poesia eta saiakera ilustratua ere lantzen ditugu. Gustatzen zait liburuak motel kozinatzea.

Zenbat liburu egin duzu?
Hamabi ditut banatuak, baina orain beste bi aterako dira. Horietatik erdia nik guztiz eginak dira, ipuinak eta bi olerki liburu.

Hezitzailea zara Bilboko Arte Ederretako museoan. Zer egiten duzu han?
2012an hasi nintzen familientzako programak egiten. Horretaz gain, duela bi urtetik gizarte bazterketa arriskuan dauden bi emakume talderekin ari naiz lanean. Oso interesgarria da. Asteazkenetan biltzen gara museoko lanak aztertzeko eta piezak sortzeko. Emakume horiek ez dute beraientzako denborarik izaten eta ikasten dutenaz gain, bide propioak ere bilatzen dituzte barruan dutena adierazteko. Oso gauza politak ateratzen dira. Beste publiko asko baino askoz esker onekoagoak dira.

Nola dago irudigileen lanbidea hemen?
Sektorea badoa poliki-poliki hobetzen, neurri batean elkartetik egiten den lanarengatik. Zuzendaritza talde bikaina ari da lanean. 170 bat bazkide gara, gehien gehienak Euskal Herrikoak eta kanpoan euskal irudigileen harrobia oso ongi ikusia dela esaten digute askotan. Irudikak ere lagundu du horretan. Den dena ez dago gure esku. Erakundeetatik lagundu beharko lukete gehiago. Gurea aldizkako lana da eta hori oztopo handia da %100ean horretara dedikatu ahal izateko. Kotizazioak, gizarte segurantza... dena ordaintzea oso zaila da guretzat.

Prekarietatea oso orokortuta dago?
Bai, free-lance guztiek badakite oso ondo zer den aldizkako lana. Horregatik denok saiatzen gara gutxienez lan finko bat izaten, nahiz eta xumea izan, autonomoen kuota eta etxea ordaintzeko. Nik, adibidez, gastu finko gehiago ditut hilabeteko sarrerak baino, eta beti ibili behar dut malabarrak egiten. Enkargu txikiak liburuekin konbinatu behar ditugu. Ilustratzaileentzat liburuak egitea politena da, baina normalean gaizkien ordaintzen dena. Prestigio gehien, baina diru gutxien ematen diguna da. Horregatik hamaika tokitan lanean gabiltza, ahal bezala.

Orain arerio berri bat duzu: Adimen Artifizial sortzailea. Arinkeriaz hartzen ari gara kontu hau?
Bai. Hala izatea nahi dutelako. Gehien haserretzen gaituena da hori dena enpresa pribatuetatik sortu dela, eta enpresa horiek sortzaileen kontura ari direla aberasten. AAk sektore sortzaile guztiei eragiten die. Toki guztietan hitz egiten da AAz moda bat balitz bezala eta erakundeek, udalek... nahi dute moda horretara igo. Azaleko informazioa eta arinkeria horrek kalte egiten digu. Botoi bat sakatzea eta obra bat sortzea ezerezetik, nondik dator? Abusu batetik dator. Software enpresa horiek materiala lapurtzen dute Interneten. Erauzketa-meatzaritza egiten dute. Harrapatzen dituzten irudiak datu bihurtzen dituzte gero saltzeko. Ustezko eduki berri horien egiletza eskubideak, gainera, ez dira erabiltzailearenak, softwarearenak baizik. Abokatuak eztabaidan ari dira gaur egun argitzeko nor den egile legala. Esaten dute jatorrizko ordenagailua dela, baina zein da hori? Softwarea entrenatzeko erabili dena edo hori instalatzen duen erabiltzailearena?

ADIMEN ARTIFIZIALA
"Botoi bat sakatzea eta obra bat sortzea ezerezetik, nondik dator? Abusu batetik dator. Software enpresa horiek materiala lapurtzen dute Interneten. Erauzketa-meatzaritza egiten dute"

Jende guztiari esan behar diogu, argi eta garbi, hau arautzen ez den bitartean sortzaileoi galdetu behar digutela ea makinen entrenamendu honetan parte hartu nahi dugun, eta gure lanak erabiltzeko ordaindu eta gure izena aipatu behar duela. Modu horretara egin den “obra” hori beste hainbat lanaren nahasketatik dator. Gure eskakizun hauek ez dira betetzen ari eta bitartean ikusten ari gara nola hainbat udal, azoka eta erakundetan ari diren software horiek erabiltzen zerbait super dibertigarria balitz bezala. Ahoa kulturaz betetzen zaien bitartean, sortzaileak babesik gabe uzten ari dira.

Denok moldatu behar izan dugu digitalizaziora, ados, baina hortik eskubideak urratzera eta intrusismoari ateak irekitzera bada aldea.

