argia.eus
INPRIMATU
Gorputz hotsak
“Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana”
  • Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak lortzeko eta tristezia ulertzen saiatzeko: “Ezin da tristura medikalizatu, tristura oso konplexua da eta zergatik eta nondik datorren ulertzen saiatu behar dugu”.

Olaia L. Garaialde 2024ko apirilaren 10a
Argazkiak: Daniela Canok utziak.

Kolonbiako Alcalá herriko familia pobre batekoa da Daniela Cano artista eta aktibista. Artera hurbiltzeko baliabide ekonomiko gutxi izan dituen arren, literatura izan da bere babesleku eta gotorlekua: “Ez genuenez dirurik, zabortegi batean jolasten genuen, eta izugarri ongi pasatzen genuen. Bertan aurkitu nuen nire lehenengo liburua, eta orduan jakin nuen literatura izanen zela nire bidea”. Emakume transa da, eta haurtzaroan “oso zoriontsua” zen arren, ez zuen baliabiderik ez informaziorik bere identitatea ulertzeko: “Zalantza asko nituenez, liburuetan bilatzen nituen familiak ez zituen erantzunak”. Horrek guztiak “tristezia sakona” eragin zion: “Gaur egun depresioa deitzen diote, baina niretzako beti tristezia sakona izanen da”.

Literaturen bidez 1927ko belaunaldiko idazleak ezagutu zituen, eta belaunaldi horren parte izan nahi zuen: “Argi nuen 27 urte bete baino lehen hil egingo nintzela, eta laster izan behar nuela obra bat amaituta. Orduan ez nekien oraindik asko nuela kontatzeko”. 13 urterekin bere buruaz beste egiten saiatu zen: “Heriotzarekiko maitasun ikaragarria nuen, eta ezin nien tristeziari eta poeten istorioei ihes egin”.

Pertsona batek bere buruaz beste nola egiten zuen ikusi zuen Canok: “Ezin nuen suizidioa bururik kendu. Nobela bat idatzi nuen, eta nobela horretako pertsonaia batek bere buruaz beste egiten zuen, nik neure buruaz beste egin nahi nuen moduan. Pertsonaia hil zenean askatzea lortu nuen”.

Suizidio saiakeraren ostean izan zuen lehenengo harremana psikiatriarekin: “Egia esan, psikologoek eta psikiatrek ez ninduten asko lagundu, literaturak bai”. Orokorrean psikiatrian botika gehiegi emateko joera dagoela uste du: “Ezin da tristura medikalizatu; tristura oso konplexua da, eta zergatik eta nondik datorren ulertzen saiatu behar dugu. Hala ere, oso zaila da”. Botikek sormena eteten diotenez, botikak hartu ordez nahiago du sortu: “Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana”.

Artibismoa, gizartea eraldatzeko tresna

Literatura ez ezik, beste arte diziplina batzuk lantzen ditu; tartean, dramaturgia. La cortina roja  konpainia sortu zuen Kolonbian: “Ez zegoen beste LGTBIQ+ konpainiarik”. Horren bidez, “aurrez aurreko” aktibismoa egiten zuen Kolonbian: “Artea eta kultura gizartea kontrolatzeko erabiltzen dira, eta soilik dirua eta boterea dutenek eskuratzen dituzte artea eta ezagutza”.

Artea “oso beligerantea” eta haserreak eta nahigabeak eragindakoa zela azaldu du. Kalean poema batzuk banatzen ari zelarik ikusi zuen bere artea “gatazkatsua” eta “arriskutsua” zela. Horietako poema batean, Olerkiekin polizia hil jartzen zuen: “Astebetez ziegan sartu ninduten, bortxatu eta denetarik egin zidaten”. Poliziaren jarrera gizartea kontrolatzeko tresna dela dio: “Hezkuntzaren bidez jendearen pentsamendua zabaltzen da, eta horrek aldaketak eragiten ditu, baina ez dute hori nahi”.

"Artea eta kultura gizartea kontrolatzeko erabiltzen dira, eta soilik dirua eta boterea dutenek eskuratzen dituzte artea eta ezagutza"

Mehatxatuta

Hamabost urtez egon zen martxan La cortina roja konpainia, eta zazpi obra sortu zituen: “Erresistentzia handia zegoen, batez ere akademikoen partetik, baina produktua ona eta egonkorra zen, eta publikoak niregan sinesten zuen”. Urteekin gero eta zailagoa egiten zitzaion konpainiarekin lan egitea, askorentzat “deserosoa” zelako bere lana: “Leku batzuetan ezin nuen aurkeztu, antzokiak mehatxatzen zituztelako; behin, kamioi batean platano artean ezkutatuta atera behar izan nuen antzokitik”.

