argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Efizientziak gidatuta
Diana Franco 2024ko martxoaren 20a

Ikasle garaian erakutsi zidaten eraginkortasun eta efizientzia hitzen atzean zegoen ezberdintasuna. Garai hartan efizientzia helburu bat iruditzen zitzaidan, gaur egun ez nago hain ziur. Eraldaketa digitalei esker lorturiko efizientziak onura asko ekarri dizkigu, behintzat arrakala digital handirik momentuz pairatzen ez dugunoi, nire kasuan, batez ere kudeaketen eremuan. Aurreko astean ordea, adimen artifizialaren eta efizientziaren inguruan pentsatzen aritu naiz, Hezkuntzan Librezale taldeak duen Telegram talde irekian kide batek honako berria partekatu duenean: “Nvidiako zuzendari nagusiak dio haurrek ez luketela programatzen ikasi behar”(LinuxParty). Hitz hauen atzean dagoen ideia da adimen artifizialak ahalmena duela denok sortzaile bihurtzeko eremu digitalean, eta beraz, jada ez dugula programatzen jakin beharrik, ordenagailu bidez marraztu beharrik, ordenagailu bidez bideoak editatu beharrik, idazten eta irakurtzen jakin beharrik?…

Batzuetan, horrelako baieztapenek larregi izutzen nautela uste dut. Baliteke, halako ideien atzean dauden pertsonek ez bilatzea erosotasunaren izenean gure munduarekiko eta bertan dauden teknologiekiko ulermenaren garrantzia albo batera utz dezagula, gure eragiteko aukerak murriztu ditzagula, eurak, teknologia garatzaile handiak, boterea batzen jarraitzeko bidean. Baliteke, oraingoan gure bizitzetan sartzeko beste Troia Zaldi bat lantzen ez egotea, orain pentsatu ere ezin ditugun negozio ereduak sortzeko bidean ez egotea, gure bizitza eta lanak, inoiz ondo ulertuko ez ditugun zergatiengatik, prekarizatzen diren bitartean. Beharbada, hobe nuke pentsatzea orain nire eskura ez dauden sorkuntza aukera berriak izango ditudala: adibidez deskribapen batekin sortu ahal izatea App bat, irudi bat, webgune bat, bideo-joko bat... Momentuz, bazterretik begiratzen dut, gertatzen ari dena eta horren onurak eta kalteak ondo ulertu barik.