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA

Legeek zer diote?
Legerik ez dago, soilik aholkuak. Duela hilabete pare bat Kultura Ministeriotik Adimen Artifzialaren praktika onen gida bat atera zuten oso intentzio onarekin, baina oso erredakzio txarrarekin, nolabait esateagatik. Azkenean, esaten zutena zen erabilpen partziala egin daitekeela, baina ez osorik. Nola ulertzen da hori? Pirateriaren garaian ez zen esaten pirateatzen ahal duzula kontsumitzen duzunaren erdia eta beste erdia ez, adibidez.

Desberdindu behar da AA orokorra eta AA sortzailearen artean. AA egon daiteke programa batzuen barruan, Photoshop edo InDesign, adibidez, baina hori ez da arazoa. Horiek tresnak dira: zuk sartzen duzu zure lana eta zuk zeuk moldatzen duzu nahi duzun bezala. AA sortzailea, aldiz, beste gauza bat da, zureak ez diren edukiak baimenik gabe hartu eta nahi duzun bezala erabiltzen dituzulako. Irudirako Midjourney edo testuetarako Chat GPT, esate baterako, lapurretatik elikatzen dira. FADIPetik Kultura Ministerioko ordezkariekin hitz egin dugu eta orain ari dira testu berria idazten.

"Photoshopekin edo InDesignekin  zeuk moldatzen duzu nahi duzun bezala. AA sortzailearekin zureak ez diren edukiak baimenik gabe hartu eta nahi duzun bezala erabiltzen dituzu. Midjourney edo testuetarako Chat GPT lapurretatik elikatzen dira"

Sortzaileei irakasle lana egitea egokitzen zaizue?
Irakasle izateaz gain, AAren Polizia ere izan behar dugula dirudi, eta ez da batere atsegina. Erakundeekin hitz egiten dugu maiz, baita sortzaileekin ere. Europa mailan beste zenbait irudigile elkarterekin ari gara elkarlanean, eta motel bada ere, zeozer lortzen ari gara.

Lankideen artean ere lan handia egiten ari gara. Batzuetan kosta egiten zaigu azaltzea AA ez dela erreminta bat, erreminta batek ez dituelako eskubideak urratzen. Mailu bat edo edizio digitalerako programa bat erremintak dira, baina ez hau. Bestalde, egile batzuek uste dute jolasteko zerbait dela, intentzio txarrik gabe.

Egileok badakigu nola defendatu honen aurrean. Badira moduak zure lanaren lapurreta saihesteko, irudietan jar daitezkeen bernizak, adibidez, baina hori lan eta gastu gehigarri bat da guretzat.

Lehiaketa publikoetan, adibidez, zer litzateke onena?
AA sortzailea ez erabiltzea ezinbesteko baldintza izatea. Horretarako zinpeko aitorpena eska liteke, beste lan baten plagiorik egin ez dela zin egitea eskatzen den bezala. Egiletza eskubideak urratzen dituen sofwarerik ez dela erabili adierazi beharko lukete parte hartzaileek. Arazoa bikoitza da, ordea: halako deialdiak egiten dituzten askok ez dakite ezer horretaz eta beste batzuei, aldiz, interesatzen zaie halako lanak egotea haien deialdietan.

Artistak babesteko beste modu bat lehiaketetarako dosierrak eskatzea da, eta ez amaitutako kartelak. Horrela, lana duintasunez ordaintzen da, eta eredu gisa sortutako irudietatik abiatuta aukeratzen da, doako lana sustatu gabe.

                                                                               *          *          *

AZKEN HITZA

Kopiaren kopia
“Kapitalismoan bizi gara eta AA sartu digute emaitzak eta irabaziak azkar lortzeko. Sortzaileak bazterrera bultzatzen ari dira, eta horrekin zer lortuko da? On-line meatzaritza erabiltzen duten softwareak erabiliz, gero eta nahasketa-material gehiago dago Interneten. Kopiaren kopiak, gero eta eskasagoak. Hori kultura-sorkuntzaren amaiera izan daiteke.
AA sortzaileaz etorkizuneko tresna dela esaten da, baina bere funtsa da iraganeko sormen lanak lapurtzea. Ez da ez erreminta ezta etorkizunekoa ere. Esperimentazioa bai dela etorkizuna, baina prozesu horiek babesteko eta behar den denbora bermatzeko, sortzaile moduan iraun egin behar dugu".

OFF THE RECORD

LIburuen bizi laburraz
"Historian funtsezko aldaketarik izan ez duen gauza gutxi dago, eta horietako bat da liburua. Orain liburuak azkarregi egin eta saldu nahi dira eta hori ez da ona. Liburua denbora gutxiegi egoten da dendetan eta saltzen ez direnak biltegi batera eraman edo suntsitu egiten dituzte. Lehen erretzen ziren, orain paper pasta egiten da. Gastu horrekin kontatzen da prozesuaren hasieratik. Dendetan denbora gehiago mantentzerik balego, gutxiago suntsituko ziren, baina produkzio ikaragarria dago. Alde batetik ona da zenbat eta ahots gehiago izatea, baina sistema honekin sortzaileak gara galtzen dugunak. Ikaragarrizko lana egin ondoren, hilabete gutxitan asko saldu behar da diru pixka bat kobratzeko".