Gau batean, paramilitarrak etxera sartu eta bera eta bikotekidea mehatxatu zituzten: “Lurraren kontra jarri eta hogeita lau ordutan desagertzen ez baginen  burua moztu eta hil egingo gintuztela esan ziguten”. Maleta eta txakurrak hartu, eta hurrengo goizean ihes egin zuten: “Gau horretan dena galdu genuen”. Salaketa jarri eta hedabideetara deitu zuten gertatutakoa kontatzeko: “Hamar milioi peso eskatzen zituzten nire buruarengatik, eta egunero lagunen bat hiltzen zuten”.

Handik lau egunera, Bogotako jaialdi alternatibora joan ziren ikuskizun bat egin eta dirua lortzeko. Bertan lortutako diruarekin gela bat lortu zuten hilabete baterako. Casa Ensableko –Gaur egun Casa E Borrero– arduradunak Kolonbiatik ihes egin behar zuela esan zion, eta bere lokalean ikuskizunak egiteko aukera eskaini zion: “Hiru hilabete egon nintzen, eta ihes egin nuen”.

Mehatxuak hasi baino lehen nobela bat bidali zuen Madrilgo lehiaketa batera, eta hautatu egin zutenez, Madrilera egin zuen ihes: “Hasiera oso gogorra izan zen, ez neukan deus eta nire buruaz beste egiten saiatu nintzen berriz”. Sistema psikiatrikoan sartu zen berriro ere: “Hasieran ez zidaten idazten uzten, eta hori zen mina eta tristura arintzen laguntzen zidan gauza bakarra”. Madrilera iristea “gogorra” izan bazen ere, Madrilen berriz jaio dela sentitzen du: “Minetik idazteaz aparte, inspiraziotik ere sortu nahi dut”.

GORPUTZEKO ATAL BAT

“Gorputzeko atalik ederrena begiak dira, horien bidez nire arima bere horretan ikusi daitekeelako”.

DANIELA CANOREN OLERKI BAT:

(Behean, euskarara itzulita)

La soledad en los conejos

Si una jaula es mi lugar en el mundo

Voy a caminar en espiral para hacerla infinita

Si solo hay diez pasos hasta la pared

Que me separa del resto

Para que voy a querer amontonar zanahorias

Si van a arrancar mi piel para darle suerte a otro

Si van a a cortar mis patas para volverlas amuletos

Le voy a poner precio a mi cabeza

Si tengo que roer cada eslabón de mi cadena

Hasta que se me partan mis dientes amarillos

Para que todos sepan que cantaba

Que me tendía desnuda en la mitad del camino

Sin temor a las estrellas que miraban

Es que un conejo desnudo no necesita de suerte

Su mero pelaje ya es fortuna

Voy hacia lo negro del profundo bosque

Con los ojos rojos por morder escorpiones

Me quedé sin orejas cuando un cazador

Susurró muy cerca sus cinco palabras

Si Alicia aparece le pediré unas

No volveré a dejar que me toquen el lomo

Esos mercaderes que trafican con besos

Voy a llenar de pepitas toda mi madriguera

Para que su olor aleje a los intrusos

Como un ermitaño beberé raíces

Resolviendo preguntas que yo misma hago

Hasta que un espejo me diga otra vez

Que me quiere ver con un nuevo traje

Bailando la danza de los acertijos

 

Bakardadea untxietan

Nire lekua munduan kaiola bat bada

Espiralean ibiliko naiz amaigabea izan dadin

Besteengandik bereizten nauen hormaraino

Hamar pauso baino ez badaude

Zertarako pilatu nahiko ditut azenarioak

Beste bateri zortea emateko nire azala kenduko badidate

Nire hankak moztuko badituzte amuleto bihurtzeko

Neure buruari prezioa jarriko diot

Nire hortz horiak apurtu arte

Nire kateko kate-maila bakoitza hortzikatu behar badut

Denek jakin dezaten kantatzen nuela

Bidearen erdian biluzik ninduela

Begiratzen zuten izarren beldurrik gabe

Untxi biluzi batek ez du zortearen beharrik

Bere ilajea zoriona da

Baso sakoneko iluntasunerantz noa

Begi gorriekin eskorpioiak jateagatik

Belarririk gabe geratu nintzen

Ehiztari batek oso gertu bere bost hitzak xuxurlatu zizkidanean

Alicia agertzen bada batzuk eskatuko dizkiot

Ez diet berriz utziko bizkarra ukitzen

Musuekin trafikatzen duten merkatari horiek

Pipitaz beteko dut nire gotorlekua

Usainak sudurluzeak uxatu ditzan

Eremutar baten antzera sustraiak edango ditut

Nik neuk egiten ditudan galderak ebatziz

Ispilu batek berriz esan arte

Traje berri batekin ikusi nahi nauela

Asmakizunen dantza dantzatzen